GARA Euskal Herriko egunkaria
SURFA

Yolanda Hopkins eta Gatien Delahaye txapeldun Angeluko QS txapelketan

Yolanda Hopkins portugaldarrak eta Gatien Delahaye frantsesak irabazi dituzte Angeluko QS txapelketak eskainitako 3.000 puntuak. Ariane Ochoa bilbotarra bigarren geratu da, eta horri esker bigarren postuan da uneotan Europako QS rankingean.

Ariane Ochoa, Angeluko finalista. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Yolanda Hopkins portugaldarra eta Gatien Delahaye frantsesa gailendu ziren abuztuaren 27an Angelun amaitu zen 3.000 puntuko QS txapelketan. Ariane Ochoa bilbotarrak bigarren postua eskuratu zuen eta emaitza horri esker Europako ranking orokorrean bigarren postuan kokatu zen.

Olatuak txikiak izan ziren pasa den astean Angelun egin zen Europako QS txapelketan, baina parte hartzea zabala izan zen eta lehiakideek maila altua erakutsi zuten. Lehiakideen artean Euskal Herri osoko surflari andana izan zen, batez ere mutilen artean, baina, beste behin ere, neskak izan ziren emaitza hoberenak eskuratu zituztenak.

Angeluko txapelketa Europako QS zirkuituko laugarrena izan zen, hortaz, lehiakideek oraindik ere aukera gehiago izango dituzte rankingean postu on bat eskuratu eta hurrengo denboraldian CS mailara igotzeko. Izan ere, kontuan hartu behar da QS denboraldiak ez duela ohiko egutegia jarraitzen, hau da, urte bateko udan hasten da eta hurrengo urteko udaberrian amaitzen da. Ondorioz, 2022-2023 sasoiko zirkuitua amaitzeko oraindik asko falta da eta lehiakideek oraindik aukera gehiago izango dituzte egungo postuak hobetzeko.

Rankingean kokatzen

Larunbat goizean egin zituzten nesken zein mutilen kategoriako finalerdiak eta finalak. Bezperan izan ziren aurtengo txapelketan izan ziren olatu handienak, metro eta erdikoak, baina larunbatean berriz ere olatuen tamainak behera egin zuen eta metro erdiko olatu narrasetan amaitu zuten txapelketa.

Nesken finalean Yolanda Hopkins portugaldarra eta Ariane Ochoa bilbotarra izan ziren buruz buru. Biek eskuin olatuak hartu zituzten, baina olatuak laburrak ziren eta ahalik eta azkarren bira bat edo bi egiten saiatu ziren bi surflariak, portugaldarra aurpegiz, eskuin surflaria delako, eta bizkaitarra, ostera, bizkarka, ezker surflaria baita.

Hopkinsek indar gehiago erakutsi zuen birak egiteko orduan, oso bizi ibili zen eta Ochoak ezin izan zion erritmoa jarraitu. Hala ere, Angelun eskuratutako postuari esker uneotan bigarren da bilbotarra nesken Europako rankingean, Angelun garaile izan zen lehiakide portugaldarren atzetik.

Kontuan izan behar da denboraldia amaitzean QS rankingeko lehen zortzi postuetan dauden neskak CS mailara igoko direla, beraz, garrantzitsua da oso lehen zortzi postuetako batean egotea. Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra da egun multzo horretan dagoen beste euskal lehiakidea, seigarren postuan baitago. Pauline Ado hendaiarra eta Ainhoa Liceaga biarriztarra, ostera, ez dira lehen zortzi postuetan uneotan. Hori bai, 10. eta 15. postuetan dira bi lapurtarrak, eta, beraz, ez dabiltza urruti.

Mutilen kategorian, berriz, Ramzi Boukhiam marokoarra eta Gatien Delahaye frantsesa izan ziren finalean. Bira indartsuak egin zituzten bi lehiakideek, baina Delahaye nagusitu zen eskuin olatu batean egin zuen aireko bikain batekin eskuratu zituen puntuei esker.

Gauzak horrela, Angelun irabazitako 3.000 puntuei esker, Guadalupe uharteetako surflari gaztea mutilen Europako QS rankingeko buruan jarri da. Denboraldi honetako bi lehiaketetan bakarrik parte hartu duen arren, lehen postura igotzea lortu du Delahayek.

Mutilen kategorian, QS rankingeko lehen hamar lehiakideak dira CS mailara igotzeko txartela eskuratzen dutenak eta, oraintxe bertan, hamargarren postuan dago Kai Odriozola donostiarra. Alegia, Ochoa eta Gonzalez Etxabarri bezala, Europako QS itzulia orain amaituko balitz, CS mailara igotzeko moduan egongo litzateke gipuzkoarra.

Adur Amatrian zarauztarra, bestalde, 12. postuan da, Galizian eskuratu zuen txapelari esker, eta Bitor Garitaonandia debarra ere lehen hamar lehiakideen multzora gerturatzen ari da. Izan ere, Ingalaterran bigarren postuan geratu zen eta egun QS rankingeko 14. lehiakidea da Garitaonandia.

2024. urtera begira Angelukoa 2022-2023 itzuliko laugarren QS txapelketa izan da, aurrez, Galizian, Ingalaterran eta Frantzian izan baitziren QS mailako lehiakideak. Angelukoa Euskal Herrian egiten den maila horretako txapelketa bakarra da eta aurtengoan, gainera, garrantzi berezia izan du, 3.000 puntuko txapelketa izan baita. Ildo horretan, aurtengo sasoian orain artean egin den txapelketarik garrantzitsuena izan da Angelukoa, eta horregatik egin dute nabarmen gora QS rankingean Lapurdiko hitzorduan emaitza onak eskuratu zituzten surflariek.

Hurrengo txapelketa ere 3.000 puntukoa izango da. Urriaren 18tik 23ra bitartean egingo da Azore uharteetan, eta, ostean, etenaldi bat izango da. Gero, 2023ko lehendabiziko hilabeteetan berriz ekingo diete lehiakideek Europako QS zirkuituari, munduko Challenger Series itzulia hasi aitzin denboraldiari amaiera emateko.

Datorren urteko udaberrirako amaituko dira eskualde desberdinetako QS itzuliak. Europari dagokionez, mutilen rankingeko lehen hamar lehiakideak eta nesken rankingeko lehen zortzi lehiakideak izango dira hautatuak 2023ko Challenger Series itzulian parte hartu ahal izateko.

Ondoren, CS itzulia amaitzean, nesken zein mutilen CS rankingeko lehen bost lehiakideak lehen mailara igoko dira 2024. urtean. Alegia, orain Europako QS zirkuituan lehian ari direnak, 2024an CT mailan egoteko lehian ari dira.