GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Anaitako ordezkari finaren agurra

Xabier Etxeberriak goi mailako eskubaloia utziko du talde iruindarrarekin hamarkada batez baino gehiagoz Asobalen jokatu ostean.


«Denboraldi hasieran buruan bueltaka nuen erretiratzeko ideia eta jardunaldiak aurrera joan ahala, ideia hori ontzen joan zen. Eskubaloian jokatzea asko gustatzen zait, baina nire bizitza pertsonalean bigarren plano batean geratzen joan da». Halaxe agurtu du goi mailako eskubaloia Xabier Etxeberriak, Anaitasunako ordezkari onenak. Hamaika denboraldi eman ditu talde iruindarrarekin Asobalen lehiatzen, eta indartsu datozen gazteei lekua egiteko garaia heldu dela iritzi du, bai eta bere bizitza pertsonalean egonkortasuna bilatzekoa ere: «Etorkizun egonkor bat bilatzen saiatzen nabil eta, horretarako, uste dut, lehen urratsa eskubaloia uztea dela».

Jubenila zela iritsi zen Anaitasunara eta 2012an egin zuen debuta goi mailan. Ordutik, eta egungo txapelketa bukatzeko bi jardunaldiren faltan, 270 aldiz defendatu du Anaitasunaren elastikoa eta 371 gol sartu ditu. «Egiazki oso pozik» eta «harro» amaitu du bere ibilbidea. Bere hastapenak gogoratzean aitortu du «helburua ondo entrenatzea eta akatsik ez egitea» zela. Urte hauetan guztietan «harrobia hazten ikusi dut, proiektu sendo batekin, oinarritik hasita».

Onartu du azken denboraldi hau gogorra izan dela, ez baitituzte hasiera batean aurreikusita zituzten helburuak lortu. Nolanahi ere, «joko bizkorra, polita eta ikuslearentzako erakargarria» egiteagatik gustura geratu da, «kirol minorizatu batean ezinbesteko» osagaiak direla iritzita.

Entrenatzaile, presidente eta eskubaloi arloko arduradunaren eskertza jaso zuen Uhartekoak atzo eguerdian emandako prentsaurrekoan. «Eredugarri» izan dela bat etorri ziren guztiak. Bere postu berean jokatzen duen Alvaro Gastonek ere mezu bidezko oroigarria eskaini zion, elkarren arteko harreman onaren erakusgarri.

Gaurko partidan (Logroñoren aurka, 17.00etan) klubak oroigarria eskainiko dio, bai eta taldean jarraituko ez duten beste lau jokalariei ere: Ander Izquierdo, Juan del Arco, Hector Gonzalez eta Pavel Bulkin.

Bidasoa eta Zuazoren partidak

Bidasoa-Irunek ere etxeko lan guztiak bete ditu bi jardunaldiren faltan, baina bigarren postua defendatzea izango du erronka nagusia. Huescara egingo du bisita, Bartzelona nagusi den txapelketa batean txapeldunorde geratzeak ematen duen harrotasuna jokoan izanik.

Zuazok, bestalde, Lasesarreko azken partida jokatuko du. Salud Tenerife izango dute aurkari barakaldarrek, jada maila galdu duen aurkaria, alegia. Malagan meritu handiko puntua eskuratu zuten eta oraindik eskura daukate zortzigarren postua.

bera bera se luce para recibir el trofeo

En un partido sin ninguna tensión competitiva, Bera Bera se lució para darle brillo a la entrega del trofeo correspondiente a su octava liga, obtenido ya hace un par de semanas imponiéndose por 30 a 16 al ya descendido Morvedre en el Gasca.

GARA