GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA

Adrian Ballinger-ek Makalun arrasto handia utzi berri du

Hilaren 8an, alpinista eta mendi gidari britainiar-estatubatuarrak munduko bosgarren mendi garaiena eskiekin jaitsi zuen. Hori egitenlehena izan da. Ballingerrek onartu du jarduera gogorra izan dela; besteak beste, Makalu oso teknikoa eta zaila delako.


Himalaiako zortzimilakoetan ia mendizale gehienek nahikoa dute esku artean duten helburua oinez igo eta jaistearekin. Baina badira bakan batzuk helburu zehatz bat dutenak: tontorretik eskiekin jaisten saiatzen dira. Eskuarki, ez dute arrakastarik izaten edo xedea erabat biribildu gabe geratzen da. Baina denboraldi honetan, batek, Adrian Ballingerrek, aukera izan du Makalu oinez igo eta eskiekin jaisteko.

Gainera, historia egin du; izan ere, alpinista eta mendi gidari britainiar-estatubatuarra munduko bosgarren mendi garaiena eskiekin jaisten duen lehena izan da. Hori gutxi ez, eta Dorji Sonam Sherparekin eta Pasang Sona Sherparekin Makaluko tontorra zapaltzen denboraldi honetako lehen alpinista izan da.

Maiatzaren 8an, 9.00etan, Makaluko gailurrean ziren. Igoera ez zen batere samurra izan; besteak beste, eguraldiak ez zien batere lagundu. Tontorra egin eta Ballingerrek soilik hamar minutuko atsedena hartu zuen. Arriskutsua den gailurreria oinez zeharkatu, eskiak jarri eta jaitsierari ekin zion.

Gogoratu behar dugu protagonista honek izaera horretako jardueretan eskarmentu handia duela. Zortzimilakoei dagokienez, bi jaitsiera integral egin ditu: Manaslukoa (2001) eta Cho Oyukoa (2013 eta 2016): «Zortzimilako bat oinez igo eta, ondoren, eskiekin jaistea niretzat egundoko erronka da; asko erakartzen nauena. Bi jarduera horiek lotzea prozesu natural bat izan da. Manaslun eta Cho Oyun arrakasta izan nuen; ez, ordea, Lhotsen eta Everesten. Makalun berriro dena ondo atera zait. Mendi horrek aspalditik harrapatu nau. Oso handia eta teknikoa da. Gainera, orain arte eskiekin jaitsi gabe zegoen».

2.500 metroko desnibela duen jaitsiera horretan eskiatzaileak aldats oso pikoei aurre egin behar izan zien: «Hasiera ez da oso zaila, baina ‘frantziarren korridorean’ sartu eta 15 metroko rappel bat egiteko eskiak kendu nituen. Aldats horren baldintzak txarrak ziren, eta, gainera, korridore horretatik mendizale batzuk igotzen ari ziren. Tarte hori gainditu eta hirugarren kanpalekura arte eskiatu nuen. Elurra oso gogor zegoen, eta arreta handiz jaitsi nintzen. Kanpaleku horretan etenaldia egin nuen, batez ere, oinak berotzeko eta kafe pixka bat hartzeko».

Oso gogorra

Hirugarren kanpalekua atzean utzi eta ibilbide horrek duen sekzio arriskutsuenean sartu zen. Hots, hirugarren eta bigarren kanpalekuen artean dagoen Makalu La-ko murru izoztua.

Sekzio horretan 25 mendizale eta xerpekin gurutzatu zen: «Igotzen ari ziren mendizaleen bidetik oso gertu geratu nintzen. Soka finkoetatik gertu nengoen, batez ere ibilbidean ez galtzeko. Une oso dibertigarriak izan ziren. Bira asko egin behar izan nituen mendizale horiek saihestu ahal izateko. Batzuk oso emozionatuta zeuden; beste batzuek, aldiz, erotuta nengoela zioten».

Bigarren kanpalekutik aurrera, ibilbideak, askoz ere samurragoa izateaz gain, ez du arrisku berezirik: « Azken metro horietan asko gozatu nuen. Glaziarraren oinarrira iritsi nintzenean, eskiak kendu eta oinez kanpaleku nagusira abiatu nintzen. Eskarmentu oso aberatsa izan zen. 2.500 metroko jaitsieran soilik 15 metroko rappel bat egin nuen. Espero nuen baino askoz ere zailagoa izan da. Elurra oso gogorra zegoen, eta bira batzuetan ezustekoak hartu nituen. Oso emozionatuta nago eginiko lanarekin. Kanpaleku nagusira leher eginda iritsi nintzen; fisikoki txikituta».

Ballingerrek ia itxi du zortzimilakoetan dagoen etapa bat. Eta hori diogu soilik mendi erraldoi bat geratzen delako eskiekin jaisteko: Kangchenjunga. Eskiatzaileak dio momentuz Makaluko jarduerarekin gozatu nahi duela: «Ez dut baztertzen, ordea, Kangchenjurara joatea».