GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA - EUROLIGA

Normaltasuna Israelen topa ote dezake Baskoniak?

Joan den astean Israelek Siria bonbardatu arren, gaur arratsaldeko partida atzerapenik gabe jokatuko da.


Hamasei egun partidarik jokatzeke pasatu eta gero, Bitci Baskoniak gaur arratsaldean 20.05ean Tel Aviven jokatuko du Maccabiren aurka. Joan den ostegunean beharko zukeen gasteiztarren aurreneko partidak Kopako etenaren ostean, baina Errusia eta Ukrainaren arteko gatazka orduan hasi zen eta Euroligak errusiarren norgehiagokak –tartean Saski Baskonia eta Unics Kazanen artekoa– bertan behera laga zituen.

Eraso militarrak egiten dituen herrialde bati kontuak eskatzea zilegi dirudi. Hala, ez da harritzekoa Euroligak atzo CSKA, Zenit eta Unics Kazan –eta Lokomotiv Kuban Eurocupean– lehiaketatik kanporatu izana.

«Gaitzespena» adierazi duten horien artean dago Israelgo Estatua. Hain justu, Errusiaren erasoa gertatu bezperan, Golaneko Gainetatik (Israelek Siriari Sei Eguneko Gerran, 1967ko ekainean, kendutako lurrak) Siriara misilak jaurti eta kalte materialak eragin zituzten israeldarrek, SANA Siriako albiste agentzia ofizialaren arabera. Are gehiago, hilaren 16an Siriako hiriburu Damaskoko hegoaldean dagoen Zakyia hirira ere zenbait misil bota zituzten. Hilaren 22an, Zisjordanian, protestaldi batean 14 urteko mutiko bat hil zuten Israelgo Armadako soldaduek. Mohamed Shehadeh zuen izena, baina ez Euroligak ez bestek ez du ezer esan.

Talde biak krisian

Saski Baskoniak normaltasuna Israelen aurkitu behar al du? Euroligak ez du txintik atera, ezta ateratzeko esperantzarik ere. Bitartean, Neven Spahijarenek 2022ko aurreneko garaipena bilatuko dute Euroligan.

Gasteiztarrak sailkapeneko azken-aurrekoak dira, 7-17 balantzea aldean dutela. Alabaina, Maccabi bera ere ez dabil oso fin. Euroligan jokatu dituen azken sei neurketetatik lau irabazi ditu, baina barneko krisia bizitzen ari da; Israelgo Kopako finalerdiak galdu egin zituen Tel Aviveko taldeak eta, ondorioz, Sfairopoulos entrenatzailea taldetik kendu zuten israeldarrek.

Joaneko lehian, azaroaren 5ean, 69-87 nagusitu zen Maccabi, uztaipeko jokalariek nahi izan zutena eginda. «Partida hau prestatzeko nahikoa denbora izan dugu eta prest gaude lehiatzeko», bota zuen atzo Neven Spahijak. Normaltasuna eta garaipena ere ekarriko ahal ditu Israelera egin beharreko bisitak!