GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
NADETH AGIRRE
Orioko patroia

«Etxeko estropadara topera goaz: garaipenaren eta lidergoaren bila»

Nadeth Agirre patroiak (Orio, 1993) bizi osoa darama Orioko Arraun Elkartean. 2019 eta 2020an Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazita, goia jo zuen. Joan den urtean hutsean geratu ziren eta, aurten, arantza kentzeko grinatsu dago. Larunbat honetan etxean lehiatuko dira, Orion, eta garaipenak soilik balio du, oriotarraren esanetan.

(Andoni CANELLADA FOKU)

Coruñako bandera irabazita, konfiantzaz gainezka dago Orio etxeko estropada lehiatzeko. Arraun Lagunakekin puntuz eta garaipenez berdinduta dago (bi garaipen eta 14 puntu) sailkapenaren goialdean eta asteburu honetan sailkapenean beste bultzada bat lortu nahi dute oriotarrek: bi estropadak irabaziz.

Horretarako, baina, Nadeth Agirre patroiak argi dauka arraunkera ona izan beharko dutela, «ez Coruñako lehen jardunaldian bezala». Nahiz eta aurkariari 7 segundoko aldea atera, GARAri onartu dio ez zutela estropadaz gozatu, antsietateak jota ibili zirela itzulerako luzean, eta igandean lortu zutela «sentsazio txar horiek uxatzea». «Bost aldaketa egin genituen eta ikusi da, aldaketak egin eta Arraun Lagunakek irabazi arren, ez genuela bururik galdu».

Igandekoan abantaila mantentzea izan zenuten xede?

Guk larunbateko sentsazio txar horiek uxatu nahi genituen. Arraunean behintzat ondo joatea. Nahi genuena zen estropadan ahalik eta denbora gehien gure arraunkerarekin joatea, txukun joatea. Gero, horrela irabazten baziguten, bada ondo. Orokorrean, sentsazio hobeekin geratu ginen.

Eta zein da Orioren arraunkera edo zein arraunkera lortu nahi duzue? Lortu duzue?

Une honetan erritmo gutxiagorekin hobeto moldatzen gara. Galizian minutuko 33 palada eginda ondo joan ginen.

Bilboko estropadan erritmo azkarragoan joan zineten. Bukatzean oso atsekabetuta agertu zinen. Hurrengo egunean, Donostian irabazita, hunkitu ere egin zinen.

Bilbokoa aurreneko estropada zen; orain arte egindako guztia erakutsi nahi genuen. Ez zitzaigun ondo atera, arraunkeran gehienbat. Erritmo handian sartu ginen eta hori ez da behar duguna. Penarekin geratu ginen, sei segundo atera zizkigulako Arraunek. Igandean joan ginen gurea egitera, irabazi edo ez irabazi. Gurea ondo egiten ez badugu alferrik delako.

Donostian, gainera, itsasoa bizi zegoen eta gogor ibili behar izan zenuen.

Bai, Donostiakoa nahiko konpletoa izan zen. Itzulerako luzea oso exijentea zen, itsasoa mugitua zegoelako, eta gure kalea ere suposatzen zen txarrena zela, baina ondo moldatu ginen eta oso gustura bukatu genuen.

Coruñan estropada batetik bestera, bost aldaketa eta maila mantenduz. Horrek konfiantza ematen du?

Bai, konfiantza ematen du, ze ikusten da taldekide guztiak hor gaudela. Ez dut nahi esan edozein traineru aterata taldeak funtzionatu egiten duela, ze taldea berria da eta oraindik blokea egin gabe dago. Aurten jende berria etorri da, gure funtzionatzeko modura moldatu behar izan dute, entrenatzailea ere berria da eta horretan hutsune bat igartzen dut. Baina, tira, oraingoz guztiek jokatu dute estropada bat -June Aranbarrik izan ezik, min hartuta egon baita- eta hori, gure aldeko da.

Bederatzi arraunlari berri, horietako bi esperientziadunak, June Aranbarri eta Andrea Oubiña. Kalitateari eusten laguntzen dute, ezta?

Bai, horrelako jendeak beste segurtasun bat, esperientzia bat, ematen dio traineruari. Beraien taldean esperientziadun jendea izan da. Hona etorri eta berriak izan arren, taldeari beste puntu bat ematen dioten arraunlariak dira.

Eta entrenatzaile berriak -Patxi Frances- zer ekarri dio taldeari?

Asko. Bere lan egiteko modura ohitu behar izan dugu. Orokorrean, aldatu da gehienbat. Gure funtzionatzeko modua eta lan egiteko modua oso exijentea da; uretara joaten garenean ez zaigu gustatzen gaizki joatea. Entrenatzaile batek esan aurretik gu bagara gai gaizki goazela ohartzeko. Alde horretatik, nik uste dut entrenatzailea gustura dagoela, exijentzia puntu hori arraunlariok jada barneratuta daukagulako.

Orain Orioko estropada, etxeko estropada.

Sekulako gogoarekin gaude. Oriokoa berezia da beti, etxean jokatzen dugulako. Gainera, ikusita taldea goian dagoela, irabazteko aukerak dauzkagula, topera goaz: banderaren eta lidergoaren bila.

Arraunkera oso ona izan eta galtzea ez da aukera bat?

Oriokoan ez (barrez). Hasieran ez genekienean nola ibiliko ginen, gurea egin eta disfrutatzea zen xedea. Ikusten dugu entrenamenduetan lanak ondo eginda trainerua oso ondo doala. Egia da aurkaririk gabe denok ibiltzen garela ondo, baina oso sentsazio onak genituen; horregatik Bilbon pena puntu hori.