GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA

Sokada gazte batek, isil-isilean, ezustekoa eman du Korsikan

Lara Neumeier (23 urte) eta Romy Fuchs (21) alemanek Bavellako «Delicatessen» (8b, 160 m), sona handiko bidea, errepikatu dute bost egunetan. Uharteko bide zailenetarikoa zein ederrenetarikoa da.


Normala denez, eskalatzaile profesionalak dira hedabideetan arreta gehien izaten dutenak. Baina, noizean behin, erabat ezezagunak diren “herrikoiek” lehen lerroak astintzen dituzte. Hori gertatu zaie Lara Neumeier eta Romy Fuchs alemanei. Bi neska hauek gazteak dira: Neumeierrek 23 urte ditu eta Fuchsek 21. Nuremeberg hirian bizi dira, eta biak ala biak ikasleak dira. Lehiaketetan elkar ezagutu zuten, baita ondoren bat egin ere eskaladak partekatzeko.

Hitz batean esanda, isil-isilean, zaratarik atera gabe eta foku mediatikoetatik kanpo bizi izan dira. Baina joan den hilabetean Korsikara eraman zituen bidaiak neurri batean irauli egin du haien “bizimodua”. Bidaia horretan azpimarratzekoa den igoera bat sinatu berri dute: Punta du Corbuko (Bavella) sona handia duen “Delicatessen” bidea (8b, 160 m) errepikatu dute. Azpimarratzeko den jarduera hori sinatu ahal izateko, soilik bost egun behar izan zituzten.

Oso eskalatzaile gutxi dira Arnaud Petit eta Stephane Husson frantziarrek 1992. urtean sortu eta ekipatu zuten marra hori igo dutenak. Bost luze (8b, 7c+, 7c, 8a eta 6c) denera, eta, aurreratu dugun bezala, 8b mailako bat giltza da. Bederatzi urte geroago, Petit “Delicatessen”-era itzuli zen; izan ere, hasitako lana bukatu nahi zuen. Hots, puntu gorria edo era askean igo. Ez zuen arazorik izan lehen jarduera hori egiteko. Ondoren, Nica Caprez eta Cedric Lachat suitzarren lehen errepikapenak iritsi ziren. Caprezena lehen femeninoa izan zen.

Horiek guztiak profesionalak edo erdiprofesionalak dira edo izan dira. Neumeier eta Fusch, berriz, ez. Ohorea izan dute marra luze eta gogor hori igotzeko; ohore hori lortzen bakarrenetarikoak dira. Gainera, ospe handia izateaz gain, Caprezek honela definitu zuen “Delicatessen”: «Inoiz eskalatu dudan bide ederrenetarikoa zein estetikoenetarikoa da».

Bi eskalatzaileok kirol eskaladan eskarmentua badute. Horma luzeetan, aldiz, gutxi. Neumeierrek, adibidez, aukera izan du “Hotel Supramonte” (8b, 400 m, Sardinia) era askean igotzeko. Eta hain zuzen ere, Sardiniako marra horretan izan zituen sentsazioek “Delicatessen”-era eraman zuten: «Gogo handia nuen bide hori probatzeko, baina ez nuen sokakiderik lortu. Ondoren, pandemiak plan guztiak bertan behera utzi zituen. Zorionez, Romy ezagutu nuen, eta talde bat osatzea erabaki genuen. Korsikako bide horren inguruan lehen aldiz Barbara Zangerli entzun nion; 2012. urtean eskalatu zuen. Esan zidan harkaitzak dituen formak eromen hutsa direla, eta eskalatzeko oso dibertigarria dela. Gainera, Caprezen iritzi berekoa da. Gehitu zidan hainbat luze dituen munduko bide onena izan daitekeela. Romy konbentzitu nuen. Aholkatu nion bere lehen eskarmentua izateko egokia zela. Hori bai, gehitu nion zailtasun handia zuela baina paraboltekin ekipatuta dagoela».

“BORROKA HANDIA”.

