GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Gazte borrokak merezi du


Iazko maiatzean gazteon prekarizazioa salatzeko Ernaik antolatutako mobilizazioan atxilotu gintuen Ertzaintzak, mobilizazio baketsu baten aurrean gogor oldartu ostean. Iazko ekainean deklaratu genuen, desordena delitua, autoritateari atentatu delitua eta lesio delitua egotzita. Deklarazioak eta frogak oinarri hartuta, instrukzio epaileak desordena deliturik egon ez zela ebatzi zuen. Desordenik egon ez zen testuinguruan 60 zauritu eragin zituen ertzaintzak, baita gu zazpiok atxilotu eta auzipetu ere. Desordenak ziren akusazioaren ardatza ordura arte. Ertzainen errelatoaren oinarria erori arren, beste delituen gainean jarraitu zuen prozesuak.

Aurtengo ekainean izan dugu bi eguneko epaiketa. 18 hilabeteko espetxe zigorra eta milaka euroko zigor ekonomikoak eskatzen zizkiguten. Epaiketa hasi aurretik fiskaltzak eta akusazio partikularrak -Ertzaintza Segurtasun Sailarekin- akordioa proposatu ziguten: gure burua erruduntzat jotzearen truke, gutako biren absoluzioa eta beste boston zigorrak jaitsiko zizkiguten. Ez genuen akordioa onartu.

Gure epaiketaren harira Ernaik martxan jarritako “Ez gaituzue geldituko” kanpainak kasuaren muntaia izaera eta horren atzean ezkutatzen zen polizia bortizkeria salatu zituen. Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren akordio proposamenak hori berretsi baino ez zuen egin, ez baitaukate, ertzainen gezurrez aparte, froga bakar bat ere gure erruduntasuna erakusten duenik. Eta are gehiago, irudi guztiek kontrakoa adierazten dute.

Egoera zaurgarrian geratu eta zigor handiagoak jasateko arriskua gure gain hartuta, eta espetxe arrisku zuzenik ez genuela aintzat hartuta, akordioa ez onartzea erabaki genuen. Horrekin, epaiketaren muntaia izaera salatu eta polizia honi zilegitasunik ez ematea bilatu, gazte borrokaren zilegitasuna aldarrikatu eta gure errugabetasuna defendatzeko hautua egin dugu. Euskal Herrian polizia autonomikoekin eta horiek mobilizazioetan zein kolektibo zaurgarriekin darabilten jardunarekin sakoneko arazoa dugulakoan gaude.

Hurrengo asteetan epaia jakingo dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu babesa adierazi diguten eragile eta herritar guztiei. Horrekin batera, gure elkartasun beroena izaera bereko epaiketa izan duten Bizkaiko metaleko langileei; Alconza, Tubacex, ITP edo garbiketako beharginei, Iruñerriko mugimendu feministari eta poliziaren bortizkeria arrazista dela eta epaiketa gogor bati aurre egin beharko dion Silbiari.

Azkenik, azken mezua gazteriari zuzendu nahi diogu. Mundu galdu honetan erresignazioan erori ez, antolatu eta borrokatzeko hautua egin eta bestelako Euskal Herri bat eraikitzeko borondatea duzuen guztioi. Gure epaiketatik abiatzen zen kanpainak gazte borrokan berrestea ere bilatu du. Ekainaren 4an kaleak hartzeak gure borrokaren gaitasuna eta indarra erakutsi zituen. Aurrerantzean ere kaleak hartzen jarraituko dugu!