GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA

Ainhize Belar atxondar eskalatzaile gaztea zeharo sendotu da 8c mailan

16 urteko kirolari bizkaitarrak zailtasun horretako bere hirugarren bidea kateatu berri du: «Kulun Gele», aurreko biak bezala, Gaubean kokatua. Sei eguneko ekinaldiak soilik behar izan ditu, hasiera batean bere asmoen artean ez zegoen bidea osatzeko.


Nahiz eta oso gaztea den, Euskal Herrian kirol eskaladan jarduten duten nesken artean Ainhize Belar erreferentzia nagusia da. Orain dela pare bat urte, 14 urte zituela, eskalatzaile bizkaitarrak ezusteko handia eman zuen “Gezurren erresuma” bidea (8c) sinatu zuenean. Hala, zailtasun hori lortu duen euskal eskalatzaile gazteena bihurtu zen. Iaz, berriz, “Skin Dead” eskuratu zuen; 8c mailakoa hori ere. Eta joan den hilabetean, 16 urterekin, “Kulun Gele” sartu zuen bere zorroan, beste 8c bat. Hiru 8c, eta, gainera, oso gogoko duen Gaubeako eskalada eskolan (talismana ote da?).

Uda honetan izaten ari garen bero boladek asko baldintzatu dituzte eskalatzaileen proiektuak. Oro har, baldintza kaskarrak izan dituzte, baina Belarrek, bederen, motibazioa aurkitu du Gaubeako marra horretan. Atxondarrak NAIZi adierazi dionez, uda honetarako ez zuen xede berezirik: «Bide hori ez zegoen nire asmoen artean, baina ondoko 8b mailako bide bat egin ondoren, lagunek ‘Kulun Gele’ probatzeko aholkatu zidaten; besteak beste, hasiera berbera duelako. Onartu behar dut bide hori beti oso erakargarria iruditu zaidala. Probatu, pauso guztiak atera eta proiektu bezala hartu nuen. Ondoren, oporretan egon nintzen. Berriro Gaubeara itzuli eta bigarren egunean katera erorikorik gabe heldu nintzen. Denera, sei egunetan hainbat ekinaldi egin ditut».

Oso sasoiko

Arestian azaldu bezala, atxondar gazteak oso denbora gutxi behar izan du “Kulun Gele” patrikan sartzeko. Hori gutxi ez, eta lorpena beroaldien artean eskuratu du: «Etxetik kanpo zailtasun handiko xede bat probatzea ez da batere erraza; batez ere, ekinaldi asko eskatzen baditu. Badut bat, baina itxaron beharko du. Gaubeako marra honetan ez dut baldintza egokirik izan. ‘Kulun Gele’ kateatu nuen egunean 39 graduko tenperatura egin zuen!».

Bide horren ezaugarriei dagokienez, aurreratu behar dugu oso fisikoa dela eta pauso oso luzeak dituela. Azken eite horrek buruhauste bat baino gehiago eragin dizkio Belarri: «Ni txikia naiz, eta kosta egin zait mugimendu horiek gainditzea. Nire metodoak, hots, nik asmatutako pausoak egin behar izan nituen. Adibidez, atseden hartzeko leku on batean ezin nuen belauna ondo jarri. Eta hori oso garrantzitsua zen goiko sekzioari ondo ekiteko. Beraz, nola hala atseden egoki bat hartzera behartuta nengoen, energiarekin aurrera jarraitzeko eta bidearen giltzari indartsu ekiteko. Beste metodo batzuk erabili ditudanez, lasai esan dezaket beste ‘bide’ bat eskalatu dudala».

Beroaren eta pauso luzeen eragozpenak izan baditu ere, lerrootako protagonistak “aise” gainditu du “Kulun Gele”. Aipatu bezala, 8c mailako hiru bide sinatu ditu, eta hori euskal nesken artean ez da ohikoa; guztiz kontrakoa. 8c lortzen gazteena izateaz gain, kopuruan soilik Josune Bereziartu batzen zaio: «Hamasei urterekin hiru 8c egitea niretzat ikaragarria da. Lorpen horri garrantzi handia ematen diot».

Orain, berriz, arroka alde batera utzi eta bi aste barru hasiko diren lehiaketei begira jarri da. Gogoratu behar dugu, Belar erabat nagusi dela Euskal Herriko zein Espainiako zailtasuneko probetan. Bere kategorian erregina da, eta lehia munduan gogor jarraitzeko oso animatuta dago: «Arroka alde batera utzi eta lehiei begira entrenamenduekin buru-belarri nabil. Datozen hilabeteotan hitzordu asko ditut. Ingurumari honetan garaipen ugari sinatu ditut, baina Europako Kopan zaila dut emaitza on bat lortzea».