GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETAK

Sara Alonsok Espainiako txapelketa irabazi du


Sara Alonsok 2022. urtea hobetzen jarraitzen du. Transgrancanaria txapelketa irabazi ondoren, hirugarren geratu zen Zegama-Aizkorri mendi maratoian –bere estreinakoan eta oso denbora ona eginez–, eta astebete geroago mendi lasterketa klasikoaren Espainiako txapelketa irabazi du. Iaz, 23 urtez azpiko mailan nagusitu bazen, aurten maila nagusian onena izan da.

Ordubete eta 32 minutu eta 22 segundo behar izan zituen 18,5 kilometroko mendi ibilbidea egiteko. Rioparren jokatu zen, Albaceten, eta bigarren sailkatua ere euskalduna izan zen: Onditz Iturbe, donostiarrarengandik minutu bat eta 27 segundo geroago helmugaratuta (1:33.49).

Atletismo Bilbao klubeko korrikalariek osatu dute emakumezkoen podiuma, hirugarrena Yolanda Martin soriarra izan baitzen (1:36.46) eta beraz, taldekako sailkapenean onena izan zen Bilboko kluba. CE Penedes eta Atletismo Albacete (iazko txapelduna) izan ziren bigarren eta hirugarren talderik onenak.

Gizonezkoetan, Alex Garcia Carrillo (Atletisme Crevillent) izan zen onena eta bere kasuan ere, estreinakoz irabazi du Espainiako txapelketa. Bere atzetik, soilik 56 segundora Albert Lizandra (Riba-Roja Turia) helmugaratu zen eta Marcos Ramos (Zenit Atleet) izan da hirugarrena.

Maiora, laugarren Austrian

Austrian, bestalde, Munduko Kopako proba bat egin zen atzo eta Maite Maiora laugarren postuan helmugaratu zen. Korrikalari euskalduna, aurten, batez ere, Skyrunners World Series zirkuituan dabil buru belarri eta Hochkönig Skyrace txapelketan bere maila ona aldarrikatu zuen.