GARA Euskal Herriko egunkaria
54 HILABETE MAUTHAUSEN

JOSE MARI AGIRRE: 4553 ZENBAKIA

Jose Mari Agirre Salaberriak gazte hartu zuen fusila errepublikanoen bandoan. Ihes egin zuenean, nazismoarekin egin zuen topo eta kontzentrazio-esparru batetik bestera ibili zen, bereziki gogorra zen Austriako gune horretara iritsi zen arte.


Mauthausen kontzentrazio- esparruak bereziki gogorra zen ospea zuen, bertara joanez gero gutxi ateratzen baitziren bizirik. Izan ere, datu ofizialen arabera, 80.000 besterik ez ziren bertatik onik atera eta baliteke hildakoak 300.000 baino gehiago izatea. Bizirik atera zirenetako bat izan zen Jose Mari Agirre Salaberria miliziano etxebarritarra.

Kontzentrazio-esparruak askatutakoan Mallorcara joan zen lasai bizitzera, eta, 2009an 90 urterekin hil zen arte, nazien erregimenaren ondorioz jasandakoaren berri eman zuen eskatu zioten guztietan. Orain bera ez dago, baina bada halakorik berriro ez gertatzeko sarraskia gogorarazteko lanaren lekukoa hartu duenik. Asteburuan haren omenezko ekitaldiak egingo dituzte, Ahaztuen Oroimena Markinaldeko Frontea 1936 elkartearen ekimenez.

Bihar, 18.30ean, Etxebarriko pilotalekuko kultur aretoan hitzaldia emango du Etxahun Galparsoro Ansola historialariak, kontzentrazio-esparruetan izan ziren Lea-Artibaiko herritarrei buruz. Igandean, leku berean eta eguerdian, aitortza omenaldia egingo diote Jose Mari Agirre Salaberriari.

Horretaz gain, Etxebarriko etxeetara miliziano ohiaren inguruko liburuxka bat bidali dute, Galparsorok idatzia, biografia labur gisa, urteetan zehar berari buruz argitaratutakoa biltzen duena, tartean bere hitzekin jasotako pasadizoak. Liburuxkan kontatzen da zer bizi behar izan zuten Mauthausenera deportatutako presoek.

«Deportatuen kontuarekin urteak daramatzat. 2020an liburu bat argitaratu nuen, ‘Bilbao en Mauthausen’. Protagonista Marcelino Bilbao da, Jose Mariren koinatua», azaldu dio GARAri historialariak. Urte berean, Gogora Institutuak nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako euskal herritarrei buruzko txostena enkargatu zion. Orain Etxebarriko bizilagunen ekimenez berreskuratu du bere ikerketa, Agirre omentzeko garaia badela eta.

Urte gozoen amaiera

1919ko martxoaren 25ean jaio zen, Egixarre baserrian. Bost anai-arrebetatik zaharrena zen. Baserria bere ardatza izango zen betiko, nahiz eta urte gutxi eman zituen bertan, familia Irunera mugitu baitzen. 1936ko gerrak hankaz gora jarri zuen euren bizitza; Jose Mari, 17 urtekoa, eta bere aita, adin militarrean zeuden bi gizonak, Kataluniara bidali zituzten errepublikazaleekin borrokatzera. Ama eta anai-arreba txikiak, berriz, Poitiersera eraman zituzten.

Aita gerran hil zen, eta gerra garaian ezagutu zuen gerora bere emazte bilakatuko zena, Marina Garcia Rissech. 1939. urtean, Francoren tropen aurrerapausoekin batera, Agirrek Estatu frantsesera ihes egin zuen, eta bertan errefuxiatu gisa hartu zuten.

Errepublikanoak Rosellongo hondartzetan kokatu zituzten kontzentrazio-esparruetara eraman zituzten lehenik: «Frantziako agintariek gaizkile eta infekziosoak bagina bezala jokatu zuten gurekin: hondartzetan zokoratu gintuzten, arantza-alanbrezko hesiz inguratuta, eta zaintzaileak jarri zizkiguten inguruan, horietako asko senegaldarrak. Saint-Cyprienen izan nintzen, otsaileko hotzetik babesteko aterperik gabe. Han lagun asko hil ziren hotzak jota edo beste beharrizan batzuengatik», kontatzen zuen.

