GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bairen lehenengo kongresua, azaroaren 26an Baionan


Badira jada hamabost urte Abertzaleen Batasuna, Eusko Alkartasuna eta Batasuna alderdiek indarrak batzeko parioa egin zutela. Bada, heldu den udazkenean eginen duen bere lehenengo kongresuaren bidez, EH Baik egungo eta biharko erronkei aurre egiteko «tresna komuna» bilakatu nahi du ezkerreko abertzale ororentzat. Bide horretan, hiriguneetan errotzeko helburua hobetsi zuen atzo Hiriburuko Plaza Berrian eginiko agerraldian.

Irailean abiatuko da “Aitzina goaz” leloa duen EH Bairen kongresu prozesua eta urrian zehar Ipar Euskal Herritik gaindi bilkurak izanen dira «parte hartze ahalik eta handiena lortzeko anbizioa» dagoelako. EH Bai «azkartzea eta berritzea» xede duen kongresuaren biltzar nagusia azaroaren 26an iraganen da Baionako Elkarteen Etxean.