GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Ezohiko uda


Gizakiaren memoria selektibo xamarra dela esan ohi dute eta eguraldi kontuetan ere hala izanen da batzuetan, baina nik uste denok gatozela bat aurtengo uda aspaldian bizitako beroena izan dela.

Izan dira urteak sekulako bero-boladak izan direnak, baina aurtengo udak izan duen berezitasuna da egun askoan jarraian bero handia izan dela eta batez bestekotik gorako tenperaturak izan ditugula. Zergatik hori? Batetik, antizikloi gune sendoak Afrika iparraldean eta Europan zehar kokatu dira eta, bestetik, goietan aire hotz poltsak maiz samar hurbildu dira penintsulara. Honekin, hego-haizeak muturra maiz sartu du, penintsula hegoaldean kokaturiko aire beroa sarri iritsi da gurera. Horrek guztiak ez du esan nahi hemendik aurrerako udak halakoxeak edo okerragoak izango direnik. Klimaren berotze progresiboak horrelako udak ugaritzea ekarriko du, bai. Baina ez da urtero hala gertatuko; uda fresko eta euritsuagoak ere izango ditugu. Hori bai, muturreko tenperaturak izateko aukera asko handituko da hemendik aurrera.

Momentuz freskura eta euria eskas izan ditugu, baina badut esperantza udazkena eta, batez ere, negua, azken urteetan ez bezala, aurten portatuko direla, euri eskasia amaitzeko, mendietan elurra pilatzeko eta uda bero eta lehor hau ahazteko.