GARA Euskal Herriko egunkaria

Sindikatuak, indartzen AEBetan

Mugimendu sindikala indar berria hartzen ari da Ameriketako Estatu Batuetan, orain arte tradizio txikia zuten sektoreetako aldaketei esker. Amazon, Starbucks eta, orain, Apple multinazionaletan beharginak sindikatzen hasi dira. Sarritan enpresen jazarpena, kaleratzeak eta legez kanpoko praktikak jasan dituzte, baina Gobernuaren babesa jaso dute, Biden presidentearengandik hasita.

Towson hiriko Apple-ren saltokian langileek sindikatzeko eskubidea lortu zuten duela egun batzuk. (Chip SOMODEVILLA AFP)

Towson hiria Baltimore kanpoaldean dago, Washington hiriburutik ordubetera. Ekain erdialdean, AEBetako langile askoren erreferentzia bihurtu zen, Apple enpresako saltoki batean lehen aldiz sindikatua eratzea onartu zutelako. Hilabeteetako lanaren ondorioa izan zen; maiatzean Tim Cook konpainiako zuzendari nagusiari gutuna bidali zioten beren asmoa azalduz; besteak beste, orain arte izan ez dituzten eskubideak izateko, negoziazio kolektiboa, esaterako.

«Konpainia erraldoi baten aurpegia gara. Pandemian batez ere, jendea teknologiaren menpeko bihurtu da, eta tresnaren bat ondo ez dabilenean sumindu egiten dira, eta gu gara frustrazio eta haserrea jasotzen dugunak», esan du Kevin Gallagher Appleko langileak. Haren lankide Christie Pridgen bat dator: «Terapeutak ere bagara; jendea negarrez izan dut, eta beste batzuek, sarri, mehatxu egiten digute. Salmenta-lana da, lan teknikoa, bai, baina ona izan behar duzu hainbat eremutan». Munduan balio handieneko konpainia da Apple, baina ondasun hori ez da berdin banatzen zuzendaritzatik langileengana: «Trebatutako langile horiek behar bezalako ordaina behar dute; gure zuzendari nagusiak dirutza egiten du urtero, eta gero apartamentuaren errenta ordaindu ezin duten langileak ditu».

Gobernuaren babesa

«Harro nago haietaz. Langileek eskubidea dute zehazteko zein baldintzatan joango diren ala ez lanera», adierazi zuen Joe Bidenek. Aurretik ere adierazi izan du presidente demokratak mugimendu sindikalaren garrantzia, eta maiatzean Etxe Zurian hartu zituen hainbat batzordetako ordezkariak. Horien artean ziren Starbuckseko Laura Garza eta Christian Smalls, New Yorkeko Staten Islandeko Amazoneko biltegian lehen sindikatua eratzea lortu zuen buruzagi karismatikoa («Aberatsak jan» zioen kamisetarekin elkartu zen presidentearekin). Jeff Bezos konpainiako zuzendariari mezu argia helarazi zion Smallsek: «Mila esker, Jeff Bezos, espaziora joateagatik, zu han zeunden bitartean guk sindikatu bat eratu baitugu».

Langileen ahalduntze-aro berria pandemiarekin lotutako testuinguru zehatzak ekarri du, sindikatuetako izen-emateek urte askoan behera egin ostean. Enpresek «langile falta» deitzen diote gertatutakoari, eta badago horretatik, baina kultura-aldaketa orokor baten baitan kokatu behar da: «Great Resignation» edo «dimisio handia» ari da bizitzen herrialdea iaztik; ia langabeziarik gabeko egoeran, milaka lagunek borondatez uko egiten diete gaizki ordaindutako edo baldintza eskasak dituzten enpleguei, etxetik lan egitea edo bestelako baldintza batzuk onartuko dizkieten enpresak aurkituko dituztelakoan.

Biden presidenteak laburbildu zuen egoera iazko udan, langile-faltaren aurrean enpresek zer egin dezaketen hausnartzean: «Ordain iezaiezue gehiago (langileei)». Ahalduntze horren baitan dago sindikatuen ahalegina multinazional handietan eta janari azkarreko konpainietako enplegatuen artean ere. Horri lotuta dago, halaber, zaintzaren gaiak pandemian hartu duen protagonismoa, bai lan egiteko orduan, baita etxealdi garaian elikaduran, janari-banaketan jarritako arreta ere, eta sektore horietan diharduten langileen bizi-baldintzak erdigunera ekarri izana.

Konpainien oldarra

Ekaitz perfektuarekin bat egiteko, sindikalismoa biziberritu duten langileen enpresen izaera dago: irudi aurrerakoia eman nahi duten eta behargin gazteak izan ohi dituzten multinazionalak (Amazon, Starbucks, Apple bera). Hala, lantegian, saltokian bertan, elkartu, sare sozialetan bilerak egin eta oso kanpaina ausartak gauzatu dituzte, eta Starbucksen kasuan ahoz ahokoak eta teknologiak arrakasta handia ekarri die: sindikatzeko lehen ahaleginak duela urtebete baino gutxiago hasi ziren, oztopo handiekin. New Yorkeko Buffalo hirian antolatu zen lehen sindikatua duela sei hilabete. Apirilean oraindik ere langileek sindikatua eratu zuten kafetegiak ez ziren dozena bat ere. Horien artean, Memphis hirian ahalegina egin zuten zazpi lagunak kaleratu egin zituzten. «Memphisko zazpiak» AEBetan luze-zabal ibili dira ordutik konpainiaren jarduna salatzen. 170 saltokitan eratu dute sindikatua, eta ia beste horrenbeste dira langile-batzordeak sortzeko borondatea iragarri dutenak.

Olatua gelditu ezinik, konpainiek jarrera korporatibo gogorrena erakutsi dute beharginen antolamenduaren aurrean. Besteak beste, langileek salatzen dute konpainiek azpijokoz erantzun dutela. Langileei banan-banan deitu eta presio egitea, bultzatzaileei ohi baino ordu gutxiago lan egiteko deitzea edo zuzenean kaleratzea izan dira orain arteko bideetako batzuk Starbucksen kasuan. Howard Schultz konpainiako zuzendariak behin eta berriz egin dio uko sindikatuak aitortzeari, Lan Harremanen Kontseilu Nazionalak (AEBko Gobernuaren erakundea) kaleratzeak legez kanpokoak direla ebatzi arren. Bidenen exekutiboko Lan idazkariak, Marty Walshek, langileen ordezkariekin elkartzeko esan dio Schultzi.