GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

309. kilometroan elkartuko gara


Iruñeko Udalak Korrika txikiei errepidetik igarotzea debekatu die; gaztetxoak euskararen aldeko karrera espaloitik egitera behartu ditu. Ustez segurtasun arrazoietan oinarritutako erabakiak, hain justu, kontrakoa eragin dezake, espaloitik gora eta behera korrika aritzeak arriskua ekar baitezake parte hartzaileentzat. Larriena, baina, bestelako arriskua da; alegia, Korrika txikietan parte hartu behar duten haurrei bazterretara kondenatu nahi dituztela sentiaraztea.

Hamaika urteko Sarrigureneko haurraz oroitu naiz. Pandemiako erabateko itxialdiaren ostean, parkera irten zitekeen lehen egunak zirela, irain eta eraso transfoboa pairatu zuen. Etxera itzuli eta ez zuen gehiago irten izan nahi. Espazioa okupatzeko eskubidea urratu zioten hamaika urteko haurrari.

Espazioa lapurtu eta espaloitik joatera behartutako haurrengan errudun sentsazioa eraginen dute, bide okerretik dabiltzan sentsazioa, bazterrekoen sentsazioa.

Baina bazterretakoak gara eta bazterrak nahasteko jaioak gara.

Bihar, Korrika Gasteiztik igarotzen denean, Lumagorri elkartearen kilometroan elkartuko gara. Lekukoa trans ekintzaile gazteek eramanen dute eta bazterretara kondenatutako oro bilduko da euren ibilbidera. Bihar, 309. kilometroan elkartuko gara eta gureak diren kaleak okupatuko ditugu.