Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Berrogeialdien belaunaldia

Berrogeialditik berrogeialdira gabiltza aste santu zer hori bistara dela. Pandemiak behartutako berrogeialdia, Ertzaintza ospatzera doan berrogei urteko aldia, inbasioan betetzeko den berrogei eguneko aldia, hainbat produktutan prezioaren igoerak ehuneko berrogeikoak izan dira, hainbat konpainia handitan irabazien igoeraren bestekoak… Bada hori, berrogeialdien belaunaldia da gurea, eta etorriko direnena ere bide beretik joango da hain erraz esaten den trantsizioa ez badugu benetan gauzatzen pausoz pauso, etenik gabe, datorrena datorrela.

Bertsolariarena gogoan: berrogeialdian jartzean probatzen da zelakoa den gizartea … eta gobernantza! Eta bertsolaritzarena ere gogoan: Atzekoz Aurrera! Izan ere, gaurko geroa atzoko iraganetik datorrenez bestelako geroak iraganeko apustu askoren eraispena behar du abiapuntu. Helmugara begira egin behar dugu gaurko bidea, atzoko inertzia historiarako utzita. Hortaz, ganorazko gerora Itzulia egiteko etapaz etapa baino Korrikaren ekimen jarraia dugu erreferente, egunez eta gauez ekin.

Total, Ertzaintzak 40 urte! “Zure ondoan”, irakurri dut nonbait. Ondoan? Bai zera! Ez dute ba urrunetik botatzen gomazko pilota! Eta gero Legebiltzarrean horren protokoloaz galdetu oposizioak eta hara! Sailburuak ezetz, hori konfidentziala dela. Konfidentzialean ezin konfiantza eraiki. San Joan pasatu zait burutik, gaurko oposizioa, zenbat gutun ez ote zien korintoarrei, Segurtasun Saila, bidali eta hauek erantzun ez. Amen! Eta Geografia ere kaltetua. Ez dute ba Iberiar penintsula uharte bihurtu! Egia esan, lehendik ere bazen uharte migratzaileentzat, batzuk Mediterraneoko uretan hil eta beste batzuk Bidasokoetan. Baina orain energia uharte bihurtu! Eta Pirinioetako glaziarrak gorritu egin dira; Saharako loessa dela esan dute, baina lotsaz izan dela esango nik…