GARA Euskal Herriko egunkaria
EMAKUME TEKNIKARIEN ARRAKASTA UDA HONETAN

Emakume teknikariak: aukerak ematean dago gakoa

Nazioarteko zazpi futbol txapelketetatik seietan, emakume teknikariek gidatutako selekzioak nagusitu dira. Azken zazpi Eurokopetako garaikurrak ere emakume entrenatzaileentzat izan dira. Euskal Herrian badauzkagu goi-mailako taldeetan bidea egin dutenak, baina oraindik ere bide luzea dago urratzeko. Esaterako, zer gertatzen da jokalariak gizonezkoak diren taldeetan? Badago ausardia nahikorik?

(Franck FIFE | AFP)

Azken asteetan jokatu diren nazioarteko futbol txapelketa guztiak, bat izan ezik, emakume entrenatzailea zuten selekzioek irabazi dituzte: Eurokopa (Sarina Wiegman, Ingalaterra), Amerikako Kopa (Pia Sundhage, Brasil), Afrikako Kopa (Desiree Ellis, Hego Afrika), Asiako Kopa (Shui Qingxia, Txina) eta Ozeaniako OFC Nazioen Kopa (Nicole Demaine, Papua Ginea Berria). Soilik CONCACAFeko txapeldun AEBren hautatzailea izan da gizonezkoa: Vlatko Andonovski.

Azken zazpi Eurokopetan emakume entrenatzaileak nagusitu dira, baita azken bost Olinpiar Jokoetan ere. Munduko txapelketetan ere nabaria da arrakasta, azken sei txapelketetatik bostean emakume teknikariak izan dituzten selekzioak nagusitu baitira.

Nazioarteko txapelketetan nabaria da emakume teknikariek erdietsitako arrakasta. Aukerak ere gehiago eman dira. Pia Sundhage bezalako entrenatzailea punta-puntako selekzioetan ibili da aspalditik (AEB, Suedia eta Brasil); Silvia Neid eta Tina Theune-Meyerren Alemaniak zerua jo zuen segidan bost Eurokopa irabazita (1997tik 2013ra) eta azken urteetan Sarina Wiegman herbeheretarrak jo du goia, Herbehereekin eta Ingalaterrarekin azken bi Eurokopak erdietsi ostean. Europako txapelketa handian jokatu dituen 12 partidetan 12 garaipen erdietsi eta bi garaikur altxatu ditu Wiegmanek. Perfekzioa harrapaezina bada inon, La Hayako teknikaria hori lortzetik gertu egon da.

Lastima da entrenatzaile hauen ikusgarritasuna arrakastaren araberakoa izatea. Badagoelako oraindik ere jendartearen bermea jasotzeko erakutsi behar hori, arrakasta lortu behar hori. Bestela, betiko iruzkin ergelen egileek beraien arrazoibiderako baliatzen dituzte porrotak.

Horregatik da hain garrantzitsua aukerak ematea. Aukerarik eman ezean, ez baitago jakiterik. Gero eta gehiago dira emakume teknikariak, gero eta gehiago dira ikastaroetan -oraindik ere gutxiengoa diren arren- eta beraz, logikoa litzateke gero eta ate gehiago irekitzea. Aurtengo Eurokopan, esaterako, 16 hautatzaile nagusietatik sei izan dira emakumezkoak. %36 oraindik ere gutxi da -2019ko Munduko txapelketan %37,5 ziren emakumeak eta beraz, ehunekoa mantendu egiten da, baita 2015eko Eurokoparekin alderatuta ere-. Eta horregatik nabarmendu behar da hainbeste finalerdi erdietsi dituzten lau entrenatzailetik hiru emakumeak izatea (Wiegman Ingalaterrarekin, Martina Voss-Tecklenburg Alemaniarekin eta Corinne Diacre Frantziarekin).

ERREFERENTEAK

Euskal Herrian ere baditugu erreferenteak. Futbolak bereganatzen ditu foku guztiak eta, bertan ditugu goi mailan Natalia Arroyo kataluniarra Reala gidatzen -historian lehen aldiz Txapeldunen Ligarako sailkatuta- eta Iraia Iturregi, Athleticen trantsizioa zuzentzen. Iaz, Eibarren Anna Junyent hasi zen teknikari moduan eta Bigarren Mailan dagoen Osasuna ere Kakun Maizen gidaritzapean dago.

Ezin da ezbaian jarri urratsak egin direla, bidea egin dela, baina datuak esku artean hartu eta aztertzerakoan ohartzen gara Espainiako futboleko lehen maila osatzen duten 16 taldeetatik, gaur egun, soilik bost entrenatzaile nagusi direla emakumezkoak. Alegia, Eurokopan bezala, soilik %36.

Nolanahi ere, joan den astean Lointek Gernikak iragarritakoarekin, saskibaloian aurkitu dezakegu argi izpia gure taldeei dagokienez. Endesa Ligan soilik hiru teknikari emakume daude eta hiruak, Euskal Herriko klubetan: Azu Muguruza IDK Euskotrenen (Eurocup-a jokatuko du lehen aldiz), Madelen Urieta Araskin, eta aurtengoan, Anna Montañanak gidatuko du Lointek Gernika (horrek ere Eurocup txapelketa jokatuko du).

Oraindik ere zirrikitu ugari daude irekitzeko. Emakumeek praktikatzen duten kirolean entrenatzailea ere emakumezkoa izatea jada salbuespena ez dela dirudi; ate gehiago irekitzen ari direla edota normalizatuagoa dagoela -ez guztiz, jakina-. Baina, zer gertatzen da gizonezkoen taldeetan? Futbol liga nagusietan ikusezinak dira emakumeak, baita ACBn, Asobalen edo Eusko Label ligan ere. Helena Costa izan zen gizonezkoen futbol talde profesional bat gidatu zuen lehendabiziko emakumea: Clermont Foot Auvergne, Frantziako bigarren mailan; ondoren, Diacrek hartu zuen lekukoa.

«Klub askori ausardia falta zaie emakumezko teknikari bat kontratatzeko. Izen handiko klub bat aitzindari izatea da gakoa. Oraingoz, emakume batek talde handi bat gida dezakeela pentsatzea tabua dela dirudi», adierazi zuen, hain zuen ere, Martina Voss-Teclenburg alemaniarrak, Eurokopako prentsa agerraldi batean.

Eta noski, hautua ondo atera daiteke edo gaizki, erratzeko aukera beti dagoelako inguruan, izan emakumezko edo gizonezko. Erratzea baino gauza gizatiarragorik ez dagoelako.