27 FéV. 2022 OSAKIDETZA MOBILIZAZIOETAN Milaka lagun mobilizatu dira Osakidetzaren defentsan Milaka lagun mobilizatu ziren atzo EAEko hiru hiriburuetan Osakidetzaren eta osasun zerbitzu publikoaren defentsan. Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazio bateratuak egin zituzten helburu berarekin: lehen mailako arretaren «kolapsoa» eta Osakidetzaren ospitaleen «gainkarga» publikoki salatzea. Iraide IBARRONDO BILBO Osakidetzako lehen mailako arretako grebaren biharamunean, milaka lagun mobilizatu ziren atzo Bilbon, Gasteizen eta Donostian, zerbitzu horrek pairatzen duen «kolapsoa» eta erietxeetako «gainkarga» salatzeko xedez. Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGTk era bateratuan deitu zituzten hiru hiriburuetako manifestazioak eta Lakuari «berehalako neurriak» har ditzala exijitu zioten. Manifestazioak hasi baino minutu gutxi batzuk lehenago, sindikatu guztietako bozeramaileek ostiraleko lanuztea «guztiz arrakastatsua» izan zela azpimarratu zuten; izan ere, grebalarien tasa beharginen %70ekoa izan zela sostengatzen dute. Hala ere, jarraipenaren datuen aferan, Lakuari greba «zapuzteko» ahaleginean «datu manipulatuak» argitaratu izana leporatu zioten sindikatuek: Lakuak jarraipena %29ra jaitsi eta, gainera, ez zuen greba justifikatutzat jo. Sindikatuen esanetan, Lakuak eta Osasun Sailak %100eko zerbitzu minimoak ezarri zituzten zerbitzu batzuetan, tartean, garbiketan, EAGetako langileentzat, larrialdietan, kontaktuen bilaketan eta jarraipenean, lan arriskuen prebentziorako zerbitzuetan, Prebentzio Medikuntzako atalean eta txertaketan. Hala, ez omen zituzten grebara atxiki nahi, baina ezin izan zuten beharginen greba eskubidea eta atxikimendu nahia kontuan hartu. Dena den, sindikatuak baikor agertu ziren bihar, otsailaren 28an, Osakidetza osoan deituta dagoen lanuzteari begira, jarraipen zabalekoa eta «kristoren greba eguna» izango dela sinetsita baitaude. Eneko Pascualek, Osakidetzako LABeko arduradunak, negoziazioen erritmo motela gaitzetsi zuen: «Negoziazioetan ez dugu inolako aurrerapenik izan eta ezin dugu onartu daukagun prekaritatea. Lan baldintzak jasanezinak dira Osakidetzan eta behin-behineko langileak egonkortu egin behar dira». Zehazki, sindikatuen eskaera da plantillak kontsolidatzea eta 24.600 langilek pairatzen duten behin-behinekotasuna amaitzea, %8ra jaitsiz. Ildo beretik, Satse sindikatuko bozeramailea den Amaia Mayorrek mahai sektorial presentzial eta negoziatzaile baten beharra nabarmendu zuen. «Bertan landuko diren gaiak mamizkoak izan behar dira», gaineratu zuen. Mamizko gaien adibide gisa, langile kopurua handitzea eta egiturazko lantaldea egonkortzea aipatu zituen. Iñigo Garduñok, EAEko CCOOko Osasun eta Sektore Soziosanitarioen Federazioko idazkari nagusiak, bere aldetik, azaldu zuen, ostiralean ez bezala, larunbatean herritarrei egin zietela EAEko hiriburuetako kaleetara irteteko deia: «Gizarte guztiari eragiten dioten murrizketak dira, eta horregatik daude guztiak manifestazio honetara deituta». Izan ere, Garduñok ohartarazi zuen Osakidetzaren «eraispenaren» aurrean gaudela eta, bere adierazpenak berresteko, Basurtuko ospitaleko