GARA Euskal Herriko egunkaria
GREBA OSAKIDETZAN

«Osasun sistemaren oinarria lehen arreta da»

Osakidetzako langileek beste greba egun bat egin zuten atzo, osasun sistema publikoaren «prekarizazioa eta pribatizazioa» salatzeko. Grebaren arrazoiei eta azken urteetako egoerari buruz, Jabi Hernado mediku erretiratuak eta Lorea Larrañaga familia-medikuak hitz egin zuten NAIZ Irratiko mikrofonoen aurrean.


Joan den ostiralean lehen arretan egindako grebaren ondoren, atzo Osakidetzako sare osoan berriz ere greba egin zuten, ELA, LAB, CCOO, UGT eta Satse sindikatuek deituta. Gainera, joan den larunbatean, otsailak 26, milaka lagun mobilizatu ziren Bilbon, Donostian eta Gasteizen «Osakidetzaren desegitea, prekarizazioa eta pribatizazioa» salatzeko eta Lakuako Osasun Sailak «egungo egoera larriari» buelta emateko aurrerapausoak eman ditzala eskatzeko.

Egoera horri buruz hitz egin zuten atzo, NAIZ Irratiko mikrofonoetan, abuztuan erretiroa hartu zuen Jabi Hernando medikuak eta Lorea Larrañagak, egun Ondarroako osasun zentroan familia-mediku lanean ari denak. Biek esan zuten Osakidetzak gaur egun duen egoera covidaren pandemia hasi aurretik datorrela, nahiz eta azken bi urteak «bereziki gogorrak» izan diren. Larrañagaren ustez, pandemia hasi zenetik «lan karga itzela» izan dute Osakidetzako langileek. «Sistema ez zegoen prest inondik inora eduki duguna jasotzeko», azpimarratu zuen medikuak.

Bestetik, Hernandok gogoratu zuen 38 urteko ibilbide profesionalean egoera desberdinak bizi behar izan zituela baina, bere esanetan, «aldaketa bat egon zen duela 10 edo 12 urte; handik hona, arreta pixka bat okertzen joan da eta azken urteak okerrenak izan dira». Alde horretatik, «lehen arretaren garrantzia» aldarrikatu zuen eta Lakuako Gobernuari neurriak hartzeko eskatu zion, hala nola «duela 40 urteko antolakuntza eredua» birplanteatzea, baita «profesionalen eginkizunak» ere; profesionalen ratioa («erizainak eta administrariak gehienbat») gehitzea edo kontratazio-politika aldatzea.

Azken puntuari dagokionez, Larrañagak salatu zuen badituela lankideak «urtean hogei kontratu desberdin sinatzen dituztenak». Beste batzuek «azken urtean gainkarga hau ezin gestionatuta, zuzenean medikuntza» utzi dute eta «beste arlo batzuetan» sartu dira. Hernando ere bat etorri zen arazo horrekin: «Orain esaten ari dira medikurik ez dagoela. Medikuak formatzen ari dira eta medikuak egon badaude, baina jende askok beste irtenbide batzuk hartzen ditu, zeren Osakidetzan dauzkaten aukerak ez dira onak. Hilabete bat hemen baldintza txarretan eta beste hilabete bat beste nonbait egon behar dutenez, beste zerbitzu batzuetara joaten dira, hala nola osasun pribatura, seguruetara... Alde egiten dute hemendik».

Gurutzetako larrialdiak

Horregatik, Hernandok politikariei eskatu zien barneratzeko «lehen arreta dela osasun sistemaren oinarria eta indartu behar dela». Modu berean, Larrañagak adierazi zuen «lehen arreta indartsu bat eduki behar dela. Horrekin bat datozen aurrekontuak behar ditugu. Osasunaren Mundu Erakundeak lehen arretarako osasungintzaren aurrekontuen %25 izan behar dela dio, eta EAEn, gaur egun, %14 da».

Halaber, Gurutzetako Larrialdien Asanbladak “Oso erreta gaude” lelopean hainbat mobilizazio egin zituen atzo. «Aspalditik gaude sekulako lan kargarekin eta langileok batzea erabaki genuen, egoera aztertu eta konponbidea bilatzeko», adierazi zuen NAIZ Irratian Asanbladako kide batek. Eskakizun nagusiak egiturazko lantalde handiagoa izatea, kalitatezko formakuntza eta protokolo argiak edukitzea dira. «Egoera larria dago osasun sistema osoan, baina zerbitzu batzuetan bereziki. Gainezka egin dugu bai fisikoki bai psikologikoki», aipatu zuen.

 

Adierazpenak

«Osasunaren Mundu Erakundeak lehen arretarako osasungintzaren aurrekontuen %25 izan behar dela dio, eta EAEn, gaur egun, %14 da»»

LOREA LARRAÑAGA

Familia-medikua

 

«Orain esaten ari dira medikurik ez dagoela. Medikuak formatzen ari dira eta medikuak egon badaude, baina jende askok beste irtenbide batzuk hartzen ditu, zeren Osakidetzan dauzkaten aukerak ez dira onak»

JABI HERNANDO

Mediku erretiratua