GARA Euskal Herriko egunkaria
KARAKORUM

Uli Biahoko hotzak ez ditu alpinista italiarrak izutu

Uztailean, Alessandro Bau-k, Laonardo Gheza-k eta Francesco Rattik Trango Dorreetan dagoen erpinaren ekialdeko horman «Refrigerator Off-Widht» bidea (7a, A2, M5, 510 m) zabaldu zuten. Murruaren bigarren igoera omen da.


Italiarrak gogotsu ibili dira Karakorumeko udako denboraldian. Batzuek zortzimilakoak izan dituzte jomugan: Nanga Parbat, Broad Peak eta K2. Beste batzuek, aldiz, nahiago izan dute garaiera txikiagoan eta pareta teknikoetan eskaladan aritzea. Hori gertatu zaie Alessandro Bau, Leonardo Gheza eta Francesco Rattiri. Trango Dorre ezagunetan izan dira, eta espedizioak emaitza bikaina lortu du. Uli Biaho erpinaren (5.620 m) ekialdeko hormatzarrean izaera alpinoa duen bide bat zabaltzeko gai izan dira.

Murru horren erdi-erdian oso agerikoa den diedro bat ikusi zuten, eta, gehiegi pentsatu gabe, hura eskalatzera abiatu ziren. Bi eguneko lan eskerga egin eta gero, hirukoteak “Refrigerator Off-Width” marra sortu zuen. Antza denez, horma horren bigarren bidea da. 510 metro luze da, eta honako zailtasun teknikoak ditu: 7a, A2 eta M5.

Ekinaldi bat egin zuten, baina bi luze irekitakoan ohartu ziren tresneria gutxi zutela zailtasun handiko sekzioak eta bideak zituen metro horiek guztiak gainditu ahal izateko. Kanpaleku nagusira jaitsi eta bigarren saio batean lortu zuten arrakasta. Lehen egunean, aipatutako bi luze horiek igo eta beste sei berri zabaldu zituzten. Eginiko bibakean muturreko hotza izan zuten, baina itxaropentsu zeuden biharamuneko lanak bukatzeko. Artesi sistema bati jarraitu, gailurreriara ematen duten sei luze sortu eta tontorra zapaldu zuten.

Rattik azaldu du, zortzimilakoetan jardun duten kideek ez bezala, garaiera handian dagoen granitozko hormatzar bat aukeratu zutela: «Altuera horretan eskalatzea ez da batere erraza, eta, gainera, eskalada teknikoan prestakuntza itzela eskatzen du. Alpinismoaren teknika guztiak ondo baino hobeto menderatu behar dira. Erronka handia izan da. Adibidez, bidearen oinarrira heltzeko aldats oso arriskutsuak gainditu genituen; erabat izoztuta zeuden eta mistoko tarteak zituzten. Bederen, balizko elur-jausiak eta beste arrisku objektibo batzuk saihestu genituen. Igo dugun hormatzarra, berriz, oso teknikoa izateaz gain, zaila da”.

Aipatu bezala, uztailaren amaieran erpin horretan sortu zuten bideari “Refrigerator Off-Width” izena eman diote. Bitxia bada ere, Rattik gehitu duenez, izen horrek zentzuzko arrazoia du: «Eskalatu genuen artesi zabal horretatik hotz ikaragarria ateratzen zen. Ez zen batere atsegina izan, besteak beste sekzio zail eta deseroso horretan arropa gehiago jantzi behar izan genuelako. Bazirudien, zazpimilako edo zortzimilako batean geundela. Hotz horrek igoeran ez zigun gehiegi molestatu; izan ere, zailtasun tekniko horietan oso kontzentratuta geunden. Baina jaitsierako rappeletan hotz horrek astindu ederra eman zigun».

Bitxia da ere hiru kideok ez zutela aurretik elkarrekin inoiz eskalatu. Gheza eta Ratti Tengkangpoche mendian izan ziren iaz, baina Baurekin lehen aldia zen soka gerrira lotzen zutela. Trango Dorreetara egin behar zuten espedizioa ezagutu bezain laster, azken alpinista horrek bat egin zuen helburuarekin.