kirurgia kardiakoaren zentralizazioa eta Gasteizko Santiago erietxeko larrialdi zerbitzuen itxiera gogorarazi zituen. EAEko UGTko osasun arduraduna den Ana Vazquezek arazoa ez dela berria salatu zuen. Hain zuzen ere, Vazquezek jakinarazi zuen «hamarkada bat baino gehiago» daramatela osasun sistema publikoaren murrizketak salatzen eta Osakidetzak «larderiarekin» eta «kasurik egin gabe» erantzun izan diela beti langile zein pazienteen aldarrikapenei. Esther Saavedrak, ELA sindikatuko Osakidetzako arduradunak, aldiz, konponbide estrukturalak eta berehalakoak eskatu zituen. «Azpimarratu nahi dut hau ez dela lan gatazka bat soilik, gure osasun sistema publikoaren etorkizuna jokoan dago. Lan baldintza duinik gabe ez dago kalitatezko zerbitzurik», ohartarazi zuen. Gainera, Lakuak osasun publikoaren «hondatzean» duen erantzukizuna ezkutatu nahi duela salatu zuen. Horiek horrela, konponbideak martxan jartzen ez baldin badira, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri zuen. Bukatzeko, Mayorrek Osakidetzari zein Osasun Sailari beraien jarrera «birbideratzeko» eta langile zein gizartearen aldarrikapenak «kontuak hartzeko» eskatu zien. Era berean, mobilizaziora aurkeztutako herritarren eta gizartearen babesa eskertu zuen. Pentsiodunak, grinaz Pentsiodunen mugimenduak zerbitzu publikoekin duen konpromisoaren erakustaldi bat egin zuen atzo beste behin ere. Bilboko manifestazioaren bukaeran kokatuta, eta ohikoak dituzten kamiseta gorri zein bozgorailuen laguntzaz, «pazienteak gara, ez bezeroak» eta «Osakidetza adi, publikoa ez dago salgai» bezalako leloak grinaz oihukatu zituzten bertaratu ziren ehunka pentsiodunek. Horregatik, manifestazio amaierako mezua irakurtzean, sindikatuek bereziki eskertu zioten pentsiodunen mugimenduari osasun publikoaren defentsan izan duen inplikazioagatik. Itxialditik bi urte igarota, lehen arretaren «kolapsoa» hor dago Bilboko mobilizazioa Bizkaia plazan amaitu zen, Alondegiaren parean, eta bertan irakurri zuten manifestazio amaierako komunikatua sindikatu deitzaileek. Bertan atondutako oholtza txiki batean, Saavedrak salatu zuen Osakidetzak bere langileei «tratu txar sistematikoak» ezartzeko aitzakiatzat erabiltzen duela pandemia: «Osasun alerta jaitsi eta birusak lehenengoz jo gintuenetik bi urte igaro diren arren, lehen arretaren kolapsoa sufritzen jarraitzen dugu eta ospitaleek estututa dihardute». Era berean, langile gutxiago dagoela salatu zuen, eta, jarraian, lanean dauden beharginak «leher eginda» daudela gaineratu zuen. «Ez dago langile nahikorik egungo herritarren osasun beharrei aurre egiteko», argudiatu zuen. Horregatik, Saavedrak osasun langile eta inbertsio faltari atxiki zion Osakidetzaren erabiltzaileek osasun arreta duina izateko «gero eta eragozpen handiagoak» topatzearen arrazoia. «Kolapso eta arreta falta honen aurrean gizarte eta langileen haserrea gero eta nabariagoa da bai azken asteetan deitutako mobilizazioen jarraipen masiboan, eta bai osasun zentroetan irekita ditugun gatazka ugarietan», esplikatu zuen. Bukatzeko, hurbildutakoen inplikazioa goretsi zuen, atzo herritar eta langileen arteko «aliantzak» sortu zirela argudiatuz. GREBA