GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Mendizorrotzak nahitaez irabazi beharreko partida

Sailkapenean aurretik duen Granada harrapatu eta jaitsiera postuetatik ihes egiteko aukera du talde babazorroak, bolada ezin eskasagoan dagoen aurkariaren aurka zaleen babesa ziurtaturik dutela.


ALAVES-GRANADA

Jokalariek ez ezik, Mendizorrotza osoak nahitaez irabazi beharreko partida dute gaur eguerdian, Lehen Mailari eusteko erronkan bizirik jarraitu nahi badute behintzat. Mendilibarren etorreratik, zaleen babesean jokatutako sei partidetatik bakarra galdu dute babazorroek, baina sailkapenean hiru puntura duten taldearen aurka berdintzea ez da nahikoa. Aspaldiko partez, azken hiru postuetatik ihes egiteko aukera du Alavesek hurrengo asteko etenaldiaren aurretik baina, Zaldibarkoak atzo esan bezala, emozioak ondo kudeatu beharreko zita da andaluziarren aurkakoa, azken segundo arte borrokatu eta kontzentratuta egon beharrekoa.

Momentuz, haizea alde duela ekingo dio Gloriosok norgehiagokari, Mendizorrotza bete egingo delako eta, zaleen aupada beti da garrantzitsua; batez ere, gauzak zail daudenean. Irabazteak izan behar du lehen helburua baina, gerta daitekeena aurreikusiz, joaneko 2-1eko emaitza ere kontuan hartu beharreko zerbait izan daiteke.

Goitik behera

Urak nahasi samar datoz Granada aldean eta entrenatzaile aldaketak ez du, momentuz, andaluziarren bolada kaskarra eteteko balio izan. Elxen aurka 0-1 galdu eta gero, hamar dira Los Carmenesekoek irabazi gabe daramatzaten partidak eta azken zortzi partidetatik zazpi galdu dituzte. Alavesek golak sartzeko arazoak baditu, Torrecillaren jokalarienak ez dira txikiagoak, azken zazpi partidetan bi baino ez baitituzte sartu.

Aspaldiko partez, partida erabakigarri honetarako jokalari guztiak prest izango ditu Jose Luis Mendilibarrek eta Saul Garcia eta John Guidetti izango dira deialditik kanpo utziko dituenak. Hasierako hamaikakoari dagokionez, badirudi atzealdean ez dela aldaketarik izango, baina erdialdean zalantza handiagoak daude. Escalante eta Loum taldera itzul daitezke eta Edgar eta Loumen artean egon daiteke eskuin hegalean nork jokatu. Zaldibarkoak joko eskema aldatu eta bi aurrelarirekin jokatzea ere baztertu ezin daitekeen aukera da.