GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA - ASOBAL KOPA

Bidasoa-Irunek, azken hatsa emanda, finala jokatuko du

Lau gol irauli zituen bigarren zatian Cavero eta Xoan Ledo protagonistak izanda.


BIDASOA-IRUN 32

GRANOLLERS 28


Nork zioen Bidasoa-Irun hilik iristen zela denboraldi amaiera honetan Asobal Kopara? Jacobo Cuetararenek berriro ere erakutsi zuten talde honetan fedea izan behar dela. Denboraldi osoan Granollersekin bigarren postuarengatik mantendu duten borroka Zaragozako finalerdian ikusi genuen berriro ere. Kataluniako taldeak Ligako txapeldunorde “titulua” lapurtu zien, baina bidasotarrek mendekua ondo hartu eta finalerako txartela eskuratu zuten.

Ez zen batere erraza izan. Lehen zati orekatu baten ostean, gauzak okertu egin ziren eta kontrakorrontean abiatu behar izan zuten bigarren zatiaren hasieran. Orduantxe atera zen bidasotarren energia, markagailuan lau gol irauliz, aurkarien erasoei aurre eginez eta azken ziztada emanez. Xoan Ledo atean –11 geldiketekin amaitu zuen– eta Iñaki Cavero erasoan –14 gol egin zituen; horietatik zortzi lehen zatian– partidako protagonista nabarmenak izan ziren.

Markagailuak berdinketa ugari izan zituen lehenengo ordu erdian –hamaika, guztira–, eta katalanak gol bat aurretik joan ziren atsedenaldira (16-17).

Bigarren zatian Rangel Luan Bidasoako atezain ohiak protagonismoa hartu zuen –17 geldiketekin amaitu zuen–, eta bere geldiketek hegoak eman zizkion Granollersi (16-20). Eskerrak Xoan Ledo –Bidasoarekin jokatzen ari den bere azken minutuetan– agertu zen eta bost geldiketa jarraian egin zituen. Adrian Fernandezek segida eman zion lan bikain horri (19-20) eta Caverok 20nako berdinketa ipini zuen minutu ero batzuen ostean.

23-21 ere aurretik ipini ziren, baina katalanek 24na eta 25na berdintzea lortu zuten. Lehen zatian bezalaxe, Iñaki Cavero etxeko jokalaria agertu zen. Bi gol gehiago sinatu zituen, Adrian eta Dariel Garciarekin batera (29-26), baina Gurrik gol bakarrera ipini zuen Granollers (29-28). Momentu horretan Cuetarak hutsartea eskatu eta pistan Caveroren eta Julen Aginagalderen esperientzia agertu ziren 31-28koa egiteko. Zaleek oraindik beste gol bat ikusteko aukera izan zuten. Norena? Eguneko protagonistarena: Iñaki Cavero.

Bidasoako jubenilak, finalera

Lehen taldea bezalaxe, Bidasoa-Irungo talde jubenilak ere Asobal Minikoparako finalerako txartela eskuratu zuen atzo Zaragozako La Granja pabiloian Cangasen kontra jokatutako partidan 25-28 irabazi ostean. Gaur, 15.30etik aurrera, baina Principe Felipe pabiloian jokatuko den finalean, bidasotarrek ere Barça izango dute aurkari. Katalanek Granollers menderatu zuten atzoko neurketan (23-25).

El Barça, sin problemas a su 23ª final del torneo

Unas horas más tarde de lograr el billete a la final, Bidasoa-Irun conocía su rival de hoy, que no será ninguna sorpresa. Y es que en la otra semifinal de la Copa Asobal, disputada en la misma pista zaragozana pero a partir de las 20.00, el Barça no tuvo problemas para deshacerse del Logro&bs;ño La Rioja, a quien le ganó por 40-26 (21-11 al descanso). El conjunto azulgrana disputará hoy a partir de las 18.00 su 23ª final en este torneo. En sus 22 finales anteriores en sus 29 participaciones, se ha alzado con 16 títulos y ha perdido otras seis finales. I.C.