GARA Euskal Herriko egunkaria
REALA

Iparragirrek eta Torrek Donostian jarraituko dute

«Oso gustura» daudela adierazi dute, «txikitan amestutako lekuan» baitaude.


Iraia Iparragirre eta Maddi Torrek beste urtebeterako luzatu dute kontratua Realarekin. Ekainean bukatzen zitzaien kontratua bi jokalariei eta biak ala biak bat etorri dira klub txuri-urdinarekin zeukaten kontratua beste urtebeterako luzatzerakoan. Albiste «pozgarritzat» jo zuten luzapena bi atzelariek.

«Txikitako ametsa» betetzen ari dela esan zuen Iparragirrek klubari eskainitako adierazpenetan eta kapitainaren besokoa «harrotasunez» eta erantzukizunez daramala nabarmendu zuen. Era berean, «klubak eskaini» dion «konfiantza» hurrengo denboraldian ahalik eta ondoen itzultzea espero du lasartearrak. Izan ere, oso kontuan hartzekoa iruditzen zaio min hartuta dagoela jakinik –eskuin orkatilako maleoloa hautsi ostean ebakuntza gelatik pasa behar izan zuen duela kasik hilabete–, Realak beste urtebeterako kontratua eskaintzea.

Nerea Eizagirre eta Amaiur Sarriegirekin batera, Iparragirre eta Torre ere taldeko kapitainak dira, erreferenteak, eta guztien jarraipena ziurtatu izana garrantzitsutzat jotzen dute bi jokalariek. «Gure esperientzia helarazten saiatzen gara, batez ere gazteei. Taldean erreferenteak izatea garrantzitsua da, taldearentzat onuragarria da etxeko jendea edukitzea, euskaldunak, eta pozik gaude gure rolarekin», nabarmendu zuen donostiarrak.

Iraia Iparragirre 2015. urtean iritsi zen Realera, Añorgatik. Ordutik, etengabe hazten joan da Lasarte-Oriako jokalaria eta klubak eskuratu zuen lehendabiziko Kopako denboraldi hartan (2018-2019an) pieza garrantzitsua bilakatu zen taldearentzat. Azken bi urteetan, oro har, partida gutxiago jokatu ditu, baina taldearen izaeraren isla argia bilakatu da.

Maddi Torre, bestalde, 2018an iritsi zen talde txuri-urdinera. Athleticen aritu ostean Santa Teresa joan zen eta, jarraian, Betisera. Realean emandako lehen bi denboraldietan 20 partidatik gora jokatu zituen, azken bietan, aldiz, taldean zeukan garrantzia murrizten joan da. Nolanahi ere, aurten iaz baino minutu gehiago eman dizkio Natalia Arroyok, nahiz eta tarteka arazo fisikoek jarraitutasuna izatea oztopatu dioten.

Donostiarraren ustez, taldea «prest» dago denboraldiko azken txanparako. Bost partidaren faltan, bigarren dago Reala eta Txapeldunen Liga jokatzetik oso gertu dago –pasa den igandean garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Huelvan–: «Presiopean jokatu beharra dugu, eta gustatzen zaigu, prest gaude; gainera, momentu ezin hobean harrapatzen gaitu Ligako azken txanpa honek». 

Iparragirreren ustez Realaren proiektua urtero hazten joan da eta egungo denboraldian egiten ari diren «lan polita» hazkunde horren emaitza da. Orain arte modura jarraituz gero, «gauza politak» etorri daitezkeela aurreratu du lasartearrak.

Berrikuntzaz berrikuntza

Pasa den denboraldian hamar jokalarik ez zuten Realean jarraitu, horietariko gehienek, gainera, taldean jarraitzeko eskaintzak zituzten. Ondorioz, zalaparta piztu zen aurreko udaran talde txuri-urdinean, baina oraingoa lasaiagoa izango den zantzuak daude. Nerea Eizagirre eta Amaiur Sarriegi bezalako ikurrek berritu izana sekulako albiste pozgarria izan zen –lehenengoak 2023. urtera arte eta bigarrenak 2025era arte–. Natalia Arroyo entrenatzailearen bueltan eraikitako proiektuak segida izango du, teknikari kataluniarrak ere beste bi urterako berritu baitzuen kontratua 2021a amaitu aurretik. Gema Gili eta Sanni Franssik ere Donostian jarraituko dute; valentziarrak, gutxienez, 2023ra arte, eta, finlandiarrak, 2024ra arte.

Berritzeko geratzen direnen artean, Ane Etxezarreta beasaindarra eta Nuria Rabano galiziarra daude. Biak ala biak aurtengo hasierako hamaikakoan garrantzi handia daukaten jokalariak dira. Rabano ezker hegalaren jabe da Donostiara heldu zenetik eta beasaindarra lekua egiten joan da, Arroyorentzat giltzarri bilakatu arte.

Txuri-urdinek erronka handia daukate aurretik. Izan ere, Ligako bigarren postuari eutsi nahi diote, honek zuzenean ematen baitu Txapeldunen Liga jokatzeko aukera. Historikoa litzateke klub txuri-urdinarentzat. Zazpi puntuko aldea dauka Realak hirugarrenarekiko eta bederatzikoa hazten ari den Real Madrilekiko (partida bat gutxiago). Hemendik eta maiatza erdialderaino, Madril CFF (etxean, larunbat honetan 12.30ean), Sevilla (kanpoan), Rayo Vallecano (etxean), UD Granadilla (kanpoan) eta Alaves (etxean) izango dira txuri-urdinen azken aurkariak.