28 AOûT 2022 ARRAUNA Urdaibai, are liderrago Aresko bandera astinduta; Santurtzik kolpea jo du Bermeotarrak aise nagusitu dira Aresko XV. Banderan eta, beraz, lidergoa sendotu dute. Puntu bat gehiago atera diote hasierako txanpan ondo eutsi dion Hondarribiari. Hiru estropadaren faltan, lau puntuko errenta daukate indartsu ari diren bizkaitarrek. Gorka Aranberri, Urdaibaiko patroia, Aresko Bandera astintzen. (ACT) Ane URKIRI ANSOLA Oso traineru gutxik egin diezaioke aurre Urdaibairen indar erakustaldiari. Sasoiaren bigarren txanpan urrats bat aurrera egin dute Ibai Zabalaren mutilek eta, Eusko Label liga erabakitzeko hiru estropadaren faltan, lau puntu ateratzen dizkiote Hondarribia bigarren sailkatuari. Bermeotarrek Coruñan lortu zuen lehen garaipena, baina ondoren sei jardunaldiz egon ziren banderarik astindu gabe. Hondarribia sasoiko zegoela zirudien, baina Getarian eginiko akatsak kondenatu ez ezik, Urdaibairen onena atera du. Potentzialki ontzi indartsuena da bermeotarrena eta ikusi besterik ez dago luze bakoitzean ateratzen duen abantaila, zeresanik ez azkenengoan. Atzo, Aresen, hasieratik inposatu nahi izan zuen bere legea eta gainontzeko hiru ontziei segituan atera zizkien bi segundo. Soilik Hondarribia izan zen gai bermeotarrei jarraitzeko, baina bi segundoko alde hori handitzen joan zen hirugarren luzea hasi orduko. Donostiarrak, laugarren kaletik, asko sufritu zuen eta Orioren atzetik helmugaratu zen. Bigarren ziabogaren ondoren, Urdaibaik aldeak handitu zituen eta, azkenerako, Hondarribia zortzi segundora helmugaratu zen. Pozik bukatu zuten bermeotarrek eta ez da gutxiagorako. Hiru estropada geratzen dira Eusko Label ligako txapelduna erabakitzeko eta lau puntuko errentarekin da lider Ibai Zabalaren taldea. Hori ez ezik, jardunaldi bakoitzean erakusten duen indarra ere hain da handia, ez dirudiela triskantzarik gertatuko denik Bermeo aldean. Hiru estropadatan lau puntu iraultzeko, Hondarribiak alde handia atera beharko dio Bermeori eta, gauzak normal joanez gero, ez dirudi gertatuko denik. SANTURTZI, SALBATUTA Sailkapenaren goialdean ez ezik, beheko aldean ere bazegoen interesik. Lekittarra eta Santurtziren arteko dema, jaitsiera play-offa jokatzea saihesteko, uste baino apalagoa izan zen, Isuntza ez baitzen gustura aritu laugarren kaletik. Lekeitiarrak azken bukatu zuten lehen txanda eta Santurtzik, irabazi ez ezik, azkenerako, bost puntu gehiagoko aldea zabaldu zuen. Hala, birtualki salbatuta dago Sotera, denboraldi gogor batean helburua lortuz. Atzetik aurrera aritu dira santurtziarrak eta Isuntzak, ordea, huts egin du azken txanpan. «Ezbehar handi bat gertatu beharko litzateke aldea iraultzeko eta hori ere ez dugu nahi», zintzo agertu zen Osertz Alday entrenatzailea. Behin betiko emaitza gaur jakingo da, Cabon. Donostiarra eta Lekittarra laugarren kaletik makal aritu baziren, ez zen izan Getariaren kasua. Bigarren bukatu zuen txanda, egindako denboraldi bikainaren bidetik. Aitzakiarik izan ez zuena Zierbena izan zen, bigarren kaletik estropadako motelena izan baitzen. KAE 1 LIGAColindresen jokatu da KAE 1 ligarako igoera faseko lehen jardunaldia. KAE2 ligan bigarren egin duen Donostiarrak eraman du lehen estropada. Maila eustea helburu duen Camargo izan da bigarren, eta, hirugarren, helburu bera duen Busturialdea. Estreinakoz igoera jokatzen ari den Mutriku izan da laugarrena. Auzia gaur erabakiko da, Lutxanan.