GARA Euskal Herriko egunkaria
YOSEMITE

Kapitaineko «Freerider»-i oso estilo egokia erantsi diote

Amity Warme eta Brent Barghahn estatubatuarrek bide hori egunean eta era librean eskalatu zuten. Aitzitik, ez zuten marra probatu, ezta aldez aurretik biltegirik utzi ere. Protagonistek diote estilo horrek asko eskatzen duela, baina dena bikain irten zitzaiela.


Yosemiteko Kapitainen era askean eskalatzea ohiko bihurtu da. Baina estilo hori indarrean jartzen dutenen artean, aldaketa batzuk izaten ari dira. Hormatzar horrek duen goi-denboraldian, gero eta gehiago dira eskalada artifiziala saihesten dutenak, baina egunean eta librean inolako “laguntzarik” gabe eskalatzen dutenak oso-oso gutxi dira.

Amity Warme eta Brent Barghahn estatubatuarrek “Freerider” bidea (7c+, 32 luze) estilo horretan igo dute. Hots, era askean eta egunean bertan (18 ordu eta 16 minutu). Baina apirilaren 16an, marraren oinarrira heldu ziren ezer “prestatu” gabe. Sokada horrek aurreratu duenez, haien helburua oso soila zen: «Batere ohikoa ez den estilo bat indarrean jarri genuen. Egunean eta librean igotzen diren gehienek aukeratutako bidea probatzen dute. Horrez gain, aldez aurretik biltegi batzuk antolatzen dituzte. Eta badira bidean zehar tresneria jarrita uzten dutenak ere. Guk hori guztia baztertu genuen. Kapitaineko oinarrira zama handiarekin heldu ginen: tresneria, janaria, ura... Eta horrela hasi ginen eskalatzen. Beste era batera esanda, ohiko planifikazio zein logistika handia alde batera utzi genuen».

Estilo horren aldeko apustua bikain atera zitzaien. Gainera, gaitasun handia erakutsi zuten. Eroriko gutxi izan zituzten. Barnghahn, adibidez, “Boulder problem” izeneko luzean soilik behin erori zen. Warmeri dagokionez, buruhauste gehiago izan zituen, baina, azkenean, marra hori era askean igotzeko aukera izan zuen. Horri esker, “Freerider” egunean eta librean eskalatzen bosgarren emakumezkoa bihurtu da.

Warmek berak aitortu du estilo horrek eskalada beste dimentsio batera eramaten duela: «Gutxi gara estilo hori aurrera eraman dugunok. Helburua lortzeko arrisku handiak hartzen dira, erronka horrek sasoiari, buruari eta logistikari asko eskatzen die eta. Eskuarki, Kapitaineko bide bat egunean eta era askean igo nahi dutenek beste eite batzuei garrantzia ematen diete. Adibidez, marra rappelatu eta giltzak diren luzeak probatzen dituzte. Hori egiten ari direla, seguruak han bertan uzten dituzte. Eta aldez aurretik biltegiak dituztenez, ia zamarik gabe igotzen dira».

«Buru-hausgarria»

Bi estatubatuarrok estilo horretan eraginkorrak izateko, oso logistika milimetrikoa egin behar izan zuten: «Buru-hausgarri baten aurrean geunden; den-dena era egokian osatu behar genuen. Tresneria, janaria, ura... nola garraiatzea bikain zehaztu behar genuen denbora ez galtzeko. Nahiz eta eroriko batzuk izan, erritmoa oso ona izan zen. Ez da lasterketa izan; hori ez genuen bilatzen. Arrisku horiek saihestea ezinbestekoa zen, eta horretarako zentzuzko sistemak erabili genituen. Luze askotan (gehienez 7a zailtasunera arte) ensanblean joan ginen. Luze horietan, gure artean, “Micro Traxion” izeneko gailu bat jarri genuen. Era horretan, atzetik zihoan sokakideak erorikoren bat bazuen, sokaburuari ez zion inolako eragozpenik eragingo».

Warmek, bere aldetik, adierazi du “Freerider”-en zuen helburuarekin oso motibatuta zegoela: «Udaberrian bide hori era askean igo nuen, eta, beraz, marraren luze guztiak ezagutzen nituen. Baina Brent-ekin egindakoak beste ukitu bat izan du. Izaera horretako xedeek asko erakartzen naute; besteak beste, sasoiari eta buruari asko eskatzen dietelako. Inork ez daki “Freerider” estilo horretan igotzeak zer-nolako esfortzua eskatu zigun. Agian, beste irudi bat ematen ari gara; hots, eskalada osoa samurra izan dela. Baina hori pentsatzen duena oker dabil. Horregatik guztiagatik, Brent-ek eta biok uste dugu indarrean jarri dugun estilo horri azpimarra jarri behar zaiola. Zalantzarik ez dago: merezi du».