Arnaitz GORRITI
ARRAUNA

Aurreneko bandera ofizialak astindu dira

Oriok erakustaldia emanda irabazi zuen.
Oriok erakustaldia emanda irabazi zuen. (@CRO_OrioAE)

Hasi da 2022ko traineru denboraldia. Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketak jokatu ziren atzo, Hondarribian eta Lekeition, hurrenez hurren. Ondorioz, Hondarribia eta Orio atera dira txapeldun Gipuzkoan, eta Bizkaian, berriz, Urdaibai eta Ondarroa izan dira denboraldiko aurreneko banderak astindu ahal izan dituzten taldeak.

Bereziki esanguratsua izan zen Emakumeen Gipuzkoako Txapelketako estropada, Euskotren Ligako lau parte-hartzaileak izan baitziren bertan. Oriotarrek hiru traineru pasako aldearekin irabazi zuten, eta bigarren postuan Tolosaldea mailaz igoberria izan zen, Donostiako bi traineruen aurretik.

Oriok 2019 eta 2020an lortutako balentria errepikatu zuen atzo, joan den urtean Arraun Lagunak izan baitzen nagusi. Azpimarratzekoa izan zen ere «mirotzen» ostean egon zen berdintasuna, Tolosaldea eta azken sailkatzen zen Donostiarraren artean hiru segundo baino ez zirelako egon.

Bestetik, gizonen banderak nolabaiteko «morboa» zekarren, Hondarribiak eta Oriok hamabina bandera irabazita baitzituzten ordurako. Bada, 13.a “Ama Guadalupekoak” etxeratu zuen, non eta hain ondo ezagutzen dituen uretan.

Aurreneko ziabogan Donostiarra sartu zen lehenengo postuan, baina bigarren luzearen amaieratik aurrera etxeko «bikingoak» jaun eta jabe izan ziren, ohorezko txanda osatu zuten Oriok eta Getariak aldea galtzen zuten bitartean.

ITSASO PETRALA

Itsasoa petral azaldu zen Lekeitioko estropada eremuan, metro beteko olatuekin eta marea gorantz zela. Horrek azken denborei eragin zien, baita neurri handi batean traineruen arteko aldeari ere.

Gizonen estropadari dagokionez, aurreneko luze bietan Urdaibai, Zierbena eta Ondarroa nahiko parekatuta ibili ziren. “Bou Bizkaia” zen faborito eta hala bete zuen Bermeoko taldeak, baina hirugarren luzera arte izerdi dezente bota behar izan zuen Zierbenako «galipoak» atzean uzteko. Ikaragarrizko alderik lortu gabe ere, “Bou Bizkaiak” aldea handitzea erdietsi zuen azken luzean, Zierbenak Ondarroa atzean laga zuen bitartean, behin betiko podiuma ezarri zutelarik.

Bestalde, uste baino estropada eskasagoa egin zuen Santurtzik eta, aldiz, Kaikuk, ohorezko txandatik at aritu arren, sekulako estropada jokatu zuen, non eta hirugarren postuan Ondarroarekin ia berdindu arte.

Sorpresarik handiena Ondarroak eman zuen Emakumeen Bizkaiko Txapelketan. Faboritoa Deustuko “Tomatera” bazen ere, Ondarroak aise menderatu zuen bigarren luzean. “Antiguako amak” luze bakarrean 22 segundoko aldea atera zion Deusturi.