GARA
TOLOSA
HERRI KIROLAK

Izeta VI.a ez da oraindik erabat ase

Atzo aurkeztu zuten pentatloia Tolosan. .
Atzo aurkeztu zuten pentatloia Tolosan. . (A CANELLADA | FOKU)

Euskal Pentatloi Saria herri kirolen egutegian gero eta indar handiagoz errotzen ari den proba da eta, hala, igande honetan zita garrantzitsua izango da Tolosako zezen plazan, bertan jokatuko baita Gizonezkoen III. Binakako Txapelketa. Eta binakako lehia horretan ezinbesteko izenik bada, hori Andoni Iruretagoiena, Izeta VI.arena da, berak eraman baititu orain arte jokatutako bi txapelak, 2020an Arria VI.arekin bikotea osatuz eta iaz bere osaba Jexux Mari Iruretagoienarekin. Aurten hirugarren txapela nahi du aiarrak, oraingoan Gorka Etxeberriarekin.

Hori ekiditen saiatuko dira Beñat Amade-Aritz Irazabal, Aratz Mugertza-Juan Kañamares eta Xabier Zaldua-Jagoba Otaegi. Hasiera batean Iñaki Errazkin zen Otaegirekin aritzekoa, baina entrenatzen ari zela min hartu zuen eta banakoan ere lehiatuko den zumarragarra ariko da bere ordez. Bikoteak osatzerako orduan iazko sailkapenak hartu ziren kontuan -lehena hamabigarrenarekin, bigarrena hamaikagarrenarekin…-, baina kirolari batzuek uko egin diote txapelketan aritzeari eta azkenerako lau bikote geratu dira igandeko finalerako.

Lau bikoteek igandean osatu beharko duten lana honako hau da: 40 jasoaldi 100 kiloko harriari, lau plaza giza proban, aizkoran lau kana-erdiko ebaki, zortzi plaza bete txingekin eta korrika lau kilometro osatu. Erreferentzia bat izate aldera, Jexux Mari eta Andoni Iruretagoiena osaba-ilobena da probaren errekorra,, iaz lortutakoa: 40 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko.

Eta, hurrengo larunbatean, Tolosan bertan eta 18.00etatik aurrera, emakumezkoen txanda izango da. Kasu horretan hiru izango dira txapelaren lehian arituko diren bikoteak, iaz baino bat gehiago; Karmele Gisasola-Uxue Ansorregi, Garazi Arruti-Lucia Orbe eta Nerea Arruti-Amalur Arbelaitz. Lucia Orbe eta Nerea Arrutik iaz lortutako garaipena errepikatu nahi dute.