GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Capa, adosteko prest

Presidente izateko aurkeztu diren hiru hautagaiekin akordiora iritsi nahi luke jokalariak.


Ander Capak zaleen babesa jaso zuen San Mamesen jokatutako denboraldiko azken partidan. Amaitzeko bost minutu falta zirenean zelairatu zen, Osasunaren kontrako derbian, eta txalo zaparradarekin batera, bere aldeko oihuak entzun ziren. Denboraldia amaitu denetik eman dituen elkarrizketa guztietan azken urtean bizi izandako une txarrak aipatu ditu. Gaizki pasatu duela onartzen du; Marcelinorekiko harremana ez dela ona izan eta ez duela ulertzen zergatik ez duen bat ere jokatu.

Entrenatzaile asturiarrak eta klubeko arduradunek kirol erabakia izan dela argudiatu izan dute. De Marcos, Lekue eta Petxarroman bere aurretik zeudela, eskuin hegalean jokatzeko, esan izan du entrenatzaileak.

Capak lesio larria izan zuen 2021eko apirilean belaunean, baina aurre denboraldira osatuta iritsi zen. Liga hasteko aste batzuk falta zirela, giharretako lesioa izan zuen eta lehen jardunaldiko deialditik kanpo geratu zen, Petxarromanen moduan. Marcelinok De Marcosen aldeko apustua egin zuen, baina arabarra ere lesionatu egin zen eta Lekuek ordezkatu zuen. Deustuarrak bikain erantzun zuen eta postuaren jabe egin zen. Petxarromanek urria amaieran egin zuen debuta Anoetan eta hiru jokalariek postua elkarbanatu dute. Capak, berriz, ez du aukerarik izan.

Jokatu barik egotearekin batera, kontratua amaituko zaio ekainaren 30ean. Pandemia aurretik luzatzeko eskaintza egin zioten eta helburu batzuk bete behar zituen azken denboraldian beste urtebete bat izateko. Capak berak kontatu izan du ez zitzaiola bidezkoa iruditu, eta negoziazioak bertan behera gelditu ziren. Jokalariak argi utzi du bi urterako kontratua nahi duela eta klubaren zuzendaritzan aldaketa izango denez, itxaroteko hautua egin du. Proposamenen bat badauka esku artean, baina bere lehentasuna Athleticen jarraitzea dela dio.

Joan den astean, Ricardo Barkala eta Iñaki Arechabaleta presidentegaiekin hitz egin zuela ziurtatu zuen. Jon Uriarterekin ere harremanetan jarri da azken egunetan. Hiru hautagaitzekin adostasunera heltzeko helburua duela dio eta itxaropentsu dagoela. Hala eta guztiz ere, ikusteke dago nola kudeatuko duten gaia.

Arechabaletak Onda Vascan egindako elkarrizketa batean ziurtatu zuenez, Caparekin aurre-akordio bat sinatzeko asmoa du. Azaldu zuenaren arabera, bere hautagaitzarekin joango den entrenatzaileak –ez zuen izena zehaztu– Capa taldean geratzea nahi baitu.