GARA Euskal Herriko egunkaria
ALASKA

Hunter mendiaren mendebaldeko zutoinak lehen igoera jaso berri du

August Franzen eta Clint Helander alpinista estatubatuarrek «Full moon fever» bidea (AK6, M7, A1, AI4) sortu dute Alaskan. Jarduera bikain hori biribiltzeko lau egun behar izan dituzte guztira.


Alaskako mendilerroko Hunter mendia (4.442 m), sona handia izateaz gain, alpinisten helburu oso erakargarria da. Mendiaren mendebaldeko zutoina, adibidez, oso tentea da. Clint Helanderrek ingurumari hori bikain ezagutzen du, eta duela sei urte Hunter mendiaren sekzio luze eta tekniko horrekin guztiz harrapatuta geratu zen. 2021eko azken hilabeteetan, zutoin horrek bi ekinaldi jaso zituen, baina ez zuten arrakastarik izan. August Franzenek, adibidez, Helanderren asmoekin bat egin zuen eta zutoin horretan jardun zuten bi eskalatzaileek. Hemeretzi orduko jarduna egiten ari zirenean, eguraldia bat-batean aldatu zen. Hori gutxi ez, eta arrakala batean zortzi metroko erorikoa izan zuten.

Bada, sokada hori iragan maiatzean itzuli zen Helander mendiko zutoinera eta, lau eguneko jarduna eta gero, “Full moon ever” bidea (AK6, M7, A1, AI4) sortzea lortu zuen. Horri esker, estatubatuarrok Hunter mendiko zutoin horretako lehen igoera lortu dute. Eskaladaren inguruan, Helanderrek aurreratu du zabaldutako marrari izen hori jartzeko arrazoia bidean serac oso arriskutsuak daudela dela: «Augustek eta biok uste dugu serac horien arriskua dela jardueraren giltza. Arrisku hori gabe, ziur gaude mendebaldeko zutoina duela 30 urtetik igota egongo zela. Horri gehitu behar diogu Alaskan izaten ari diren tenperatura altuek izotza urtu egin dutela, eta, neurri batean, ibilbidea egun seguruagoa dela.

Protagoniston eskalada maiatzaren 13an hasi zen. Alpinistok bazekiten marra berriak asko eskatuko ziela, eta erritmo onean baina galga jarri gabe lau eguneko igoerari ekin zioten. Zutoina nortasun handikoa da, eta alpinismoaren arlo guztietan ondo baino hobeto jardutea eskatzen du: granito hauskorra, elur hautsa, erlaitzak, misto zaila, ertzak… Eta ertzak aipatu ditugunez, gailurrera eramaten duena, hegoaldeko tontorretik iparraldekora, luzea da oso: 4,8 kilometro. Horren inguruan galdetuta, Helanderrek dio erronka handi bat biribildu nahi zutela: «Hunter mendia igotzen duten talde gehienak lehenago erretiratzen dira; hots, benetako gailurrera ez dira joaten. Gure aldetik gutxitan bizitzen den eskarmentu aberats horrekin gozatu nahi genuen. Gogoratu behar dugu Hunter dela Alaskako mendilerroak duen hirugarren mendi garaiena. Bide batez, eskalada honekin bidean geratutako lagunak omendu nahi izan ditugu».

Arestian esan dugun bezala, sokadak bigarren ekinaldian lortu du arrakasta Hunter mendiko mendebaldeko zutoinean. Argi dute izaera horretako igoera bat lehen saioan egitea ia ezinezkoa dela. Helanderrek zortzi urte eman ditu bidea aztertzen: «Alaskako mendilerroan eta batez ere bertako mendi garaienetan eskalatu ez diren marrak aurkitzea erronka handia da. Gainera, Augustek eta biok bide berri bat zabaldu dugu, eta ezohiko aldaera bat. Gainera, kontuan hartu behar da zutoinak ez zuela igoerarik, eta guretzat hori oso garrantzitsua zen».

