GARA Euskal Herriko egunkaria
ERRUGBIA

Gernikak maila ez galtzeko bere aukerei eutsi nahi die

CR La Vilaren hutsegiteaz gain, Ciencias edo El Salvador liderra gainditubeharko dute bizkaitarrek Urbietan, oraindik etxean irabazi ez duten arren.


Bizitza komedia edo tragedia dela esaten dute. Edalontzia erdi beteta edo erdi hutsik ikus daitekeela. «Aurtengo urtea atzekoz aurrera doakigu. Jokalariak fitxatu eta ekartzeko orduan, sekulako arazoak izan ditugu paperekin eta abarrekin. Dela covid-19a... Aurkari ‘erraz’ guztiak etxetik kanpo aurkitu ditugu eta Urbietan, berriz, Ligako oilar denak», esan du Iker Olaeta Gernika Errugbi Taldeko kapitainak. Esan liteke orduan edalontzia erdi hutsik ikusten duela jokalari bizkaitarrak? Ezta gutxiagorik ere!

«Urtarriletik taldeak egin duen gorakada ikustekoa da! Orain elkarri esaten diogu ‘lastima denboraldiak bost jardunaldi gehiago ez dituela!’ Hala balitz, ziur nago sailkapenaren erdialdean amaituko genukeela!», adierazi du Olaetak.

Errugbi Ligako Ohorezko Mailako azken postuan daude «basurdeak», 14 jardunaldiren ostean 12 puntu baino ez dituztela. Bi jardunaldi falta dira Liga Erregularra amaitzeko eta, beraz, bi jardunaldiotan orain arte egin ez duena egin beharko du talde bizkaitarrak: etxean irabazi eta azken-aurreko postura salto egin, CR La Vilak egun betetzen duen postua, 14 punturekin. Hala egingo balu, zuzenean mailaz jaistea saihestuko lukete gernikarrek eta, bere txarrean, maila mantentzeko «play-out» bat jokatzeko eskubidea izango lukete.

La Vilak gaur 16.30ean El Salvador liderra jasoko du bere zelaian, Valentzian. Bertan gertatzen dena gertatzen dela, bizkaitarrek bihar eguerdian, Urbietan, Ciencias Enerside taldearen bisita izaten dutenerako beren aurkari zuzenenaren emaitza jakingo dute.

«El Salvador ez da alferrik liderra eta La Vilari irabaz diezaioke. Baina, bestetik, Ciencias Liga txapelketako bosgarrena da eta ez da Urbietara igande pasa etorriko. Geurea egin behar dugu etxean, badelako garaia etxean ere irabazteko», gaineratu du Olaetak.

«Atzekoz aurrerako» denboraldi honen beste adibide bat etxean irabazi ezina da, joan den udan mailaz igo eta gero.

Garaipen bat eskaini

«Igoera faseetan izan ezik, joan den denboraldi osoan ezin izan zuten zaleek gure partidak ikustera joan, eta azaldu ziren partida biak Urbietatik kanpo izan ziren. Aurten, berriz, jendea etorri da eta guk ezin garaipenik eskaini orain arte», onartu du, penatuta, «basurdeen» kapitainak.

Bizkaitarrek erdietsi dituzten garaipen biak etxetik kanpo lortu dituzte, eta horrek ere ikuspegi baikorra izateko modua ematen dio Olaetari. «Etxean Ordiziaren kontra –15-16– azkenengo jokaldian galdu genuen. Eskuan geneukan eta ‘drop’ bat sartu zuten. Zer egin dezakegu horren kontra? Beste bizpahiru partida ere bost puntu baino gutxiagogatik galdu ditugu etxean. Atera bagenitu, honezkero sailkapenaren erdian geundeke», esan du.

«Baina joan den asteburuan Les Abellesen zelaian 80. minutura galtzen iritsi ginen, eta galduta, bigarren mailako taldea ginateke. Zer da kontua eta orduan lortu genuen entsegua –24-26–. Orain, zergatik ez diogu ba buelta emango?», gaineratu du Olaetak.

«Sinistu! Bete dezagun Urbieta» leloa hartuta, Gernika Errugbi Taldeak biharko partida erabili gura du sailkapena iraultzeko.

«Jende asko dago klubaren atzean eta ikusi dugu aste honetan zehar nola animatu gaituzten kalean. Horrek guri ere presioa sartzen digu, baina ikusten dugulako taldea bizirik dagoela», onartu du «basurdeen» kapitainak.