“Delicatessen”-en egin zuten lanaren inguruan, Neumeierrek aurreratu du lehen egunak gogorrak izan zirela: «Gogoratu behar da bidearen giltza lehen luzea (8b) dela. Lehen egunean euria egin zigun. Mugimendu batzuk probatu nituen eta pozik geratu nintzen. Romyk, berriz, ez zuen ezer ulertzen, baina saiatu zen. Biharamunean, lehen luze horretan hainbat ekinaldi egin eta gero, beste bi igotzea erabaki genuen. 7c+ mailakoa zen hurrengoa. Denbora asko eman nuen hura probatzen, eta gero ohartu nintzen buruhausteak eragin zizkidan sekuentzia askoz ere samurragoa zela. Kontua da ezkutuan zegoen helduleku bat ez nuela ikusi. 7c zailtasuneko hirugarren luzean ere borrokatu behar izan genuen. Plaka horiek duten estilora egokitzea kosta egin zitzaigun».

Nahiz eta “Delicatessen”-ek zalantzak sortu zizkien, bi gazte aleman hauek esku artean zuten xedearekin aurrera jarraitu zuten. Laugarren luzea (8a) zain zuten, eta une jakin batean biek ala biek onartu zuten metro horiek ezinezkoak zirela. Ez ziren gai izan mugimenduak eta sekuentziak ulertzeko. Horregatik, Zangerli deitu zioten, eta eskalatzaile horrek beste metodo baten berri eman zien.

Lehenbiziko bi egun horietan astindu ederra jaso zuten; hain zuzen ere, hamar orduko jardunak izan ziren. Protagonistek diote badela beste eite bat azpimarratu nahi dutena: «Hatzen azalak asko sufritu zuen. Hirugarren egunean, adibidez, hatzak esparatrapuarekin babestu genituen. Horrek, jakina, ez dizu behar bezala eskalatzen uzten, baina, bederen, eskalatzeko aukera genuen. 8a mailako luze hori gainditu eta ni azkenekoan (6c) sartu nintzen».

Egunik gogorrena eta deserosoena laugarrena izan zen. Haize erauntsien (70 km/h) mende egon ziren. Laugarren luzean sartu ziren. Helduleku ñimiñoak ditu, eta ahal izan zutena egin zuten. Hori gutxi ez, eta haizeteen ondorioz, sokekin arazoak izan zituzten.

“Delicatessen”-en izan zuten azken egunari buruz, Neumeierrek aurreratu du oso-oso estresantea izan zela: «Baldintza onak genituen, baina tenperatura hotza zen. Lehen luzea eskalatu nuen, eta oso sentsazio onak nituen. Hortik aurrera, den-dena eman behar izan genuen beste lau luzeak gainditu eta errepikapen hori lortzeko. Romyk adierazi zidan bide horrek buruari asko eskatu ziola. Aipatu behar dut blokean oso indartsua dela, baina estilo horretan, plaketan, ez zuen eskarmenturik. Erabat leher eginda amaitu genuen: fisikoki zein mentalki».

Bestalde, bi eskalatzaile aleman hauek bat egin dute beste errepikatzaile batzuek Bavellako bide horren inguruan eman duten iritziarekin: «Gogoan dut marra hori ikusi nuenean erabat txundituta geratu nintzela. Ez nuen probatu ere egin, baina ikaragarri ona zirudien. Bizi izan dudan eskarmentuaren inguruan esan dezaket hainbat luzetako bide bat eskalatzeak asko betetzen nauela. Oso goiz hasten zara; bukatu, aldiz, berandu. Ia egun osoa paretan zintzilik egiten duzu. Mugimendu batzuk egiten saiatzen zara, eta ez dituzu askatzen. Frustragarria izan daiteke, baina biharamunean gauzak ezberdin ikusten dira. Etsi ordez, gogor borrokatzen jarraitzen duzu».

Amaitzeko, protagonistok aurreratu dute izaera horretako eskalada berriak egiten saiatuko direla. Baina une honetan ikasketekin erabat lanpetuta daude: «Romyk azterketa gogor bat du udaran. Frankenjura gertu dugunez, esan dit kirol eskaladako bide zailak probatu nahi dituela. Bide batez, baieztatu dit nirekin beste hormatzar bat eskalatu nahi duela. Nire kasuan, abuztura arte ikasten egon behar dut. Gogor entrenatzen jarraituko dut, eta ziur aski Romyrekin Frankenjurara joango naiz».