DIEDRO BEREZIA.

Bidea aztertuta, alde guztietatik begiratuta, oso estetikoa da. Une jakin batean, goialdean, pareta tentetzen den gunean, ibilbidea desbideratu egiten da. Rattik esan du aukeratutako marra erakargarria zela: «Behetik ikusita, igotako diedroa oso agerikoa da, eta, oro har, era dotorean ematen du gailurrera. Murruaren sekzio batean, berriz, beste diedro bat ikusi genuen; hau ere oso agerikoa; honek ezkerraldera desbideratu gintuen. Jakina, zuzen hartuz gero, ibilbidea ederragoa da. Bibakean ohartu ginen tximiniaz osatutako tarte zuzen hori askoz ere zailagoa zela, eta guk ez genuen behar adina tresneria sekzio hori ondo babesteko. Aldiz, ezkerraldean dagoen artesi sistema samurragoa eta seguruagoa zen. Horrek guztiak gailurra lortzeko aukera ematen zigun».

Nahiz eta zuzen joateko bidea baztertu zuten, italiarrok lan ederra egin zuten Uli Biahoko erpinaren ekialdeko murruan. Hain zuzen ere, Rattik aipatu du hartutako erabakiak oso zuzenak izan zirela: «Garaiera horretan eskalatzea ez da batere erraza. Zailtasun teknikoez gain, konpromisoak berebiziko garrantzia du. Gu ahalegindu gara bide estetiko bat sortzen, eta uste dugu lortu dugula. Zailtasun teknikoei begiratuta, gogorra da. Hori guztia aipatu ondoren, guk azpimarra berezia egiten diogu segurtasunari. Saihestu genuen sekzio zuzen hori gogorragoa eta estetikoagoa da, baina geure burua babesteko ez zen batere egokia. Gainera, tontorra erdiesteko aukerak murritzagoak ziren. Jakin denez, han egon behar da. Alpinista guztiok sorkuntzari garrantzi handia ematen diogu, baina era berean badakigu ere segurtasunari lehentasuna eman behar diogula. Zalantzarik gabe, ekialdeko murruan egin dugun lana oso ona izan da. Bide berri eta gogor bat zabaldu dugu; uste dugu, gainera, hormatzar horretan ireki den bigarren proposamena dela».

Hirukote italiarrak Karakorumera eginiko espedizioan “Refrigerator Off-Width” izan da sortu duen bide bakarra. Hori da, bederen, bidaia horretan sinatu duten helburu nagusia. Alabaina, alpinistok Trango Dorreetan dagoen bide mitiko batean izan ziren: Izenik Gabeko Dorreko “Eternal Flame”-n. Rattik azaldu du girora egokitzeko oso egokia izateaz gain, nola edo hala probatu beharra zutela: «Berez, alemanen bide historiko horretan ez genuen asmo berezirik. Ikusi eta aklimatatzeko egokia iruditu zitzaigun. Eguraldia ez zen batere egonkorra; ekaitz bortitz batek harrapatu gintuen. Erabaki zuzenena jaistea zen. Uli Biahoko bidea sortu eta gero, oraindik egun batzuk genituen etxera itzuli aurretik. Gainera, eguraldiak egonkor jarraitzen zuen. Leok, adibidez, parapentea hartu eta hegaldi batzuk egin zituen. Alessandrok eta biok, berriz, Izenik Gabeko Dorrearen tontorra zapaldu nahi genuen. Aurreko saioan ‘Eternal Flame’-k hasieran dituen luzeak igo genituenez, ‘esloveniarren’ bidetik jarraitu eta berriro ‘Eternal Flame’-ra lotu ginen. Zorionez, geure helburua, tontorrarena, lortu genuen. Espedizioko gure azken igoera izan zen, eta erabat ase geratu ginen. Bitxikeria gisa, esan behar dut denboraz larri ibili ginela. Gailurra arratsaldeko zazpietan zapaldu genuen, eta biharamunean, goizaldeko bostetan, kanpaleku nagusitik irten beharra genuen. Esprintean egin genuen!»