GARA Euskal Herriko egunkaria

Marlaskak ontzat jo du Rabatek migranteen kontra egindakoa

Fernando Grande-Marlaska Barne ministro espainolak txalotu egin du Marokoko migranteen kontra egindako lana, Melillan izandako sarraskia gertatu eta bi astera Madrilek, Rabatek eta Bruselak polizien elkarlana bultzatzeko egindako bileran.

Grande-Marlaska eta Johanson, bileran. (AFP)

Marokok, Europar Batasunak (EB) eta Estatu espainolak immigrazioaren kontrako polizien arteko elkarlana bultzatzea hitzartu zuten atzo, Fernando Grande-Marlaska barne ministroak eta Ilva Johanson barne komisarioak Rabatera egindako bisitan.

Abdeluafi Laftit barne ministroarekin elkartu ziren atzo, Polizia marokiarrak Melillara pasatzen saiatu ziren 37 pertsona hil zituenetik bi aste igaro direnean.

Ez zituzten aipatu sarraski horregatik Estatu espainolak eta Marokok jaso dituzten kritikak, ez komunikatuan, ezta ondorengo adierazpenetan ere.

Aitzitik, Marlaskak eta Johanssonek gertatutakoa poliziaren elkarlana beharrezkoa dela adierazteko erabili zuten, hesia gurutzatzeko erabilitako «indarkeria» argudio gisa erabiliz. Marokok, bestalde, 61 migrante auzipetu ditu. «Giza tragediaren dimentsioa kontuan hartu gabe, gertakari horiek agerian uzten dute pertsonen trafiko-sareen muturreko indarkeria, edozein arrisku hartzeko prest baitaude», dio EBren eta Marokoren komunikatu bateratuak.

Melillan gertatutakoa «sare kriminalek hartutako modu operatibo oso bortitz berrien» ondorioa dela esan zuten, hainbat erakundek salatu duten poliziaren basakeriari gor eginez.

Marlaskak, gainera, Marokoren politika goraipatu zuen: «Bazkide guztiz fidagarria eta garrantzitsua da EBrentzat». Marokok «immigrazio irregular garrantzitsuari eusteko egiten duen lana», bere ustez, «aitortu beharrekoa da».

Europar Batasunak ere Rabaten jokabidea defendatu zuen komunikatuan. «Oinarrizko eskubideak errespetatzea da Marokok eta Europar Batasunak partekatzen duten balioetako bat», adierazi zuen agirian. «Bazkide estrategikoa da» eta migrazioa kudeatzeko eredu aurreratuenetako bat ere bai», gaineratu zuen.

Atzo, hain zuzen, Gobernu marokoarra lehen aldiz mintzatu zen jauzi masiboaren saiakerari buruz; «aurrekaririk gabekoa», «oso bortitza» eta «nahita» antolatua zela esan zuen.