GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIKO ESKIA

Podiumak ez die ihes egin euskal eskiatzaileei

EMFren selekzioak hiru domina lortu ditu Espainiako Txapelketan.


Mendiko eskiko denboraldiak aurrera jarraitzen du, eta iragan asteburuan bi hitzordu ofizial jokatu ziren. Hain zuzen ere, FEDMEk antolatutako Espainiako Txapelketak. Eta pluralean jartzen dugu bi modalitate jokatu zirelako: erreleboak eta taldekako lehia.

Candanchura bertaratutako 150 lehiakideek eguraldi egonkorra lagun izan zuten. Eguzkiak ondo berotu zituen hango bazterrak, eta, ondorioz, eskiatzaileek ahaleginak eta bi egin behar izan zituzten elurraren baldintzak kudeatzeko. Euskal eskiatzaileen jardunari dagokienez, hiru podium erdietsi zituzten.

Lehen lehia egunean, erreleboek hartu zuten protagonismoa. Hasiera-hasieratik, selekzio andaluziarrak indartsuena zela erakutsi zuen, eta errelebo guztietan buruan joan zen. Ana Alonso, Nico Molina eta Pablo Ruiz de Almironentzat izan zen urrea. Euskal ordezkariak ere, lehen postuetan ibili ziren. Irabazlearengandik gertuen Igone Campos, Rafa Urbizu eta Iñigo Martinez de Albornozek osatutako hirukotea ibili zen; brontzea lortu zuten. Nahia Quincoces, Jon Ander Aranburu eta Axier Alonso, berriz, bosgarrenak izan ziren. Eta Carlota Martinez de Albornoz, Elur Zaldua eta Aitor Ugarte, zazpigarrenak.

Garaipen solidarioa

Erreleboen hitzorduak taldekakoari eman zion lekukoa. Gizonetan, Albert Perez eta Jordi Alis katalanak izan ziren azkarrenak (2:16:05). Martinez de Albornoz eta Alonsok hirugarren postua lortu zuten, irabazleengandik hamar minutura. Urbizuk eta Aranburuk seigarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Nesketan soilik talde batek hartu zuen parte; hain zuzen, Quincoces eta Camposek osatutakoak. Hitzordu ofizialetan, eskuarki, Ana Alonso eta Fatima de Diego ere aritu ohi dira, baina mistoan lehiatzea erabaki zuten Candanchun. Bestalde, aipatzekoa da txapelketa jokatzen ari zela une solidario bat izan bizi izan zela. Une jakin batean, lehiatzen ari zen eskiatzaile batek istripua izan zuen, eta aipatu lau eskiatzaileek, eta mistoan Alonso eta De Diegorekin ari ziren Nicolas Molinak eta Ion Garciak, jarduna eten eta min hartutako eskiatzaileari laguntza ematea erabaki zuten. Ondorioz, ezarritako denbora mugatik kanpo geratu ziren. Alabaina, antolatzaileek ezbeharra gertatu zen unean hiru taldeok zituzten postuak kontuan hartzea erabaki zuen.

Quincoces eta Campos, beraz, lehenak (eta bakarrak) izan ziren nesken kategorian. Mistoan, Leire Ezpeleta eta Mikel Navarro izan ziren euskal eskiatzaile onenak. Mutiletan, azkenik, Martinez de Albornoz eta Alonso hirugarren izan ziren. Urbizu eta Aranburu, berriz, seigarren. 20 urtez azpikoetan Zaldua eta Ugarte bosgarrenak izan ziren.