12 MAI 2022 AZKEN PUNTUA Zaborrontziak Aitziber Pz. Karkamo Kazetaria Badira zenbait aste Iruñerriko zabor bilketarako sistema berriari ekin ziotela. Organikoa eta bestelako hondakinen ontziak aldatu dituzte. Bizilagun bakoitzaren datuak dituen txartel edo aplikazio baten bidez zabaldu behar ditugu ontziak, poltsak bertan jaurtitzeko. Hilabete eskas igarota, Mankomunitatearen gutun bat jaso dugu etxean, errieta eginez, ontzien kanpoaldean zabor eta hondakin ugari pilatzen den auzoetako bat garela esanez. Sistema honi onurak ikusi nahi dizkiogunon kolaborazio jarrera hasieratik ikusi ahal izan den moduan, bestelako jarrera hartu dutenen jokabidea ere begi bistan da honezkero. Ospitaleen ondoko auzoa da gurea eta horrek zer pentsatu eman dit. Igaro ditugun azken bi urteetan, minaren, heriotzaren, beldurraren eta osasun sistemaren desgastearen lekuko zuzenak izan garen auzoan, publikoa denarekiko errespetu eskasa erakusten ari gara, ezer gutxi ikasi dugula berretsiz. Bien bitartean, Bilboko zabortegi batean gazte baten gorpua topatu dute. Etxerik gabeko bizitza batek lo egiteko lekua besterik ez zuen bilatzen eta han, inork joan nahi ez duen tokian, amaitu du. Zabortegietan bizitza gehiegi galdu ditugu azken urteotan. Eta pentsatzen hasi naiz; zaborra kanpoan uzten duten horiek ez ote dira izanen zaborrontzietara jaurtitzen duguna eta horien barruan usteltzen dena ikusi nahi ez duten berberak.