31 MAI 2022 «Gaztelu beltza»-rekin elkarlanean Brigade Loco eta Nabarralde 2022. urte honetan 500 urte beteko dira Amaiurko setioa izan zenetik eta, apirileko Gazte Martxan «500 eta zutik!» lelopean ibili ostean, orain, Brigade Loco taldeak «Gaztelu beltza» kantaren bideoklipa egin du Nabarralderekin elkarlanean. Ekainaren 2an, ostegunerarekin, estreinatuko dugu NAIZen. Iker GURRUTXAGA MUSIKHARIA Memoria historikoko ariketa bat izanik eta gai zentrala Amaiurren kokatuz, Brigade Loco taldekoak harremanetan jarri ziren Nabarraldekoekin “Gaztelu beltza” kantaren bideoklipa egiteko. «Zerbait berezia egiteko aukera ikusten genuen 500. urteurren horren aurrean. Izan ere, saiatzen gara gure abestietan memoria historikoa lantzen. Aukera hau mahai gainean jarri genuenean, Nabarralde bezalako elkarte batekin aritzea egoki ikusi genuen, gure proiektuari kutsu historikoa emateko eta lanketa sakonagoa egin ahal izateko. Haiekin harremanetan jarri ginen eta kanta hau birmoldatzea planteatu genuen; berriz ere grabatu dugu abestia eta bideoklipa egin dugu», kontatu digu Manex Egaña Brigade Locoko bateria-jotzaileak. Iragana eta oraina uztartzeko ahalegina egin du musika taldeak. «Historiaren transmisio hori irudikatzea zen gure nahia, belaunaldiz belaunaldi egin beharrekoa. Talde bakoitzak edota sektore bakoitzak badu bere publikoa eta badakigu zer terminotan hitz egin behar dugun, eta nik uste dut saiatu garela epika hori bilatzen. Konkistarekiko epika hori sortzea garrantzitsua dela iruditzen baitzaigu, gero atzetik gehiago sakondu ahal izateko, eta talde batzuk letra sakonagoak eta metaforaz beterikoak egin ditzaketen arren, guk beste modu honetan egin nahi izan dugu», azaldu digu Manex Egaña bateria-jotzaileak. Amaiurren bertan grabatu dute “Gaztelu beltza” kantaren bideoklipa eta herritarren parte-hartzea handia izan da. «Lehendik ere oso identifikatuta daude Amaiurkoak bertan gertatu zenarekin, proiektu horretan duten inplikazioa eta egin duten lana sekulakoa izan baita gaur arte», kontatu du bere aldetik Anjel Rekalde historialariak. Ekainaren 2an estreinatuko da bideoklipa NAIZen webgunean. Bide berri batean «lehen saiakera» da hau Nabarralde elkartearentzat ere. Izan ere, aurrerantzean beste talde batzuekin lan egiteko prest agertu baitira Euskal Herriko historia zaintzen duen elkarteko kideak. «Zirrikitu hori zabaldu da eta aurrera egingo dugu bide horretatik; nola ez dakigu, baina jorratu beharreko arloa da», ohartarazi du Iñigo Gonzalez de Larramendik. Transmisioaren garrantzia Gazteek historiarekin duten interesaren inguruan ere mintzatu da Anjel Rekalde. «Nik uste dut historia oso garrantzitsua dela, baina gaztea zarenean ez zarela konturatzen. Inguruko arazoak edo zure kezka propioak dituzu; hortaz, gai hauez arduratzen direnak, normalean, edadekoak izaten dira. Guk ezagutu dugu edadeko beste jende bat eta orain gu gara edadeko horiek. Dena dela, hemen garrantzitsuena transmisioa bermatzea da; hori da memoriaren gakoa eta landu beharrekoa», gaineratu du. Brigade Loco taldeak eta kaskamotz mugimenduak, oro har, egiten dituzte halako ahalegin eta saiakerak memoriaren kontserbaziorako. Kontzientzietan eragiteko letrak izaten dira eta gazteengana «edukia iristen dela» dio Lander Aznal taldekideak: «Gero edukiari gorputza ematea beste gauza bat da. Neurtzeko oso zaila da, eta ez dakit gazteria duela 10-15 urte baino kontzientziatuago dagoen edo itzalita dagoen. Baina transmisio hori, gainazalekoa izanda ere, ematen da». Gainazaleko transmisioa aipatu du Aznalek, eta Nabarraldeko Gonzalez de Larramendik xedea hori dela baieztatu: «Hazi bat ereitea da helburua. Argi dago gauza batzuetan sakontzeko adin batera iritsi behar duzula, baina horretara iristeko zimenduak lantzea garrantzitsua da». Taldekideek ere gazteago zirenetik gaur egunera nabaritu dute aldaketa hori. «Gure ingurunera begiratu besterik ez dago horretarako. Taldeek halako gaiak gero eta gehiago jorratzen dituzte eta, esaterako, Amaiurko konkistaren inguruko abesti bilduma bat egiteko asmoa dago, hamar, hamabost, hogei, ez dakit zenbat talderekin. Hor ikusten da jendeak interesa duela eta kontzientzia dagoela», aipatu du Oier Aperribai musikariak. Hamar urtetik hona aldaketa hori ere sumatu dute Nabarralden, eta Rekalderen hitzetan «gero eta argiago dago gure herrian euskaldunen historia Nafarroan egon dela. Gaur egun Baionan edo Bilbon, hirietan, egongo da, baina argi daukagu aurrekoa Nafarroan egon zela. Gero beste faktore batzuk ere badaude, baina Amaiurko gaia oso egokia eta garbia da. Epikoa den istorioa da, beren herria garbiki defendatu zutenen historia kontatzen delako». BIDE BERRIAK