23 MAR. 2022 Estatuaren biktimak aitortzeko epea berriz irekitzea eskatu dute GARA DONOSTIA EAEko 12/2016 Legearen –Estatuaren indarkeriak eragindako Biktimen Legea– garapenak jasotako emaitzak baloratzeko eta etorkizunari buruzko zenbait gomendio aurkezteko Foro Sozial Iraunkorreko Nekane Altzelaik eta Agus Hernanek prentsaurrekoa eman zuten atzo Donostian. Zehazki, aitortza eskaerak aurkezteko epea berriz ere irekitzeko eskatu zuten. Egiari Zorrek ere aukera hori aipatu zuen NAIZi emandako elkarrizketan, emaitzak eskasak zirela egiaztatuz gero. Altzelaik eta Hernanek azaldu zutenez, Foro Sozialaren helburua mota guztietako biktimenganako diskriminazioa gainditzea da, «izan hitzezkoak edo ekintzazkoak». «2021a presoen harreraren gaia behin betiko ixteko beharrezko baldintzak sortuz amaitu genuen. Orain, beste biktima batzuk jasaten dituzten diskriminazio adierazpenak gainditzeko pauso erabakigarriak emateko garaia da, Estatuaren indarkerien biktimek, hain zuzen ere», zehaztu zuten. Joan den abenduan bukatu zen 12/2016 Legearen babesean aitortza eskaerak aurkezteko epea. Ostean, Lakuak jakinarazi du 710 eskaera aurkeztu eta onartu direla tramitatzeko (jakina denez, beste 500 polizia eta guardia zibilek egin zituzten iruzur eginez, legearen helburua desitxuratzeko asmoz). «Kopuru horrek erakusten du oraindik ere bide luzea egin behar dela biktima horien aitortzarako. Horregatik, balorazio gazi-gozoa egin behar dugu», esan zuen Foroak. Izan ere, aitortza eskaera egin duten biktimak oraindik gutxi direla adierazi dute. «Estatuaren indarkeriek 366 hildako, 1.172 zauritu eta 4.113 tortura kasu (ofizialki aitortuak) eragin dituzte. Horietatik 88 hildako eta 66 zauritu onartuak zeuden aurreko dekretuen bidez. Hau da, Estatuaren biktimen %13k bakarrik eman dute aitortza eskaerak aurkezteko pausoa», azaldu zuten. Kopuru txiki horren atzean hiru arrazoi nagusi identifikatu dituzte, eta jakinarazi zuten horiek gainditzeko bidean jartzeko proposamenak egingo dituztela. Lehen arazoa biktimek justiziarekiko duten «mesfidantza» da. «Identifikatutako Estatuaren 366 biktimetatik, %38 argitu gabeko kasuak dira. Eta esan beharra dago argitu gabeko kasu horiek agenda publikotik kanpo daudela». Bigarren arazoa biktimok instituzioetako politiken gainean duten «konfiantza haustura sakona» da, eta, hirugarrena, «abandonatuta egotearen sentsazio sakona, bigarren mailako biktima izatearen sentsazioa eta etengabeko birbiktimizazioa». Gainera, Estatuaren indarkerien biktimentzat justiziaren bidea itxita dagoela salatu zuten, «bai epaitegietan baita Sekretu Ofizialen Legean ere. Horrek erabateko inpunitatea sortzen du». Gomendioak Egoera ikusita, gomendio batzuk egin ditu Foro Sozial Iraunkorrak. Lehena, aitortza eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea. Horrekin batera, komunikazio kanpaina egokia egin beharko litzatekeela uste du, «bai eta biktimei laguntzeko hurbileko zerbitzu bat martxan jarri ere, bitarteko eta prestakuntza egokiekin». Gainera, Balorazio Batzordeari lan baliabide gehiago eman behar zaizkiola uste du Foro Sozialak, «orain arte jasotako 710 espedienteak arrazoizko epe batean ebazteko, epea luzatu gabe, zeren eta luzatzeak segurtasun falta eragingo lieke biktimei». Lakuak, azkenik, espedienteak ebaztearekin batera, biktimei konfiantza emateko erreparazio ekimenak antolatu beharko lituzke Foro Sozialaren ustez. INPUNITATEA Foro Sozialak salatu duenez, Estatuaren biktimentzat itxita dago justiziaren bidea, «bai epaitegietan baita Sekretu Ofizialen Legean ere. Horrek erabateko inpunitatea sortzen du».