GARA Euskal Herriko egunkaria

Aldaketak eginda, hauteskundeak dira Sanchezen «lehentasuna»

PSOEko Batzorde Federalak aho batez onartu ditu Pedro Sanchez alderdiko buruak proposatutako kargu aldaketak. Egindako aldaketekin, 2023ko udal hauteskundeei eta hauteskunde autonomikoei begira dago dagoeneko alderdi espainiarra.

Sanchez eta kideak, Batzorde Federalean. (Jesus HELLIN | EUROPA PRESS)

Pedro Sanchez Gobernu espainiarreko presidenteak PSOE desberdin bat eramango du 2023rako aurreikusitako udal hauteskundeetara eta hauteskunde autonomikoetara, alderdiaren buruzagitzan eta Diputatuen Kongresuan izandako kargu aldaketen ondoren. Izan ere, PSOEko Batzorde Federalak aho batez onartu zituen atzo Gobernuaren den alderdiaren buruak proposatutako kargu aldaketak; besteak beste, Maria Jesus Montero ministroa izendatu zuten Adriana Lastraren ordez.

Horrez gain, Patxi Lopez EAEko lehendakari ohia Diputatuen Kongresuko bozeramaile eta Pilar Alegria Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministro izendatzea berretsi zuten alderdikideek, Hector Gomez eta Felipe Siciliaren ordez, hurrenez hurren.

Alderdiaren «lehentasun argia» datozen hauteskundeak irabaztea dela nabarmendu zuen Sanchezek Batzorde Federalean hitza hartu zuenean: «Irabazteko gogoa dugu, eta badakigu egiten. 2019an egin genuen, eta 2023an ere egingo dugu, zalantzarik gabe. Elkarrekin lan egingo dugu, talde gisa». Sanchezek alderdikideei eskatu zien «martxa bat gehiago sartzeko» erronka berrien aurrean; besteak beste, hauteskunde ziklo berria aipatu zuen, baina baita 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak edo «neurrigabeko» inflazio baten aurkako borroka ere. Halaber, hitzartzearen zati handi bat klima aldaketari eta Estatu espainiarrean eragin dituen azken suteei buruz hitz egiten eman zuen.

Aldaketa

Pedro Sanchezek eskerrak eman zizkien Batzorde Federalean aho batez berretsitako aldaketen ostean ordezkatuak izan diren alderdikideei eta, azpimarratu zuenez, «konpromiso eta eredugarritasunez» jokatu dute beti. Zehazki, Adriana Lastraren izena aipatu zuen, orain arte alderdiko bigarrena. Joan den astelehenean eman zuen dimisioa eta horrek sustatu du hein handian PSOEren moldaketa. Hector Gomez eta Felipe Sizilia ere izan zituen gogoan Sanchezek.

Era berean, presidente espainiarrak eskerrak eman zizkien orain arte Kultura ministro izandako Miquel Icetari -Memoria Demokratiko eta Laikotasuneko idazkari izango da aurrerantzean Patxi Lopezen ordez-; Ivan Fernandezi, Toledoko Ituneko eta Gizarte Inklusioko idazkari berriari; eta kargu hori betetzen zuen Juan Francisco Serranori.