GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Bandera gertu dute Oriok eta Urdaibaik

Gipuzkoarrek Euskotren Ligako bigarren garaipena eskuratu dute, lidergoa indartuz eta Arraun Lagunak 7.08 segundora utziz. Bizkaitarrek, aldiz, Eusko Label Ligako aurreneko garaipena sinatu dute, erakustaldi bikaina emanda eta lider ipini den Oriori 7.44 segundoko aldea sartuz.

Urdaibai bikain aritu zen atzo Coruñan. (Andoni CANELLADA FOKU)

Astean zehar traineruek Coruñako uretan aurkituko zituzten baldintzek kezka handia sortu duten arren, azkenean ontziek ez zuten atzo itsaso zakarrik izan. Haizea ibili zen, tarteka ufada aipagarriekin baina orokorrean egoera deserosorik gabe, eta olatuak ere izan ziren, baina neurrikoak eta ikuskizuna edertu zutenak.

Euskotren Ligan, Oriok hasiera-hasieratik hartu zuen estropadaren burua, eta ia estropada apurtu ere egin zuela esan daiteke. Laugarren kaletik, atzoko baldintzetan babestuena seguruenik, lehen bi minutuetan jada bost segundoko aldea atera zuen aurkariekiko. Ziabogan tartea bederatziko segundokoa zen Arraun Lagunakekiko.

Maniobra onena izan ez arren, itzulerako luzean, poparean, Nadeth Agirrek trainerua lasai istribor aldera joaten uzteko aukera izan zuen, baga txikia baliatuz, eta ez zuen inoiz garaipena arriskuan ikusi. Arraun Lagunak zertxobait hurbildu zen, baina tarteak handi samarrak izan ziren: 7.08 segundo Arraun Lagunaki, 11.60 Donostiarrari eta 14.90 Tolosaldeari.

URDAIBAI, IKUSGARRI

Eusko Label Ligan, Urdaibai izan zen erakustaldi aparta eman eta bandera ederki bideratuta utzi zuena. Lehen luzean aurrea Donostiarrak hartu zuen arren, bermeotarrek, lehen kaletik, sekulako bigarren luzea sinatu zuten poparean, eta hirugarren luzetik aurrera estropada erabakita utzi zuten, hamar segundotik gorako aldeak lortuz aurkariekiko.

Azken luzean, ordea, beste ontziek istribor aldera abiatzeko aukera izan zuten eta Gorka Aranberrik bere kaleari eutsiz joan behar izan zuen lehen kale horretan. Azkenean aldeak hauek izan ziren: 7.44 segundo Oriori, 10.64 Hondarribiari eta 15.46 Donostiarrari. Gainera, atzoko bigarren postuari esker Orio da lider berria.

Beste txandei dagokionez, berriz ere Getariaren lana nabarmendu behar da. Gipuzkoarrek sekulako lana egin zuten bigarren txandan eta, estropada ia guztian Kaikurekin lehia itxia izan arren, azken txanpan sekulako amaiera sinatu zuten. Bosgarren izan ziren eta postu horixe indartu zuten sailkapen nagusian. Isuntzak ere, seigarren, egun bikaina izan zuen.