GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Merezi ote? Jakina, Euskal Herria gara!


Euskal Herrian, aldarrikapenak eta borrokak beti izan du leku berezia eta estrategikoa helburuak lortzeko saiakeran erabilitako bide gehienetan, guztietan ez esatearren. Eta oraindik ere, izaera horrek zorionez berean jarraitzen du gurean. Gure Eskuk asteburuan antolatutako “Pirinioetako bidea” ekimenak izandako arrakasta horren adibide baino ez da. Eta argi dugu horretan jarraitu behar dugula. Nola ez ba, mende erdi bat baino gehiago borroka egin eta aurrerapen asko lortu arren, oraindik, gu geu izateko, asko gelditzen zaigulako. Horregatik merezi du, Euskal Herria garelako!

Bizi garen gizarte honetan esparru guztiak izan daitezke eta dira egokiak euskal herritar bezala sentitzen duguna adierazteko, aldarrikatzeko eta borrokatzeko.

Euskal pilotari dagokionez, Biarritz xede nagusi modura hartuta, 2023ko urriaren 23tik 29ra, Munduko Euskal Pilota Txapelketan, 30 herrialde ordezkatuz 450 pilotari lehiatuko dira Biarritzeko, Baionako, Hazparneko eta Bidarteko pilotalekuetan. Esan gabe doa, jakina, 30 herrialde horien artean, tamalez, Euskal Herria ez dela egongo eta ondorioz, euskal pilotariek, beste behin ere, Espainiako edo Frantziako selekzioak ordezkatuz aritu beharko dutela. Eta galdera da, ez al da gutxienez egoera kontrajarria, euskal pilotariak izan eta euskal pilotan aritu arren, atzerriko nazioak diren Espainia eta Frantzia ordezkatuz aritu beharra? Lotsagarria ere bai, ezta? Eta galdera da, guk hori normaltzat jo behar dugu? Alegia, ez dugu ezer esatekorik eta besoak gurutzatuta eta ahoa itxita gelditu behar dugu? Espero dut ezetz, ez litzateke logikoa izango eta badut itxaropena, gurean, pilotariek, klubek, federazioek... zerbait esan eta egingo dutela. Denbora dago.

Txirrindularitza arloan, berriz, Euskal Herria garela aldarrikapena gauzatzeko, epe laburrean bi zita garrantzitsu ikusten ditut, bata begi bistan duguna Espainiako Itzulia abuztuan gurean sartzen denean eta, bestea, datorren urtean 2023ko Frantziako Tourra Euskal Herrira etortzen denean. Biak ala biak dira eszenatoki egokiak horretarako.

Euskal Herria gara! Ez dago zalantzarik. Ez gara espainiarrak edo frantziarrak sentitzen, euskal herritarrak baizik. Bai, baina hori ere gure egunerokoan azaleratu beharra dugu, hainbatetan egin dugun modura, zeren, guztiok dakigun bezala, betidanik, gure betiko etsaiak hori ere desitxuratu nahian dabiltza. Horregatik, nire ustetan, eskura eta begi bistan ditugun aipatu aukerak ezin dira alferrik galdu. Hasi gaitezen aktibatzen.

Irakurri berria dut gure gazteek naziogintza ardatz hartuta helduko diotela urte politiko berriari eta hainbat arlo jorratuko dituztela. Poz handia sentitu dut eta espero dut, erronka horien artean, besteak beste, euskal selekzioaren ofizialtasuna ere egotea. Nola ez ba, euskal herritarren gehiago batek berea egiten duenean aldarrikapen hori.

Horregatik espero dut ere, EAJk, EH Bilduk eta beste indar progresistek, elkar hartuta, Madrilen, Iruñean zein Gasteizko instituzioetan gaia politikoki sakontzea eta ofizialtasunaren bidean eman behar diren urratsak egitea. Nabaria delako, bultzada berriak egon arren, azken hamarkada honetan ofizialtasunaren aldarriak gurean indar asko galdu duela. Eta horren errua guztiona da.

Baina esan gabe doa merezi duela jarraitzea. «Hagitz hunkigarria baita gurea sentitzea eta ordezkatzea». Karmele Pikabea Lesakako Beti Gazteko sokatiralariaren hitzak dira. Baina seguru nago, beste euskal kirolari asko eta askorenak ere izan zitezkeela, berdin pentsatu eta sentitzen dutelako. Beraz, animo eta aurrera! Merezi duelako, Euskal Herria baikara!