Andoni ARABAOLAZA
ARGAZKI LEHIAKETA

Yhabril Morok irabazi du CVCEPhotoren zortzigarren edizioa

Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako nazioarteko argazki lehiaketan bizkaitarra nagusitu da «Young Gun» irudiarekin. Denera, 62 herrialdetako mila argazki inguru jaso ditu. Atzo egin zen sari-banaketa ekitaldia.

Zortzigarren edizioa iragana da, eta beste behin ere erakutsi du CVCEPhoto nazioarteko argazki lehiaketa, sendotuta egoteaz gain, maila handikoa dela. Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako ekimen honek atzo bertan egin zuen sari-banaketa ekitaldian argi eta garbi geratu zen hori. Gipuzkoako hiriburuan dagoen Antzoki Zaharrean bildutako guztiek ere gauza bera berretsi zuten. Datua erabat objektiboa da: ikusi eta saritu diren argazkiek indar zein kalitate handikoak dira.

Eta 63 herrialdetatik aurkeztutako mila irudien artean, batek izan zuen benetako protagonismoa: Yhabril Mororen “Young Gun”-ek. Bigarren saritua Paul Zizka izan zen, “Fenetre hivernale”-rekin. Eta hirugarrena, berriz, Jose Allende, “Burning desert”-ekin.

Hirurak ala hirurak CVCEPhotoren jarraitzaile guztientzat aski ezagunak dira. Adibidez, Zizka kanadarrak badaki zer den irabaztea. Moro eta Allende, berriz, podiumean izan dira. Eta lehen aldiz, gainera, euskal argazkilari bat gailendu da; izan ere, Moro gorliztarra dugu.

Atzoko ekitaldian, irudi sarituak eta finalistak ikusteaz gain, “The White Dream” filmaz gozatzeko aukera egon zen. Hots, Mendi Film Jaialdiko azken edizioan argazkilaritza onenaren saria jaso zuena. Sari banaketan gogoratu zenez, 20 argazki sarituak Donostiako Bulebarrean “zintzilikatu” dituzte tamaina erraldoian.

Galaren ostean, CVCEPhotoko zuzendari Rafa Elorzak zortzigarren ekitaldiaren inguruko lehen balorazio bat egin zion GARAri: «Kantitate gutxiago jaso dugu, baina kalitate handiko asko eta asko. Alde horretatik, esan behar dut argazki lehiaketa honek ospea jaso duela zortzi urteotan. Eta pausoz pauso sendotzen joan da mendi kiroletako nazioarteko argazkilarien aurrean. Iazko edizioak atzerriko hedabideetan izan zuen oihartzunak munduan zehar ikusgai jarri zituen irudiak eta irudi horien egileak. Eta parte-hartzaileek hori kontuan hartzen dute».

Hiru emakumezko

Gogora dezagun “mendi jarduera” dela CVCEPhotoren DNA. Eta saritu diren argazkilarien artean batzuek-batzuek argi utzi dute beraien lana eite horretan oinarritzen dutela. Elorzak berak baieztatu digu irudien mailari, bederen, eutsi egin zaiola: «Argazkilari bakoitzak bere espezialitatea du, eta horretan buru-belarri dabil. Azpimarratzekoa izan daiteke hirugarren saria. Jose Allende beti saiatzen da ikuspuntu edo gai berriak bilatzen. Gainera, azken orduan eginiko irudiak bidaltzen dizkigu; hots, beste leku batzuetan ikusi ez direnak. Eta hori asko eskertzen da. Horrelako lehiaketa batean sormena eta originaltasuna kontuan hartu behar dira beti».

Kalitatea eta maila ziurtatuta daude, eta epaimahaiak ere argi utzi du podiuma lortu duten irudiak horren isla direla. Mororen “Young Gun”-i buruz esan du zailtasun teknikoa duten hainbat eite elkartzen dituela: eskiatzailearen jauzia eta jarrera, argiaren aurka behar bezala argiztatzea, altxatutako elur hautsaren distira, egunsentia koloreztatua...

Zizkaren “Fenetre hivernale”, berriz, misteriotsua da: «Zulotxo batetik errealitatea begiratzen du, baina zulotxoak ere beste errealitate bat erakusten digu: izotzak duen ehundurak biribiltzen du argazkia. Urrutiko eta gertuko bi ikuspegi horiek protagonismoa dute. Ez da erraza izaten teknikoki bi planoak hain ongi erakustea eta lotzea».

Allenderen “Burning desert”-en izenburuak dena esaten du: «Basamortuko sutea adierazi nahi digu, baita lortu ere. Zizkarenak ez bezala, aurreko planoan belarren desenfokea bilatzen du egileak; urruti dagoenaren menpe jarriz, existitzen ez den zerbait erakusteko, teknikaren bitartez errealitate berri bat sortzeko eta, horren bitartez, subjektibitateari ateak parez pare zabalduz».

CVCEPhotoko zuzendariari “gogorarazi” diogu nazioarteko izaera duen lehiaketa euskal argazkilari batek irabazi duela, eta galdetu ere ze iritzi duen horren inguruan: «Euskal Herrian natura-argazkilaritzak maila polita du. Eta Yhabril ez dago bakarrik. Honakook aipatuko nituzke: Paulo Garikano, Mikel Sarasola, Carlos de Cos, Iñaki Larrea, Felix Urrutia... Estatu mailan ere gauza bera ikusten ari gara; zortzi saritu espainiarrak dira. Hori da pixkanaka irabazi duguna. Aurreko edizioetan arrakasta handiagoa genuen atzerrian. Alabaina, berdin dio. Hemengoa edo urrutikoa izan, argazkiaren kalitatea da balio duena».

Irudi saritu guztiak ikusi ondoren, beste eite batek piztu zuen arreta bildutakoen artean. Nahiz eta azken urteotan emakumezko batzuk sarituak izan diren, haien parte-hartzea oso txikia izan da. Azken honetan, aldiz, sarituen artean hiru neska daude. Elorzak berak gai honi azpimarra berezia jarri nahi izan dio: «Gizarteko beste arlo batzuetan bezala, mendian ere emakumeen presentzia gora egiten ari da. Eta, jakina, argazkilaritzan ez dira atzean geratzen. Azken zazpi edizioetan soilik bi emakumezkok jaso zuten sariren bat: Krystle Wright australiarrak eta Kasia Biernacka poloniarrak. Hortaz, poz handia hartu dugu aurtengo hiru neska sarituekin: Julia Roger-Veyerrekin, Anna Ivannovarekin eta Florencia Corradorekin».

Protagonisten artean, beste bi aipatu behar ditugu. Gogoratu behar dugu bi mendi zinemaldi kolaboratzaileren sariak jasotzen dituela lehiaketa honek. Mendi Film saria Sandi Bertoncelj-entzat “Ski is life” irudiagatik, eta FIFAD saria berriro ere Mororentzat “Moondreams”-engatik.

Amaitzeko, Elorzak esan digu CVCEPhotoko talde guztia indartuta atera dela azken edizio honetatik: «Antzoki Zaharra erabat beteta egon da, eta ikusten ari gara lehiaketa hau oso sendotuta dagoela. Oraindik ibilbide luzea dugu aurretik, eta urtetik urtera urratsak egiten jarraituko dugu. Hori da helburua. Parte hartzen duten argazkilari guztiek badakite zein den gure nortasuna. Erronka handia da munduko irudi ederrenak jasotzea. Bide horretatik jarraituko dugu».