GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Autonomismoaren arima burokratikoaren pisua


Administrazio baten egituraketa instituzionala berez da zaila. Erakunde indartsuak, ondo artikulatuak, eraginkorrak eta malguak izatea garrantzitsua da gizartearen garapenerako. Talentua erakartzeko gai badira, eta hori gizarteari zerbitzu, partaidetza eta berrikuntza gisa itzultzen badiote, etorkizun hobe baten bermea izango dira. Hala ere, tentazio burokratikoa oso indartsua da. Erakundeen garapenak mediokritatea eta klientelismoa ere susta ditzake, gainbehera bizkortuz.

Gernikako Estatututik datorren erakunde-sareak hazi besterik ez du egin. Gaur egun, 107 sail, erakunde autonomo, ente, sozietate publiko, fundazio eta partzuergok osatzen dute EAEko Administrazio orokorra. Sare horren barruan baliozko jendea dago, zalantzarik gabe, baina baita bizkarroi talde ikaragarria ere. Dauzkan gaitasunengatik baino gehiago alderdiko kide izateagatik kargu bat duen jendea da. Harrigarriro goi karguz aldatzen den jendea da, ingeniaritzari lotutako arlo batetik kulturako beste batera igaroz, bere leialtasun militanteak saria merezi duelako. Adibidez, duela gutxi jakin da Lakuako Gobernuko 227 kargudunek auto ofizial bat erabiltzen dutela. Horietako dozena bat, behintzat, GARAk gaur aipatzen dituen erakunde eta sozietate publikoetako arduradunak dira. Langileei soldata-euspena eskatzen dietenek edo autonomoei eta enpresei kudeatzen ezinezkoak diren baldintzak jartzen dizkieten berberek, aldi berean, haiek aberastea eta erosotasuna beste justifikaziorik ez duten sariak jasotzen dituzte. Bide batez, beren estatusa erakusteko aukera da.

Euskal autonomismoaren arima burokratikoaren ispilua Espainiako erakunde-arkitektura da. Gainera, hori Frantziakoaren kopia bat besterik ez da, are eta ustelagoa ere. EAJ-PSE ituna gidatzen duen «munduko espainiarrik onenak» leloak anbizio eskasa dakar. Besteak beste, euskal erakundeak beren kasta politikoaren mendeko aparatu burokratiko erraldoi bihurtu dituzte. Burokratizazio prozesu orotan gertatzen denez, honelako administrazio bat erraz bihur daiteke aldaketa justu eta demokratikoen aurkako galga nagusi. Beraientzat, horko alderdi eta karguentzat, gehiegi baitago jokoan.