GARA Euskal Herriko egunkaria

Sexu-jazarpen salaketak gehitu egin dira Herbehereetan

2022a «Me Too» herbeheretarraren urtea izan da. Izan ere, herrialdeko «Ahotsa» kantu lehiaketako partaideek lehen salaketak plazaratu zituztenetik, biktima gehiagok eman dute jazarpen sexuala salatzeko pausoa musika, telebista, futbol eta politikagintza munduan. Herbehereetako Gobernuak jazarpenaren aurkako kultura «zorrotzagoa» ezarriko duela hitzeman du eta kargu berri bat sortu du: jazarpen eta sexu-indarkeria gaietarako mandataria.


2022an, Herbehereetako musika, telebista, futbol eta politikagintza munduan diharduten eta jazarpen sexualaren biktima diren emakumeek aurreko urteetan baino salaketa gehiago aurkeztu dituzte. Izan ere, “Ahotsa” kantu lehiaketako partaideek bertan sufritutako botere abusua eta jazarpen sexuala salatzearen ondorioz programa bertan behera utzi zutenetik, gero eta biktima gehiago ari dira salaketa jartzeko pausoa ematen.

Hain zuzen, Ajax futbol taldera, PvdA alderdi sozialdemokratara edo “De Telegraaf” egunkarira zabaldu ziren akusazioak, besteak beste.

Azken salaketa joan den astean jakinarazi zuten. NPO irrati enpresa publikoak aitortu zuen bere jabetzako sei irratitan sexu-jazarpen kasuak egon direla azken hiru urteetan. Bere presidenteak, Frederieke Leeflangek, ez zuen xehetasun gehiago eman, enpresan «konfidentzialtasuna eta anonimotasuna funtsezkoak» omen direlako.

Salaketa horiei erantzuna emateko xedez, Herbehereetako Gobernuak kargu berri bat sortu du: jazarpen eta sexu-indarkeria gaietarako gobernu mandataria. Mariëtte Hamer sozialdemokratak beteko du kargua eta bere lana Herbehereetan «larderiak eta abusuek lekurik ez dutela» babesten duen kontzientzia eta kultura «segurua» sortzea izango dela aurreratu zuen.

Hamer hiru urtez egongo da karguan eta, oraingoz, «herritar guztiak seguru sentitu daitezen» jarrera zorrotzagoa hartu beharko dela nabarmendu zuen kargua hartzeko ekitaldian. Testuinguru honetan, 30 abeslari herbeheretarrek gutun publiko eta bateratu bat idatzi zuten.

Haren bidez eskatu zuten sexu jazarpena salatzeko aukera gehiago izan daitezela eta musika industriako gizonek «formakuntza feminista» jaso dezatela.

«Ia guztiok dugu istorio bat edo gehiago kontatzeko, dela bat-batean zakila erakutsi zizun ekoizleari buruz, dela 18 urte zenituela zurekin harremanak izan zituen eta 15 urte zaharragoa zen managerrari buruz. Baita ipurmasailen gainean eskua jarri zizun lankide artistaren edo iruzkin desegokiak egiten zituen irrati ekoizlearen inguruan ere», nabarmendu zuten gutunean.