GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPEAK

Druko iparraldeko horman ekarpen nabarmena egin dute

Joan den hilean, Tom Seccombe eta Tom Livingstonek osatutako sokadak «Voie des guides»-i puntu gorria jarri zion. Marra hori era askean igo eta gero (M8+), alpinistek diote orain arte egin duten jarduera gogorrenetarikoa izan dela.


Druko iparraldeko murru luzea Chamonixeko ingurumarian dagoen ikusgarrienetako bat da. Makina bat zirrikitu zabaldu dituzte; horietako batzuk, alpinismoaren historian leku berezia hartu dutenak. Eta badirudi, gaur egun ere, ekarpen berriek ez dutela hutsik egiten.

Joan den hilean, esaterako, zintzilik zegoen proiektu bat itxi da. Zehazki esanda, Tom Seccombe eta Tom Livingstone eskalatzaileek xede handi bat biribildu dute. Hain zuzen ere, sokada horrek “Voie des guides”-i puntu gorria jarri dio. Eta era askean igo ondoren, 850 metro luze den marra horri M8+ maila eman diote.

Zalantzarik gabe, jardun horri azpimarra berezia jarri behar zaio. Batetik, lehen lerroko alpinista batzuk helburu hori lortzen saiatu direlako. Eta bestetik, Alpeetako mistoko bideen artean zailenetariko bat bihurtu delako.

Livingstone bera proiektu horren bultzatzaile nagusia izan da, eta berak esan du inoiz egin duen Alpeetako bide gogorrenetarikoa izan dela. Helburu hori sinatu ahal izateko, lan eskerga egin behar izan du. Denera, hiru ekinaldi. Rob Smithekin egin zuen lehena; bigarrena, aldiz, Matt Glennekin.

Gogoratu behar dugu mistoko bide horren lehen igoeraren protagonistak Yannick Seigneur, Michel Feuillerade, Jean-Paul Paris eta Claude Jager izan zirela. Aurpegi ikoniko horretan, 1967. urtean, “Voie des guides” sortu zuten.

Era askean igotzeko lehen saioak nahiko berandu iritsi ziren. Ingurumari horretako bi espezialista indartsuk, Jeff Mercier eta Korra Pescek, lan ederra egin zuten 2012. urtean. Baina etxera esku hutsik itzuli ziren. Chamonixeko Groupe Militaire de Haute Montange taldeko ordezkari batzuek (hauek ere goi mailakoak) beste ekinaldi batean ez zuten arrakastarik erdietsi.

Eta aurreratu dugun bezala, Seccombek eta Livingstonek lortu dute “sari” preziatua. Livingstonek berak onartu du Druko bideari puntu gorria jartzea asko kosta egin zaiola. «Lehen bi ekinaldietan asko sufritu nuen. Lehenbizikoan, muturreko hotza egin zuen, eta erreskatatu behar izan gintuzten. Bigarrena ere antzekoa izan zen. Hotzari aurre egiteko, arropa asko eraman genuen. Lehen saioaren puntu altuena gainditu eta lehen M8+ mailako luzearen aurrean geunden. Baina gauerako egin ziguten pronostikoa ez zen batere atsegina: -21ºko tenperatura. Atzera egitea erabaki genuen», azaldu du Livingstonek.

M8+ zailtasuna

Hirugarren eta azken ekinaldia ezberdina izan zen oso. Martxoaren hasierarekin, bi alpinistok “Voie des guides”-eko oinarrian jarri ziren: «Aurreko saioetan ez bezala, tenperatura askoz ere epelagoa zen. Lehen eskalada egunean, luze guztiak librean eskalatu eta gero, erabat harritu nintzen aurrean genituen sekzioak oso bertikalak zirelako. Zoritxarrez, ez zegoen bibak egoki bat egiteko lekurik, eta hala moduzko gaua igaro genuen».

Bigarren egunean, berriz, lehen luzeetan Seccombe sokaburu joan zen. “Kuartzozko beta” bezala ezaguna den tartera pendulu bat egiten iritsi zen. Livingstonek era askean igotzeko aukera izan zuen, eta, ondoren, M8+ mailako bigarren luzeari ekin zion. «Puntu horretan argi nuen dena eman behar nuela bide horretan arrakasta lortzeko. M8+ zailtasuneko luze hori bi metroko sabai batean amaitzen da. Bitxia izan zen sabai horretan pioleten laguntzarekin zintzilik egotea; Druko amildegiak “izutu” ninduen!», azaldu du.

Nahiz eta ez zuten aurreikusi, azken bibak bat egin behar izan zuten. Biharamunean, Livingstonek geratzen ziren luze gogorrenak gainditu zituen. Pozarren, sokada horrek gailurra zapaldu eta azken hamarraldiotan zintzilik geratzen zen xede bat itxi zuen.