GARA Euskal Herriko egunkaria
INPERIALISMOAK EDONON

(Errusiaren) Iragan kolonialaren galdera deserosoa

Askok ontzak ematen dugu Ameriketako Estatu Batuek kolonialismoan eta gero inperialismoan oinarrituta eratu zutela beren indar izugarria. Baina ez dira gutxi Errusiaren iragan inperialistari buruzko hausnarketa faltan botatzen duten kazakhstandar edo kaukasiarrak. Zorionez, eta Ukrainako auzitik harago eta lehenago, Errusiar Inperioaren menpe egondako lurraldeetan eztabaida handituz doa.

(Yuri KADOBNOV | AFP)

Mendebaldeko kolonialismoari buruzko lanak ezagunak dira duela hamarkada asko, baita Ameriketako Estatu Batuen inperialismoari buruzkoak edo bestelako botere kolonial batzuen gainekoak ere, Europa eta Japonia kasu. Munduko herrialde handienak, baina, gutxitan egin du bere buruaz azterketa deskolonizatzaile hori. Berriki, “Errusia deskolonizatuz” eztabaidan parte hartu dute Asia Erdialdeko eta Kaukasoko ahotsek.

Bakhti Nishanov jatorri uzbekoko ikertzaileak aurkeztutako eztabaidan gogora ekarri zuenez, «ez duzu hain herrialde handia izaterik iragan kolonialik gabe, beste herri batzuk zapaldu gabe. Zergatik da hain zaila aitortzea Errusiaren edo Sobietar Batasunaren iragan inperiala?». Casey Michel idazleak gezurtatu egin zuen Mendebaldetik bultzatu zela Sobietar Batasunetik bereizitako herrialdeen independentzia: «Merkatu-ekonomia izango zuen estatu bakarra nahi zuten, baina ez hamabost herrialde sortzea. Armategi nuklearren beldurra ere bazegoen, baina, batez ere, ezezagutza handia; ahalik eta independentzia gutxien nahi zituzten, eta kasu batzuetan ez ziren gertatu, Txetxenian esaterako. Lortu zutenek bertako herriek etengabe bultzatu zutelako lortu zuten independentzia, Mendebaldearen jarrera aldaketa politikoak eta ekonomikoak egotea defendatzera mugatzen baitzen».

«Errugabetasun inperiala» deritzo Botakoz Kassymbekova Basilekoa unibertsitate irakasle kazakhstandarrak gaur eguneraino datorren narratibari

. «Mendebaldeari zegokion inperialismoa, eta Sobietar Batasuna indar askatzailea zen. Ideia hori, noski, oso erakargarria izan da, hegoalde globalean batez ere. Eta horrek ezabatu egin du Sobietar Batasunaren dimentsio koloniala. Narratiba horrek dio kapitalismoak sortzen duela kolonialismoa, eta sozialismoak askatu. Baina argi dago jarraitutasuna dagoela Errusia inperialetik Sobietar Batasunera eta egungo Errusiara; sistema ekonomiko desberdinak izanda ere dimentsio kolonialari eusten zaio». Narratiba horri, ezezagutza eransten zaio: «30eko hamarkadan Ukrainan izandako Holodomor gosetea edo 1944ko txetxeniarren deportazioak debekatutako gaiak ziren, 90eko hamarkadako tarte batean baino ez ziren zabalik egon artxibo horiek».

Erica Marat Georgetown Unibertsitateko irakasle kirgizak dioenez, «inperio anker asko egon dira, herriak zapaltzen, hizkuntzak eta kulturak ezabatzen, bertako baliabideak lapurtzen. Ameriketako Estatu Batuak kolonoen herrialdea da, Europako herrialdeak ere bai, eta Txina, nola ez. Baina Mendebaldean eta beste leku batzuetan, zapalduta egondako herrietan, indigenen artean, badago eztabaida. Eztabaida zailak dira, tentsioak sortzen dituzte, baina beharrezkoak dira».

