GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Orio eta Hondarribia, bi kolpe ur gainean efektu ezberdinekin

Orioko emakumezkoen traineruak etxeko estropada irabazi eta lidergoan jarri da bakarka, puntu bateko aldea ateraz Arraun Lagunak-i. Gizonezkoen «Ama Guadalupekoa»-k denboraldiko lehen bandera lortu du, baina Donostiarrak lider jarraituko du.

Orioko arraunlariak, arraunak gora, etxean garaile. (A. CANELLADA I FOKU)

Estropada erakargarriak -zenbait puntutan polemikoak, abordatze bat tarteko- utzi zizkiguten Orioko urek atzo. Orio, etxean, eta Hondarribia izan ziren garaileak Euskotren eta Eusko Label ligetan, hurrenez hurren. Traineru horiko emakumeek, gainera, lidergoa berreskuratu zuten bakarka eta “Ama Guadalupekoa” ontziak kolpe handia eman zuen mahai gainean, baina Donostiarrak-eko “Torrekua II.ak” lidergoari eustea lortu zuen.

EUSKO LABEL: HONDARRIBIA, GOGOTSU ETA BIKAIN.

Bigarren txandan beste lau traineruek egindako maniobra berarekin hasi zuten estropada ohorezko txandakoek. Hau da, itsasorantz joaterakoan ontzi guztiek istriborrera jo zuten. Urdaibai izan zen ziaboga lehena egiten, baina Hondarribiak eta Donostiarrak oso denbora gutxian errepikatu zuten maniobra. Oriok sei segundo gehiago behar izan zuen. Ikusten zen garaipena hiru traineruren artean zegoela: Urdaibai, Hondarribia eta Donostiarra. Ordena, aldiz, zein izango zen?

Bigarren luzean Hondarribiak aurrea hartu zuen, baina biraketa egiterakoan gehiago ireki zen olatu baten erruz. Ez zuen abiadura galdu eta gertu izan zuen Donostiarra hurrengo luzean. Berdeak lider jarri ziren hirugarren eta azken biraketa egin baino lehen, baina biribiltzea falta zitzaien.

Bi traineruak asko gerturatu ziren elkarrengana azken metroetan, baina bakoitzak berea egiten jarraitu zuen eta Mikel Orbañanos oriotarrak entrenatzen duen taldeak ez zuen aukera pasatzen utzi lehen garaipena lortzeko.

ZIERBENA, AZKAR; ABORDATZEA GALIZIARREN ARTEAN.

Bigarren txandan Zierbenak hartu zuen protagonismoa beste hiru traineruei aurre hartzean estropada guztian. Kaikuk ez zion erraztasunik eman azken luzean, baina Zierbenak olatu ona hartu zuen 300 metroren faltan eta nahikoa izan zen azkarrena izateko.

Hala ere, eguneko bitxikeria lehen txandan iritsi zen. Azken luzean inork ez zuen amore eman nahi eta helmugaratzeko oso metro gutxiren faltan, lau traineruak kale berean sartu ziren. Lekittarrak irabazi zuen txanda, baina Ares eta Caboren artean abordatzea egon zen bitartean, Ondarroak hirugarren amaitu zuen. Handik minutu batzuetara, epaileek Cabo eta Ares deskalifikatu zituzten, punturik gabe utziz.

EUSKOTREN LIGA: ORIO NAGUSI ETXEAN.

Telebistako arazoak tarteko -Euskotren Ligako estropada amaitu zenean konektatu ahal izan zuen ETBk-, Orioren garaipenak sari garrantzitsu bat eman zien gipuzkoarrei: liderrak dira bakarka, puntu bateko aldea ateraz atzo bigarren izan zen eta Oriorekin lehia bizia duen Arraun Lagunak-i. Donostiarra hirugarren izan zen eta igo berria den Tolosaldea, laugarren.

Hasieratik nabarmendu zen Nadeth Agirrek zuzentzen duen trainerua. Lehenengo ziabogan azkarrenak izan ziren horiak, 7 segundoko aldea ateraz Arraun Lagunak-i, 10 Donostiarrari; eta atzerago iritsi zen Tolosaldea. Azken luzean hortzak gehiago estutu eta etxean garaipen polit eta garrantzitsua lortu zuten.