Hilabete batzuen ostean, euskaldunak Gursen eraikitzen ari ziren esparrura eraman zituzten. Bidean ezagututako Marcelino Bilbaorekin batera sartu zen bertan. Berarekin eta Irungo zenbait lagunekin partekatu zuen barraka. Ordurako Bigarren Mundu Gerra hastear zegoen eta Gobernu frantserarentzat errefuxiatu horiek guztiak bertan izatea arazo bilakatu zen. Hala, horiek Estatu frantsesetik ateratzeko prozesua hasi zuten; Estatu espainolera itzultzen saiatu ziren lehenik. Gerra piztu zenean, Frantziako Armadan izena ematera behartu zituzten. Marcelino eta Jose Mari Landetara joatekoak ziren, egurgile, baina Okzitaniako Septfondseko kontzentrazio-esparrura eraman zituzten horren ordez. Gursen baino egoera gogorragoa bizi izan zuten bertan, Frantziako Armadan sartzeari uko egiten zioten errefuxiatuak pilatzeko eremua baitzen. Handik alde egiteko, Armadan izena eman zuten azkenik.

Heriotzara kondenatuak

Gerran jardun zuten, beraz, 1940ko ekainean naziek Thaon-les-Vosges herrian preso hartu zituzten arte. Estrasburgora oinez joatera behartu zituzten naziek, 100 kilometro baino gehiago eginez. Irailean naziek Estatu espainoleko errepublikanoak kondenatzeko agindua eman zuten, eta kontzentrazio-esparruetara eraman zituzten, trenez.

Hurrengo egunean, ordura arte ezezaguna zen herri batera iritsi ziren, Mauthausenera. «Spanier» (espainiar) hitzaren s letra josi behar izan zuen bere jantzian, 4553 zenbakiaren alboan. Mauthausen izenak amesgaiztoak sortuko zituen gerora, bertan gertatzen zena jakin zenean. Izan ere, presoak hiltzeko moduak askotarikoak ziren, tortura hutsak gehienak.

«Mauthausenen inork ez zuen bizirik iraun behar bospasei hilabete baino gehiago; nekeak jota hiltzea zegoen, edo elurretan eta euripean orduak emanda, harrobiaren hondora amilarazten ez bazintuzten, alanbre-hesi elektrifikatura bultzatzen ez bazintuzten, makilakaden ondorioz hiltzen ez bazintuzten. Bizirik irautea lortzen bazenuen, hautaketa-proba batean parte hartu behar zenuen: esparruko preso guztiak hamarnaka lerroetan jartzen gintuzten, txikienetik handienera, azterketa fisikoa egiteko. Gaixorik zegoenari heriotza-zigorra ezartzen zioten, nahiz eta heriotza-zigorra etengabea izan! Nire lehenengo azterketan eskuekin masailak estutu nituen gorri-gorri egin arte, azal osasuntsua nuela ikusarazteko, eta baliteke orduantxe bizia salbatzea horrexegatik», gogoratzen zuen Agirrek.

Behin hilzorian egon zen. Erisipela gaixotasuna harrapatu zuenean erizaindegira eraman zuten. Baina bertan gaixoak sendatu baino, haiekin probak egiten zituzten. Hiltzeko modu bat bihotzean gasolina injektatzea zen, eta Jose Mari izutu egin zen injekzio bat prestatzen ari zirela ikusi zuenean. Zorionez, jarri ziona mediku lanetan zebilen preso katalan bat zen, bere ezaguna, eta ez kezkatzeko esan zion. Erraustegiaren alboan zegoen gela batean utzi zuten ondoren, hildako batekin ohea partekatzen.

Presoaldian zehar alemana ikasteko aukera izan zuen etxebarritarrak, eta hori ondo etorri zitzaion, eraikuntza lanak egiten zituen talde batean itzultzaile izateko hartu baitzuten. Tuneletan sartuta bonbardaketetatik salbu zeuden eta, gainera, elikadura hobea jasotzen zuten. Egiten zituzten tunelek gero bertan armak egiteko balioko zuten.

Ahaztezina ahazteko saiakera

1945eko maiatzean, kontzentrazio-esparruen askapen egunera onik iritsi zen. Amesgaiztoa amaitu zen, baina Estatu espainoleko erbesteratuekin ez zekiten zer egin; etxera bidaltzen bazituzten, zer nolako etorkizuna izango zuten frankismo garaian? Azkenean Estatu frantsesak errefuxiatuak berriro hartzea erabaki zuen, eta Parisera bidali zituen.

Ekainean, Agirre bere familiarekin elkartu ahal izan zen berriro, Irungo etxetik alde egin eta bederatzi urtera. Marcelino Bilbao lagunak ere lortu zuen Mauthausenetik onik ateratzea eta bere etxean agertu zen, nora joan ez zekiela. Normaltasunera itzultzea lortu zutenean, Marcelino Jose Mariren arreba Mercedesekin ezkondu zen, eta Jose Mari bere bikotekide Marinarekin berriro elkartu zenean, Balearretara joatea erabaki zuten, Palmara, turismoan lan egitera. Bertan zerotik hasi ahal izan zen, Mauthausenen 54 hilabetean zehar bizitakoak atzean utzita.