GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Lopez Abetxuko hirugarren izan da Portugalen, Matiasek esprintean irabazitako etapan

Caja Rural taldeko arabarra Viseuko helmugako esprintean lehiatu zen eta Joseba Lopez Cuesta talde horretako gaztea eguneko ihesaldian sartu zen.

Andoni Lopez Abetxukok azken unera arte borrokatu zuen esprintean. (Caja RURAL PODIUM EVENTS)

Caja Rural taldeak protagonismoa izan zuen atzo, astelehenez. Jakina da Jonathan Lastra eta David Gonzalez Lopez talde horretako bi txirrindulariak Munichen jokatuko den Europako txapelketan arituko direla. Baina atzo, albiste hori alde batera, Volta Portugalen egindako laugarren etapan garrantzia handia izan zuten Caja Ruralekoek.

Izan ere, Viseuko esprintean, Andoni Lopez Abetxuko hirugarren izan zen, Joao Matias portugaldarraren (Tavfer-Mortagua) eta Scott McGill estatubatuarraren (Wildlife generation) atzetik. Bestalde, eguneko ihesaldian Joseba Lopez Cuesta gaztea ibili zen, profesionaletan korritzen duen lehen lasterketan.

Matiasek Volta Portugaleko edizio honetako bigarren garaipena erdietsi zuen azkarrena izan ostean, baina Mauricio Moreirak (Glassdrive) jarraitzen du lider, Frederico Figueiredo taldekideari 30 segundoko aldea ateraz.

Eguneko ihesaldian Joseba Lopez Cuesta (Caja Rural) ibili zen. Hala ere, tropelak bertan behera utzi zuen abentura helmugaratzeko 2,5 kilometroren faltan. Hortxe agertu ziren esprinterren taldeak, baina, beste behin, bigarren etapan bezala, Joao Matiasek bere indarra erakutsi zuen eta azkarrena izan zen. Volta Portugalek atseden eguna izango du gaur eta bihar bueltatuko da errepideetara, 165,7 kilometro izango dituen Mealhada eta Vila Novako behatokia arteko etaparekin. Amaiera lehen mailako mendatea da, %8,2an.