BIGARREN BISITAN

Aurtengo espedizioaren lehen urratsei dagokienez, alpinista estatubatuarrok aurreratu dute Ramen izeneko korridorea jaitsi nahi zuten eskiatzaile talde batekin egin zutela topo: «Denon artean glaziarrean ibilbide egokiena bilatzen jardun genuen. Eta puntu arriskutsuenak makilekin markatu genituen. Izotz-jauziaren oinarrian tresneria utzi eta kanpalekura itzuli ginen. Eguraldi leiho on bat behar genuen, eta maiatzaren 13an heldu zen. Glaziarra eskiatu ondoren, bidearen oinarrian jarri, bi luze eskalatu eta iazko ekinaldian aurkitutako bibak batean lo egin genuen. Oso ikusgarria da bibak hori. Gau osoa sokekin lotuta igaro genuen; zalantzarik gabe, ordu ederrak izan ziren!».

Biharamunean, beheko sekzioan beste lau luze igo zituzten; guztiak ala guztiak oso gogorrak. Egun horretan, bederen, bibak perfektua aurkitu zuten: «Lau luze horiek granito alpinoan inoiz eskalatu ditudan arriskutsuenetarikoak dira. Oso-oso puskatuta zegoen, eta ohiko tresneria jartzeko komeriak izan genituen. Gainera, zailtasunean ere luze zailak ziren: M7 ingurukoak. Horrez gain, baieztatu behar dut une jakin batzuetan artifizialean igo genuela. Lehen igoera bat zenez, gai horri ez genion garrantzirik eman. Hurrengo errepikatzaileek izango duten informazioarekin aukerak izango dituzte era librean igotzeko».

Hunter mendiaren hiru tontorrak lotu nahi zituzten, eta zeharkaldi luze hori egin ahal izateko indarrak gorde zituzten eskaladan zehar. Hirugarren egunean, berriz, granitozko beste sekzio puskatu bati aurre egin zioten. Eta hori bukatu bezain laster, asko exijitu zien zeharkaldian sartu ziren: «Hegoaldeko gailurrera iritsi eta beste bibak bat antolatu genuen. Haizeteengandik babestuta zegoen. Zeharkaldi hori ez da batere atsegina. Batetik, oso-oso luzea delako. Eta, bestetik, elurrean urratsa zabaltzen lan eskerga egin genuelako. Baina han geunden; ez zegoen aitzakiarik. Jarduera handi bat sinatu nahi genuen, eta zeharkaldi hori saihestea ez zen gure asmoen artean sartzen. Aktibitate bikain bati amaiera bikaina eman genion».

Hunter mendiaren benetako gailurra zapaldu eta gero, sokadak jaitsiera oso samurra izan zuen. Mendebaldeko ertza aukeratu zuten, eta sekzio horrek Ramen korridorearen oinarrira eraman zituen. Hiru orduko jaitsiera izan zen, eta ez zuten rappel bat bera ere egin. Ondoren, ia 16 kilometroko ibilbidea egin zuten kanpaleku nagusira heldu baino lehen.

Franzenekin Hunter mendiaren mendebaldeko zutoinaren lehen igoera sinatu ondoren, Helanderrek adierazi du esplorazioa oinarri duen alpinismoan zorte handia izaten ari dela: «Nire hastapenetan ez nuen kiderik galdu; uste nuen eskalada gauza ederra zela eta heriotza nire ingurutik oso urrun zegoela. Baina, urteen poderioz, iritzi hori arras aldatu da. Egun Augustekin eskalatzen dut; izan ere, nire adineko kide asko hil egin dira edo alpinismoa utzi dute. 37 urterekin ikasi dut nire bizitzan beste gauza garrantzitsu batzuk ere badaudela. Alpinismoa behar dut, baina ez da nire bizitzaren zutabe inportanteena. Azken bost urteotan egin ditudan proiektuak oso sakonak eta asko aztertutakoak izan dira. Goi mailako lehendabiziko igoerak egiteko aukera izan dut, baina argi dut ez dudala inolako interesik nire burua beharrik gabe arriskuan jartzeko. Ni etxera bizirik itzuli nahi dut, eta gehiegi arriskatzeak ez du merezi. Horregatik, sekzio arriskutsu bat zeharkatzerakoan han igarotzen dudan denbora minimizatu egiten dut. Bide alpino handiak eta tenteak eskalatzen jarraituko dut, baina erronka horiek zehatz-mehatz aukeratuko ditut».