GARA Euskal Herriko egunkaria

Argidun zahagia


B ehar genuena izan dugun belaunaldikoa naiz. Gehiago nahi genuen, noski, nork ez ditu maite kapritxoak? Baina oinarrizko beharrak bermatuak genituen. Agian horregatik, eta gure aurrekoekin alderatuta sekulako zortea genuela bagenekielako, gauzei balio handia ematen genien. Surferako argizaria da gauza horietako bat.

Lehen surf argizaria esku artean izan nuenean, ia jan egin nuen. Koko usaina zuen eta “Sex Wax” markakoa zen. Estalkia kendu eta taulari emateko ordua iritsi zenean itzelezko pena eman zidan, baina are eta min handiagoa eragin zidan lehen surf saioaren ostean taularen gainaldean mimo handiz txukun itsatsi nuen argizari zuri eta aratza zikindu zela ikusteak. Aurrez oinak garbitu nituen, baina, hala ere, itsasoratu aitzin argizariak zuen kolore gardena gris bilakatu zen.

Noizbait gertatu zait koko usaina duen argizaria usaindu eta hastapenetako garai haietara bidaiatzea. Ikusmenak, usaimenak eta entzumenak denboran atzera joateko aukera eskaintzen dute sarri, onerako eta txarrerako. Surf argizarien kasuan, niri behintzat, beti oroitzapen onak etortzen zaizkit burura.

Etimologikoki, bitxia da “argizaria” hitza. “Argi zagi” hitzetik omen dator. Argiari erreferentzia egitea ez da harritzekoa, kandelak argizariz eginak baitira, baina “zagia”? Hau da, zahagia edo zahatoa? Zertara dator? «Likidoak (batez ere ardoa) gordetzeko larruzko edukiontzia, ahuntz, aker, txerri edo txahal larruz egina», dio hiztegiak. Eta otutzen zait ez litzatekeela ideia txarra ardo usaineko argizari bat ekoiztea, urautsian giro alaiagoa izateko, txosna giro jatorra.