GARA Euskal Herriko egunkaria

Lehen saiakeran, huts

Bere gaitasun ekonomikoa ondo kudeatuz, guztiz eraberritutako proiektua jarri zuen martxan Eibarrek udan. Ia denboraldi osoa sailkapenaren goialdean egon ostean, play-offetan bilatu beharko du igoera.


Lehen saiakeran ez du lortu Eibarrek Lehen Mailara itzultzea. Lehen mailako erronka lehen mailako arrakastaz gainditzetik gertu izan dira armaginak, baina play-offetan bilatu beharko dute irrikatzen duten helburua. Lehen igoeraren zortzigarren urteurrenetik lau egun besterik pasatu ez direnean, taldeak eta hiriak, bat eginda, Alcorconen izan dute burua eta indarra, talde apalek ametsak errealitate bihurtzeko eskubidea dutela nabarmenduz.

Egia da apaltasuna ez dela hainbestekoa izan aurten. Lehen Mailan emandako denboraldiak kutxa gotorra topera loditzeko aprobetxatzeaz gain, duela urte batzuetatik hona Ligak ezarritako jaitsierarako laguntzak ere eskertu ditu Eibarrek, eta bere historian Bigarren Mailan ibili duen bide luzean inoiz izan duen talde indartsuena eratu du. Botere ekonomikoaren eragina eztabaidaezina bada ere, futbola ezin da sartu zientzia zehatzen artean, partidak ez baitituzte txanponek jokatzen. Iaz talde armaginarekin batera jaitsi zen Huescak eman dezake horren berri, besteak beste; edo Eibarrek berak, play-offak eskaintzen dion aukera ere aprobetxatzen ez badu.

Zimenduetatik hasita, goitik behera eraberritutako proiektua izan da gorri-urdinena. Eta denbora gutxi izan dute martxan jartzeko, helburuaren exijentziak ez baitu tarte handirik uzten probak egiteko. Eibarrek 80 puntu pilatu ditu, aurreko igoeraren denboraldian baino bederatzi gehiago, eta zortzi partida besterik ez ditu galdu, baina zortzigarrena unerik eskasenean heldu zen eta urte osoan egindako lana ez da nahikoa izan aurreko bi postuetan amaitzeko.

Presioaren kudeaketa erabakigarria izan da eta Eibarrek ez dio beharrezko erantzuna eman azken txanpan, aurreko hilabeteotan «master» bat atera ondoren. Hasiera-hasieratik. Ezin da ahaztu abuztuaren 29an, Burgosera bidaiatu zuenean, Eibar jaitsierako postuetan zegoela, Huesca eta Almeriarengandik sei puntura.

Ez da harritzekoa, Gaizka Garitanok zenbat pieza muntatu behar izan zituen ikusita. Jose Luis Mendilibarren irteeraren ondoren, Fran Garagarzaren lekukoa hartu zuen Cesar Palaciosek bi igoera kateatu zituen gizonarengan jarri zuen konfiantza eta ardura klubaren helburuari ekiteko. Eta bere lehen lana izan zen 25 jokalari, horietako 18 etorri berriak, talde bilakatzea.

Hogeita bost jokalari on, oso onak kasu askotan –Stoichkov, Corpas, Fran Sol eta Sielvaren artean 43 gol sartu zituzten Bigarren Mailan aurreko denboraldian, adibidez–, eta horrek, noski, gauzak erraztu zituen, taldeak eraikitze prozesuan ziharduen bitartean, banako horiek puntu dezente lortu baitzituzten. Baina zale batek Twitterren, grazia handiz, «kromo bilduma» gisa definitu zuen jokalari handien zerrenda hura partidak aurrera ateratzeko makina bihurtu zuen Garitanok udazken amaiera aldera. Defentsa lanetan emandako aurrerapausoarekin batera –ildo honetan ezin da ahaztu Eibarrek atzelarien lesioekin izan duen zorte txarra, hain garrantzitsua den jarraitutasuna oztopatu duena–, talde fidagarria bilakatu zen. Aurkariak maiz kikilduta zelairatu izan dira, puntuek, nola edo hala, armaginen poltsikoan amaituko zutela jakinez.

Hamaikagarren jardunaldian, Tenerifen lortutako garaipenarekin, igoera postuetara heldu zen, denboraldian lehen aldiz, talde gipuzkoarra. Harrezkero, hiru aste besterik ez ditu eman hortik kanpo. Presio horrekin heldu zen urtarrilaren 24an Almeriara, seguruenik denboraldiko urrats esanguratsuenarekin amaitu zuen partida jokatzeko. Nagusitasun osoz irabazi zion Eibarrek lehen sailkatuari, eta lidergoa eskuratu eta hasiera eman zion denboraldiko bolada biribilenari. Emaitza onak eta joko hobea bateratu zituen hurrengo hilabete eta erdian: igotzeko faborito nagusia, ukaezina, bilakatu zen.

Baina denboraldia oso luzea da Bigarren Mailan eta neurrigabeko baikortasuna zakarki amaitu zen Cartagenan jasandako jipoiarekin. Etxetik kanpoko partidak trabatu zitzaizkion taldeari akats tartea txikitzen hasi zen unean eta bere bi aurkari handien erreakzioarekin batera. Horrek emozioz bete du denboraldiaren azken txanpa eta, zoritxarrez, eta dena bere alde zeukan arren, Eibarrentzat ez dira aukerak amaitu azken jardunaldiarekin.