GARA Euskal Herriko egunkaria

17 kongresukide atxilotu dituzte abortuaren aldeko protesta batean

35 pertsona atxilotu dituzte, tartean 17 kongresukide demokrata, AEBetako Auzitegi Gorenaren aurrean abortu eskubidearen alde protesta egiteagatik, Washingtonen. Poliziak twitterretik azaldu duenez, «pilaketa, buxadura eta deserosotasuna» egotzita atxilotu dituzte manifestariak.

Alexandria Ocasio-Cortezen atxiloketa. (Anna MONEYMAKER | AFP)

35 pertsona atxilotu zituzten atzo Washingtonen, AEBetan, Auzitegi Gorenaren aurrean abortu eskubidearen alde protesta egiteagatik. Atxilotuen artean 17 kongresukide demokrata daude. Indar polizialen hitzetan, «pilaketa, buxadura eta deserosotasuna» eragin zutela ebatzita atxilotu zituzten manifestariak. Horiek Roe vs Wade sententzia indargabetu izanaren aurka ari ziren protestan.

Ondokoak dira atxilotu zituzten 17 kongresukide demokratak: Katherine Clark, Ayanna Pressley, Barbara Lee, Jackie Speier, Sara Jacobs, Ilhan Omar, Bonnie Watson Coleman, Andy Levin, Rashida Tlaib, Jan Schakowsky, Madeline Dean, Cori Bush, Carolyn Maloney, Nydia Velazquez, Alexandria Ocasio-Cortez eta Alma Adams.

Kapitolioko poliziak twitter bidez adierazi zuenez, atxilotu aurretik «hiru aldiz» ohartarazi zieten manifestariei kaletik alde egiteko: «Guztira, 35 pertsona atxilotu ditugu pilaketa, buxadura edo deserosotasunagatik (...) Zenbaki horren baitan Kongresuko 17 kide daude».

Aldiz, kongresukideen arabera, desobedientzia zibileko ekimen batean parte hartzen ari ziren atxilotu zituztenean.

«Ez dago demokraziarik emakumeek ez badute beren gorputzen eta beren osasunaren inguruko erabakiak hartzeko kontrolik, ugalketa-zaintza barne», aldarrikatu zuen Kongresuko New Yorkeko ordezkari eta atxilotuetako bat izan zen Maloneyk ohar batean.

«Ugalketa eskubideak errespetatzen eta babesten dituen estatu bat ordezkatzeko pribilegioa dut; egin dezakedan gutxienekoa da nire gorputza arriskatzea, haien eskubideak galtzeko arriskua duten 33 milioi emakumeengatik», gaineratu zuen kongresukideak.

Era berean, errepublikanoen eta «eskuin muturraren» helburua «abortuaren debeku nazionala ezartzea» dela ohartarazi zuen.

“Roe vs Wade” sententziaren indargabetzea

AEBetako Auzitegi Gorenak, zeina sei epaile kontserbadore eta hiru liberalez osatuta dagoen, ekainaren 24an indargabetu zuen herrialdean abortua ahalbidetzen zuen aurrekari legala. Sententzia hau 1973tik erabiltzen zen AEBetan emakumeen abortatzeko eskubidea bermatzeko.