GARA Euskal Herriko egunkaria
ATLETISMOA

Urrea balio duen harrera Europako txapeldunari

Asier Martinez atleta zizurtarra atzo gauean iritsi zen Noaingo aireportura eta lagun, familia eta herrikideen ongietorri beroa jaso zuen berriki irabazi duen Europako txapelketa dela-eta.

Noaingo aireportuan bere sendiaren harrera beroa jaso zuen Asier Martinez atletak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Egun batzuk igarota, zaila da jakitea Asier Martinezek barneratu ote duen Europako txapeldun izan dela 110 metroko hesiduna proban, baina atzo Noaingo aireportuan jaso zuen harrera beroari esker apur bat gehiago sinetsiko zuen, seguru. «Pozik nago. 110 metro hesiduna tradizio handikoa da, maila handiko lasterketa da eta betidanik jarraitu izan dut telebistaz. Beraz, esanahi handia dauka garaipen honek», onartu zuen Martinezek Madrilgo aireportuan lehenengo geldialdia egin zuenean. Etxera iristeko gogotsu azaldu zen bertan ere.

Zizurtarrak beti, une oro, eskertu izan du hurbilekoen babesa. Halaxe adierazi zuen lasterketa bukatu bezain laster; ez soilik hitzez, baita ekintzekin ere. Bere lehen erreakzioa lagun eta senideek okupatzen zuten harmailara joatea izan zen, denen besarkadak jasotzera eta bere garaipena eta, beraz, zoriontasuna denekin partekatzera.

«Nire hurbileko jendea hemen egoteak, lasterketa bertatik bertara nola bizi duten ikusteak dena suposatzen du niretzako», adierazi zuen oraindik ere Munichen zela. Gainera, lasterketa ezin zirraragarriagoa bizi izan zuten; ozta-ozta, eta lasterketa modu onenean hasi gabe, segundo milaren bategatik nagusitu zitzaion Martinot-Lagarde frantziarrari.

HARRERAZ HARRERA

Lagunak eta senide batzuk izan ziren Alemanian, baina Martinezek berak nabarmendu zuenez, bere amak ezin izan zuen joan eta, beraz, etxera iristeko gogotsu agertu zen, hara joan ezin izan zutenekin ere garaipena partekatzeko, «beraientzako ere esanahi handia baitauka garaipen honek». Eta Noaingo aireportuan bertan ez zuen hutsik egin sendiak eta besarkadak eta musuak ez ziren falta izan.

Hala, espero legez, urrea balio duen harrera jaso zuen Europako txapeldunak eta ez da izango jasoko duen ongietorri bakarra. 23 urtez azpiko txapeldun kontinentala izan zenean ere, duela apenas urtebete, Zizur Nagusian bengalak, txalo zaparradak eta besarkadak izan ziren nagusi. Bai eta pista estaliko Munduko Txapelketan laugarren egin zuenean ere. Euskal Herri osoa zeharkatu zuten irudiok eta hori soilik hasiera izan zen, Asier Martinezen arrakasta hastapenetan zegoela esan baitaiteke eta aurten sekulako eztanda izan du. Eta, nola ez, Martinezen arrakastekin Zizur Nagusiak eztanda egiten jarraitu du: Tokioko Olinpiar Jokoetako finalean, Eugeneko (AEB) Munduko Txapelketan brontzea irabaztean eta oraingoz azkenik Europako txapelketan urrea irabaztean.

Oraingoan, lehen harrera ez du bere udalerrian izan, aireportuan baizik eta hunkigarritasunetik gehiago izan zuen eztandatik baino. Nolanahi ere, harreraz harrera ibiliko da egun hauetan.