Bat dator “errugabetasun inperialaren” argudioarekin: «Auzo-herrietara joatea opari bat gisa aurkezten da herri horientzako, nolabait esker oneko beharko lukete Errusiak okupatutako lurraldeetako jendeek. Eztabaida horiek gertatzen ari dira, sobietarren menpe egon ziren lurraldeetan, baina ez Errusia barruan. Mendebaldean hasi berri da.

Eta ondare hori kolonizatutako jendearen perspektibatik begiratu behar da, ez Errusiako ikuspegitik, ez Mendebaldekotik», azaldu du.

Dimentsio koloniala «Ukrainatik harago doa; hor dituzu Georgia eta Moldavia, eta Kazakhstanen eta beste herrialde batzuen aurka ere etengabeko presioa dago, baita hizkuntzaren aldetik ere», dio Maratek. Horren aurrean, Asia Erdialdeko ikertzaileek «iratzartze deskolonizatzaile» bat nabari dute eskualdean: «Herri asko ikusten ari dira Errusiak sekula ez duela auzo-herrien arteko benetako berdintasunik bilatu, eta gobernuek Moskurekiko independentzia handiagoa bilatu dute berriki». Helburua da, Maratek dioenez, «Errusiak onartzea haien subiranotasuna, amai dezala leialtasun itsua eskatzen, errusiera eta kultura dominazioa inposatzeari utz diezaiola, eta haien atzerri politiketan interferentziarik ez dadila egon. Errusiaren orbitatik urruntzen ari dira. Aliatu historiko baino, auzo arriskutsu bihurtu da kazakhstandar, georgiar edo kirgizentzat». Moskutik urruntzeak, edozelan ere, ez du esan nahi «Mendebaldera hurbilduko direla, baina bultzatu beharko litzateke, Mendebaldetik ere, deskolonizazioaz eztabaida, bai Sobietar Batasunaren menpe egon ziren eta gaur independente diren lurraldeetan, baita Errusia barruko errepubliketan ere».

Galderen txandan, Ameriketako Estatu Batuetatik bultzatutako foro batean Errusiaren inperialismoaz hitz egiteko autoritate moralik ote zegoen galdetu zuen entzuleetako batek

, eta ez ote zen lehendabizi Ameriketako historia eta kolonialismoa aztertu beharko, esklabotza eta herri indigenen zapalkuntza, esaterako. Fatima Tlis kazetari zirkasiarrak erabateko legitimitatea zutela erantzun zuen. Txetxeniako eta Ipar Kaukasoko gatazketan trebatuta, 2005ean eta 2006an atxilotu, torturatu eta mehatxatu ostean alde egin zuen bere herrialdetik Tlisek.

XIX. mendean konkistatu ostean, zirkasiarren %90 hil edo otomandar lurraldeetara kanporatu zituen tsarraren inperioak; gero Sobietar Batasunak «hiru errepublika sortu zituen, denetan zirkasiarrak bizi arren bakoitzari izen bat eman zien, hizkuntza desberdinak balira legez». Egun, «zirkasiarrek ez dute haien historia edo hizkuntza ikasten. Adigeako Errepublikak zirkasiera ofizial izendatzean, fiskaltzak geldiarazi zuen. Errepublikan bizi diren errusiarrek hizkuntza ikasteari inposizio deitzen dio Putinek. Tsarra izan, sobietarra edo egungo Errusia, politika koloniala dago».

Egiaz, ikertzaile batek baino gehiagok konparatu dute Errusiaren Kaukasoko konkista Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldean gertatutakoarekin, baita iruditeria nazionalean geratu dena ere. Baina irakurketa kolonialetatik kanpo geratu ohi da Errusia. «Mendebaldeko akademiak oraindik uste du Errusiak modernizazioa ekarri zuela, elektrifikazioa eta garapena subjektu kolonialentzat. Asia Erdialdean errepide edo kotoi-plantazioak ikusi eta pentsatzen dute indar edo inperio ona izan zela jendearentzat. Baina garrantzitsua da bertako jendearen eta akademikoon ahotsak ere entzutea».