GARA Euskal Herriko egunkaria

Palestinarren etsipenak atea zabal diezaioke bertan Estatu Islamikoari


Israeldarrak izututa daude azken egunetan 15 hildako eragin dituzten atentatuen ondorioz. Lehenengoa, martxoaren 22an Negeveko basamortuan kotxe batekin eta labankadaka egin zuen palesti- nar batek. Bigarrenean. aurreko igandean Haderan, Israelgo iparraldean, arabiar komando batek egin zuen tiroka. Biak bere gain hartu dit Estatu Islamikoak (ISIS).

Herenegun ere beste eraso bat izan zen, Tel Aviv hiriburuaren inguruko Bnei Brak herri ortodoxoan, oraindik ere inork bere gain hartu ez duena. Hori bai, Hamasek eta Jihad Islamikoak txalotu egin dute erasoa, aurreko bietan egin zuten moduan. Palestinako Aginte Nazionalak, ordea, atentatua gaitzetsi egin du. Israelek ziurtatu duenez, Poliziak hildako erasotzaileak Al-Fatah alderdi historikoaren erakunde armatuarekin lotura zuen. Al-Fatah alderdiaren goi agintaria Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea bera da.

Denborak esango du aurreko erasoen mimetizazio kasu baten aurrean gauden ala zerbait gehiago dagoen atzean. Kontuan izan behar da, gainera, Estatu Islamikoak ohitura duela taldeak berak zuzenean egin ez dituen erasoak ere bere gain hartzeko. Dena dela, palestinarrek sobera motibo dituzte irainduta sentitzeko –eta ez dut esaten zibilen aurkako erasoak justifikatzeko–.

Herrien etsipena da Estatu Islamikoaren lagunik onena, Iraken eta Sirian ikusi zen bezala, edo Tindufeko basamortuan sahararren kanpamentuetan atzeman zen bezala, hainbat gaztek Estatu Islamikoarekin borrokatzera alde egin zutenean. Hamasek kontrolpean du Estatu Islamikoa Gazan. Bertako tribu edo klan bat jihadistekin harremanetan jarri zen duela urte batzuk, baina Anaia Musulman palestinarrek errotik moztu zuten saiakera, hilketekin, atxiloketekin eta mehatxuekin. Zisjordanian, berriz, Palestinako Aginte Nazionalaren eta Abbasen ustelkeriak eta politikeriak palestinarrak guztiz atsekabetuta dauzka. Bien bitartean, Israelen bizi diren palestinarren artean ere muturra sartzeko aukera ikusi dute jihadistek.

Bazeuden, gure artean ere, Estatu Islamikoa Mendebaldeak sortutako erakundea dela ziotenak, eta Israeli ez ziotela eraso egiten erabiltzen zuten argudio gisa. Saiatuko dira besteren bat bilatzen.

Israelek, dena den, aurre egingo dio Estatu Islamikoaren mehatxuari edo behintzat horrekin bizitzen ikasiko du.

Arazoa palestinarrek dute. Erasoak txalotuko dituzte, baina, ugaltzen baldin badira, palestinar herriaren borroka guztiz desitxuratuko da eta nazioartean duten babes eskasa ezerezean geldituko da. Ez da horrelako zerbait gertatzen den lehendabiziko aldia izango. Galde diezaietela bestela txetxeniarrei, edota siriarrei…