GARA Euskal Herriko egunkaria

Salomon Uharteek Txinarekin sinatutako segurtasun akordioak Mendebaldeko bere aliatuak asaldatu ditu


Salomon Uharteek Txinarekin sinatu duten segurtasun akordioak asaldatu egin ditu Mendebaldeko aliatuak, Hego Pazifikoan presentzia militar txinatarra izateko bidea erraztuko duen beldur baitira. Filtratu den testuaren arabera, Txinak itsas- eta segurtasun-hedapenak egin ahal izango ditu Ozeano Bareko artxipelago horretan. Bereziki, ontzi txinatarrak Salomon Uharteetara iristea aurreikusten du, «hornikuntza logistikoak eta eskalak egiteko».

Gainera, Txinako Polizia zabal liteke bertara, Salomon Uharteek eskatuta, «ordena soziala» mantentzen dela bermatzeko. Txinako indarrek baimena izango dute Txinako langileen segurtasuna eta artxipelagoaren proiektu nagusiak babesteko. Australiako operazio bateratuen buru Greg Bilton teniente jeneralak esan zuen itunak Canberrak Ozeano Barean egingo dituen esku-hartzeak aldatuko dituela. AEBak eta Australia aspalditik kezkatuta daude Txinak Hego Pazifikoan itsasontzi-base bat eraiki dezakeela-eta. Manasseh Sogavare Salomon Uharteetako lehen ministroak ziurtatu zuen ez duela Txinari «base militar bat eraikitzeko eskatzeko inolako asmorik», eta «iraingarritzat» jo zuen «barne-arazoak kudeatzeko gai ez den herrialdetzat hartzea edo gure interes nazionala ez diren beste motibazio batzuk ditugula esatea».

Mikronesiako Estatu Federatuetako presidente David Panuelok akordioa berraztertzeko eskatu zuen, Pazifikoko uharteak «potentzia handien arteko etorkizuneko gatazka baten erdigune bihurtuko ote diren» beldurrez.